Artxibatu egin dute adingabeko neska batek sexu abusuak jaso izanari buruzko auzia

Berria.info | Gizartea | Artikulua
2007-12-18 12:12

Ustezko erasoa joan den maiatzean gertatu zen Azpeitian, eta neskaren hiru ikaskide inputatu zituzten

Gipuzkoako Auzitegiak dio salaketa ez dagoela "behar bezala justifikatua"

Joan den maiatzean Zestoako (Gipuzkoa) hamalau urteko neska bati sexu abusuak eragitea leporatuta, Azpeitiko (Gipuzkoa) adingabeko hiru mutil inputatu egin zituzten, baina Gipuzkoako Auzitegiak auzia artxibatu egin duela jakinarazi du gaur (asteartea), akusazioa "behar bezala justifikatua ez dagoelako eta ezin izan delako frogatu haiek neskari sexu abusua egin izana. Sexu harremanak izan bazituzten, ez ziren behartutakoak izan, parteen artean ondo ikusitakoak baizik".

Neska haren gurasoek maiatzean salaketa jarri zuten Azpeitiko epaitegian alabaren hiru ikaskideren aurka. Ustezko erasoa maiatzaren 18an gertatu zen Azpeitian bertan, gazteek erabiltzen duten lokal batean. Ertzaintzak hiru ustezko erasotzaileak identifikatu eta inputatu egin zituen, "askatasun sexualaren aurkako delitua" egotzita.

Fiskaltzak ondoren auziaren artxiboa eskatu zuen. Haren ustez, neska lokal hartara ez zen joan "behartuta", sendiak salatu zuen bezala, "baizik eta lagun giroan". Akusatuen eta lekukoen adierazpenetan oinarritu zen Fiskaltza hori esateko. "Libre eta bere kabuz joan zen neska lokalera, eta kanpoan zeuden lagunek ez zuten barrutik laguntza oihurik entzun. Neskaren ahizpa bat barrura sartu zenean ere, hark ez zion laguntzarik eskatu".

Euskal Institutuaren Legezko Medikuntzaren txostenean ere oinarritu zen Fiskaltza. Haren arabera, neskak ez zeukan lesioen aztarnarik, "eta, beraz, zalantza handiak sortzen dituzte bultzakadak jaso izanaren eta bortxaketaren salaketek".

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Ander | 2007-12-18 : 13:12

Erasotzaileak izango dira gainera biktimak. Animoak neska eta bere familiari. Beste familia bat gehiago justizian sinestuko ez duena.

Erabiltzailearen aurpegia jaione | 2007-12-18 : 14:12

Neuk ere elkartasun osoa eman nahi nioke neska honi eta bere ingurukoei. Arrazoi duzu, Ander, justizian sinistuko ez dutenen zerrenda haundituz doa, eta gainera beti ez bada, gehienetan, zerrenda horretara ahulanak(botere edo diru gabekoak) apuntatzen diren susmoa daukat.

Erabiltzailearen aurpegia izaskun | 2007-12-18 : 15:12

ze erraz hitzegiten duten batzuek! eraso sexualen gaia larriegia da kasuak ezagutu eta zuzeneko informazioa eskuartean izan gabe edozer esatera ausartzeko. Ze erraza den ustezko biktimaren alde egitea eta ustezko erasotzaileei bizitza garraztea. Gogoratzen dut kasu honen inguruan uztarrian agertu zen eskutitz luze bat, familia oso batek idatzitakoa...Ez al dute ezer esan behar orain?

Erabiltzailearen aurpegia Ander | 2007-12-18 : 16:12

Bai bai izaskun. Eta neska hori biharamunean bere ikaskide "aingeru" horiek ikusitakoan, zergatik hasi zen ba negarrez? Gaur erotiko sexualaz gozatu zuelako? Nola esan dezakezu "ustezko biktima"?? Neskak gozatu egin zuela esatea bakarrik falta zitzaion epaileari!!!

