Benantxio Irureta: "Orain dela 25 urte ere abuztuaren 21ean igo genuen Huascaran, egun berdinean"

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 12a, 11:12
Benantxio Irureta.

Abuztuan, Peruko Andeetan egindako mendiez eta bidaiaz jardungo du Iruretak gaur, asteazkena, Mendi Astean

Ikus-entzunezko hitzaldia Enparan Dorretxean eskainiko du, 20:30ean

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Mendi Astearen baitan Benantxio Irureta (Aizarna, 1953) mendizaleak ikus-entzunezko hitzaldia emango du gaur (abenduak 12, asteazkena) Enparan Dorretxean, 20:30ean. Abuztuan Peruko Andeetara egindako bidaiaz jardungo du Iruretak.

Peruko Andeak da saioaren izenburua. Zertaz ariko zara?

Abuztuan, Perura zortzi laguneko taldea joan ginen hilabete pasatzera, gehienak Azpeitia ingurukoak. Gu mendizaleak garenez, helburua hango mendi handiena igotzea genuen: Huascaran (6.768 metro). Plan hori orain dela bi urte egin genuen, Nepalen izan ginenean. Orduan treking bat egin genuen eta 5.000 metroko mendietan ibili ginen, Pumoriko oinarrizko kanpamenduan, Everestekoaren inguruan... 5.000 metro inguruan oso gustura ibili ginen eta hurrengorako helburu bezala 6.000 metroko mendi bat igotzea jarri genuen. Lurraldez aldatu eta Perura joatea erabaki genuen, Huascaranera. Denak ere mendian esperientzia dugunak joan ginen abuztuan.

Zuk lehenagotik Andeak ezagutzen al zenituen?

Bai, kasualitatez orain dela 25 urte izan nintzen Andeetan. Orain dela 25 urte ere abuztuaren 21ean igo genuen Huascaran eta aurten ere egun berdinean igo dugu, 25 urteko aldearekin baina halaxe izan da.

Aldatuta aurkitu al duzu?

Mendia bera da gehien aldatu dena. Lehen baino elur gutxiagorekin aurkitu dut; mendia dena zatituta dago, eten handiekin-eta. Bestela, gainontzean, Peruko bizimodua ez da asko aldatu. Klima aldaketagatik elurra gutxitzen ari dela uste dut eta mendia egoera arriskutsuan dago. Orduan baino okerrago dago orain eta lehen baino arrisku gehiago dauka.

25 urte eta gero nolako esperientzia izan da aurtengoa?

Polita izan da. Ni oso gustura itzuli naiz eta lagun koadrila ona joan gara. Gure artean batere arazorik ez dugu eduki eta oso ondo moldatu gara. Gustura ibili gara.

Gaurko proiekzioa abuztuan izandako esperientziaren laburpena izango da, ezta?

Denera 4.000 argazkitik gora atera genituen denon artean, horregatik 500 bat aukeratu eta ordubeteko saio bat emateko asmoa dugu gaur. Huascaran igo aurretik zazpi eguneko ibilaldi bat egin genuen altuerara moldatzekom eta horren ondoren, beste hiru mendi igo genituen 5.000 metrokoak. Gero, pixka bat deskantsatu eta Huascaranera joan ginen. Bertan sei-zazpi egun pasatu eta lau bat egun gelditu zitzaizkigun libre, atseden hartu edota turismoa egiteko.

Oraingo honetan ere beste asmoren batekin itzuli al zarete herrira?

Guk buruan asmo asko ibiltzen dugu, baina bakoitzak bere arazoak izaten ditu: laneko baimena, dirua... Ni neu datorren urterako irteeratxo bat prestatzen ari naiz. Berriz ere Nepal aldera joateko asmoa dut.