18/98ko auziperatuen alde, ostegunean ordubeteko lanuztera deitu dute

Uztarria.eus 2007ko abe. 11a, 13:12
Atzo Aitonenan eskaini zuten prentsaurrekoa.

18/98 epaiketa "Euskal Herri osoaren kontrakoa" dela argudiatu dute eta hori salatzeko mobilizazioak deitu dituzte

Ostegunean 12:00etatik 13:00etara deitu dute lanuztea; 19:30ean manifestazioa egingo dute plazatik abiatuta

18/98 sumarioko auzipetuek eta Euskal Herriko eragile desberdinek mobilizazioak deitu dituzte datorren abenduaren 13, ostegunerako. "Euskal Herri osoaren kontrako" 18/98 auzia salatzeko ostegunean 12:00etatik 13:00etara lanuztera deitu dute. Arratsaldean, berriz, 19:30ean manifestazioa egingo dute plazatik abiatuta.

Espainiak eta Frantziak Euskal Herriaren kontra antolatuta daukaten gerra estrategia 18/98 auziak laburbiltzen duela argudiatu dute. "Ehunka atxiloketa, hedabideak itxita, antolakundeak ilegalizatuta, torturak, kartzela, heriotza eta hilketak. Hori da auzi honek eskaintzen digun balantzearen irudia", azaldu dute.

Epaia "Euskal Herri osoaren kontrakoa" dela esan dute auzipetuek eta eragileek. "Euskal Herriaren borroka epaitu nahi zuen Espainiak eta hori da zigortu dutena. Euskal Herriaren independentziaren aldeko borrokalariak eraman dizkigute beste behin ere". Auzipetuek eta eragileek azaldu dutenez, "errepresioa eta gerra" dira Euskal Herria desagerrarazteko Espainia eta Frantziak darabilten "edabe majikoaren" osagaiak eta beraien "patria/patrie proiektu horiekiko menpekotasuna eta integrazioa" edo, beste era batera esanda, "gerra eta sufrimendua" bilatu nahi dituztela diote.

"Burgosko prozesuarekin antzekotasuna"

Auzi honek Francoren Espainiak burutu zuen Burgosko prozesuaren antz handia duela azaldu dute. "Azken finean, helburu berbera izan dute: Euskal Herriaren independentziaren aldeko borroka geldiaraztea".

Bidean, Frantziak eta Espainiak "hainbat erkide" liluratzea lortu dutela adierazi dute. "1977an, Txibertan, EAJk Euskal Herriaren eskubideen aldeko bideari uko egin, bide hori trabatu eta Espainian integratzeari ekin zion". Ordutik 30 urte igaro dira eta "EAJ iruzur berri baterako bidea prestatzen" ari dela salatu dute. "Espainiaren menpe jarraitzea eta Espainian erabateko integrazioa ahalbideratzea da, egun, PNV-PSOE bikotea prestatzen ari den iruzur berria. Duela 30 urte ezetz esan genion eta gaur ezetz diogu berriro ere. Ez dugu iruzur berririk onartuko" adierazi dute.

"Borroka garaia da"

"Zutik eta tinko", askatasunaren aldeko borrokari heldu eta aurrera egiteko prest daudela diote auzipetu eta eragileek. "Gure erabakiak onartuak izan daitezen, inolako eskuartze eta inposiziorik gabe, denon artean lortu behar dugu eta lortuko dugu. Borroka garaia da. Euskal Herriaren ordua da".

Herritar guztiei dei egin diete ostegunean egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.