Erabiltzailearen aurpegia hortxe | 2007-12-18 : 17:12

Kasu hontan kalean entzundako zurrumurruek demostratu dena baño balio gehiago al du?
Milaka zurrumurru entzun dira hortik zehar, hirurek bortxatu zutela, gero bat bakarrik izan zela eta beste biek lagundu, labana batez meatxatu zutela, ez zutela behartu eta bere gogoz eduki zituela neska horrek harremanak...
Ezinezkoa da zer gertatu den garbi jakitea, hori beraiek bakarrik dakite.

Erabiltzailearen aurpegia jaione | 2007-12-19 : 08:12

Izan ere oso erraz hitzegiten dugu urruti gertatzen diren injustizietaz. Erraz hitzegiten dugu, emaztea hil duen kabroiaz Sevillan bada, gizona herrikoa bada...Erraz hitzegiten dugu dokumentaletan Asiara bidean erakusten dizkiguten turista-pederasta europearrez, orain turistaren ordez apaiza eta bailarakoa edo ingurukoa bada... Oso erraz ere sahararrek, kurduek eta ez dakit zenbat herrik, herri bezala jasaten dituzten zapalketetaz, ezin dira onartu han jasotzen dituzten tortura eta gizaeskubideen zapalketak! Hemen gertatzen denean berriz gauzak buelta harrigarri bat ematen du...
Esan nahi dudana da, oso erraz jarduten dugula, informazio erdia edukita ere gu ikutzen ez gaituzten gauzetaz. Gerturatzen doazen heinean, biktima, erasotzailea ezagun izan ditzakegu, edo lagun edo senide. Baina erasotzailea beti izango da erasotzaile eta biktima, biktima. Hor ez dago bueltarik.
Eta Izaskun, hemen uste dut inoren bizitza izorratu badute neska honena izan dela

Erabiltzailearen aurpegia hortxe | 2007-12-19 : 11:12

Jaione, barkatu baina, ezin da hain erraz hitzegin, ez zuk eta ez nik ez dakigu zer gertatu den.
Epaileak dio ez dagoela bortxatua izan denaren frogarik, beraz zergatik aurkakoa baieztatu, ez dut esaten ez zutenik bortxatu neska hori, bakarrik ez dagoela frogarik, eta ustezko erasotzaileek ere aurkakoa diote, hau da, ez zutela inor behartu nahi ez zuten ezer egitera, neure eritzia nahi baduzu, oso zaila egiten zait 3 pertsonek era horretan neska bat bortxatu izana, agian ez zen neskaren gogoz kontra izan...baina hau nere eritzia besterik ez da.

Erabiltzailearen aurpegia Osky | 2007-12-19 : 16:12

"In dubio pro reo". Duda existitzen bada, epaituaren alde egiten da. Epaileak erabaki hau hartu badu, ez daudelako froga garbirik. Zalantza handiak izan behar ditu bai, zeren gaur egun justizia gogor hari bait da joka horrelako gaietan.

Erabiltzailearen aurpegia jon | 2007-12-19 : 17:12

guztiz bat aurreko iritziarekin. Epaileak neurri hau hartzeko eta gainera horrelako gai batean, ez du frogarik egon behar epaituen aurka. Bestela guztiz ezinezkoa litzateke epai hau. Eta testiguen deklarazioek bertan egonda esaterako ez badituzte errudun bezela jotzen...Oso gai nahastua izan da haseratik eta uste dut hala geratuko dela

Erabiltzailearen aurpegia Leire | 2007-12-19 : 17:12

Gai hau oso gogorra da, batik bat 14-15 urteko neska mutiletaz hitz egiten ari garelako. Ni eraso sexualen guztiz kontra nago eta edozein lekutan adieraziko nuke manifestu hau. Baina kasu honetan bestelakoa gertatu da. Mutilei eman diete arrazoia, eta nire ustez, neskari arrazoia eman bazioten sinestuko genukeen bezala orain ere ala egin behar da. Nahiz eta askotan zaila den justizian konfidantza jartzea, informe mediku bat ere bada guztiz ezeztatze duena, eta ingurukoen testigantzak ere bai.
Bestalde mutil hauei eta beren familiei egin zaien kaltea ezin da neurtu, eta garai hartan beraien iritzia lau haizetara zabaldu zutenak, orain ere badute ze esanik.
Neskak ere kaltetua irten du guzti honetatik, baina jendeak duda duenez beti ondo hartuko dute. Mutilak berriz dudaren alde txarrean kokatzen dira, eta hau oso zaila da konpontzea.
Zigortu ditzagun benetako errudunak eta ez ustezkoak!

Erabiltzailearen aurpegia maialen | 2007-12-19 : 19:12

justiziari koso egin beharko diogu ez da ?, nahiko nuke famili horrek idatzitakoaz zerozer esatea, zer justiziaz ako ulurtzen dute ezta?.

Erabiltzailearen aurpegia Plaxentxi | 2007-12-19 : 19:12

Hasteko ta bein nere animoak eman nai nizkieke bai neskari eta bere familiari eta baita hiru mutilei eta euren familiei ere. Izan ere denak ikusten ditut biktima. Gizarte matxista eta mediatizatu honen biktima, beharrezko hezkuntza sexualaren gabeziaren biktima. 14 urterekin beren sexualitatearen hastapenean, denok dakigu edade hortan izaten den egonezina, jakin nahia, egin nahia....jakin ere garai hortako esperientziak ez direla egokienak izaten baina ikasteko balio izaten dute. lehen ere pasatu izan dira antzeko kasuak Azpeitian (ez tago hemen batzuk zinikoki esan duten bezala Ameriketara begiratu beharrik)edade horretako gazteekin hain zuzen.Baiña kasu honetan gertatu dena lotsagarria da. 14 urteko lau gazteren arteko sexu saiakerak biolazio bat bezala saldu dizkigute(gainera sentzasionalismo metodo guztiak erabiliaz , hirurek bortxatu zutela , labanaren asmakera.. edozer esatea libre)eta gaiñera haun aurkako inkizisio bat martxan jartzera ere ausartu zen familia bat gutun baten bidez. Emakumeen aurkako erasoak hain larriak diren honetan ez zuten iñongo lotsarik izan beren familiaren protagonismorako gai hau erabiltzeko.Ez du merezi erabili zituzten argumentuak aipatu ere egiterik, patetikoa. Galdera bat idatzi zuenari.
Hezkuntzaren antieredu den gutun hori aterako al tzenukete hau dena Ikasberrin gertatu balitz???
Ziurt nago ezetz

Erabiltzailearen aurpegia Patxi | 2007-12-20 : 10:12

Non eta hemen… Niri juezak zer dion bost axola zait. Nahiago ezer esango ez balute, isilik alde egingo balute hemendik. Ahorik zabalduko ez balute gehiago. Egiaren jabe bakar eta ahaltsu bezala saltzen dizkigute, baina errealitatea interes batzuen arabera ezkutatzeko herraminta soil bihurtuak daude. Mesedez, ez dut jakin ere egin nahi juezek zer dioten, eta oraindik gutxiago gai mingarri honetaz. Jakin nahi izan duenak badaki gauzak nola joan diren, bai eta gauzak ezkutatzeko egon den interesa eta egin den ahalegina batzuen eskutik, orduko alkatearengandik hasi eta zenbait komunikabideetaraino, eta ez naiz ari Diarioz, enfin. Ezer ez dagoenean lekuan ez da ezkutatzeko ahaleginik egiten. Beste batzuk ausardia gehiago erakutsi zuten: http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=p... .

Erabiltzailearen aurpegia Plaxentxi | 2007-12-20 : 17:12

Patxi zuk ausartzat jo duzun kazetari honek idatzitakoak ez du galbiderik, lehenengo esaldian ikusi daiteke zenbat balio duen kazetari objetibo bezala, batere ez, HUTSA alegia
"Oraintsu, