Non sortu zen Azpeitiko euskalkia?

Koldo Zuazo ('Berria', 2007-12-09) 2007ko abe. 10a, 18:12
Euskalkiak non sortu eta nora hedatu ziren. Gasteizen eragin esparrua Azpeitira hedatu zen, Zuazoren arabera.

Hizkuntzaren bilakaeran izan diren berrikuntzak kontuan hartuta, euskalkien antzinasunaz eta sailkapenaz gogoeta egin zuen Koldo Zuazo EHUko irakasleak ‘Berria’-n atzo (igandea)

"Euskalkien hasieran antzinako guneetako bata mendebalean dago, Gasteizen. Haren eragin eremua Araba bertara, Bizkaira, Deba ibarrera, Errioxara eta, ahulago, Urolaldera zabaldu zen”

Euskalkien jatorriaz eta bilakaeraz

"Arnaut Oihenart historialari zuberotarrak egin zuen euskalkien lehen aurkezpena, XVII. mendean. Antzinako leinuekin lotu zituen eta, horren arabera, lau euskalki zeudela esan zuen: akitaniarrena, Iparraldean hitz egiten zena, baskoiena edo Nafarroakoa, barduliarrena edo Gipuzkoa eta Arabakoa, eta autrigoiena edo Bizkaikoa.

(…) Gerraostean, Julio Caro Barojaren liburu ezagun bitan jaso zen ikuspegi hori: *Los pueblos del norte de la Península Ibérica (1943) eta Materiales para una reconstrucción de la lengua vasca en su relación con la latina (1946)*. Oihartzun zabala eduki zuten liburu horiek eta, horrenbestean, erabat nagusitu zen euskalkiak antzinakoak ziren ustea, eta euren mugak aspaldiko leinuenekin eta elizbarrutienekin bat zetozelakoa. Azkenaldian, ostera, gainbehera egin du ikuspegi horren indarrak.

(…) Koldo Mitxelenak *Lengua común y dialectos vascos* izeneko artikulua argitaratu zuen 1981ean eta, bertan, euskalkiak uste den baino berriagoak zirela esan zuen. Arrazoi bi eman zituen horretarako:

-1) Berdintasun handia dagoela euskalkien artean, eta hori ezinezkoa izango zela euskalkiak antzinakoak balira.

-2) Berrikuntza berdin ugari dagoela euskalki guztietan, eta hori ere ezinezkoa izango zela euskalkiak aspalditik zatituta egon balira. Esate baterako, latinetik etorritako hitzak modu berean egokitu dira euskalki guztietara.

Arrazoi horietan oinarrituta, euskalkien zatiketa ziurrenera VI. mendea baino geroagokoa zela uste zuen Mitxelenak.

Euskalkiak aztertzen jardun ondoren, Mitxelenaren ikuspegia zuzena dela iruditzen zait eta bada, gainera, haren arrazoiei gehitu dakiekeen hirugarren bat: benetan bereziak diren euskalkiak bazterretakoak direla, hau da, Zuberoakoa, Erronkarikoa, Zaraitzukoa eta mendebalekoa. Erdigunekoetan gutxi eta txikiak dira aldeak. Hori ere, jakina, ez zen horrela izango euskalkiak antzinakoak balira.

(…) Behin honetaraz gero, euskalkiak noiztsukoak ote diren eta nola eta zergatik sortu ziren erakutsi beharko dugu. Esan dezagun, hasteko, gaur egungo euskalkiak bazirela XVI. menderako, ezagutzen ditugun lehen izkribuen garairako. Badirudi, beraz, Erdi Aroan barrena sortu zirela, ziurrenera, oraingo herrialdeak sortu ziren aldi berean.

Bestalde, euskararen egiturari begiratzen badiogu, oso eten esanguratsu bi daudela ikusiko dugu, eta hori ere agerian dago XVI. menderako. Eten horietako batak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako euskara Nafarroakotik eta Iparraldekotik bereizten du eta bigarrenak, berriz, Iparraldekoa Hegoaldekotik. Baliteke Nafarroako Erresumaren haustura egotea horren azpian. Une hartatik aurrera, hain zuzen, Lapurdik eta Zuberoak, bereziki, Pirinio mendiez bestaldeko herriekin estutu zituzten hartu-emanak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, berriz, Gaztelako Erresumarekin batu ziren.

(…) Ez zait iruditzen mendietan dagoenik euskalkien hasiera, hiriguneetan baizik. Bost gune ikusten ditut nik; antzinakoak dira horietako bi eta oraintsuagokoak gainerako hirurak.

Antzinako guneetako bata Nafarroan agertzen da; ziurrrenera bertako hiri nagusian: Iruñean. Bigarrena, berriz, mendebalean; hori ere ziurrenera bertako hiri nagusian: Gasteizen. Iruñearen eragin eremuak, Nafarroaz gainera, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa gehiena eta, ahulago, Arabako ekialdea hartu zuela ematen du. Gasteizen eragin eremua, berriz, Araba bertara, Bizkaira, Deba ibarrera, Errioxara eta, ahulago, Urolaldera, Goierrira eta Nafarroako mendebaleko hiru ibarretara —Burunda, Ameskoak eta Lana— hedatu zen.

(…) Mendebaleko euskararen eremua ikusita, garbi dago sorgunea Gasteizen izan behar zela. Bizkaian balego, zaila gertatuko zen haren oihartzuna Nafarroaraino heltzea. Goierrira heldu izana ere hobeto ulertzen da Gasteiztik abiatuta. Ez dezagun ahaztu Goierritik —San Adriango haitzuloan barrena— zihoala Araba itsasoarekin lotzen zuen bideetako bat.

(…) 1960az gero gutxi gorabehera, euskalkiak batasun bidean agertzen dira, baina aldi berean, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskarak gero eta desberdinagoak egiten ari dira. Jakina, mugaren alde bakoitzean ofizialak diren erdara biak dira horren arrazoia.

(…) Bost euskalki azaltzen dira une honetan:

-a) Mendebalekoa, Bizkaian, Deba ibarrean eta Arabako Aramaion bizirik iraun duena.

-b) Erdialdekoa, Gipuzkoa gehienean hitz egiten dena eta Nafarroako Araitz, Larraun, Basaburua eta Imotz ibarretan zabalduz doana.

-c) Nafarra.

-d) Nafar-lapurtarra, herrialde bi horietan ez ezik, Zuberoako ipar-mendebalean eta Nafarroako Luzaiden ere egiten dena.

-e) Zuberotarra, administrazioz Biarnokoa den Eskiulan ere mintzatzen dena".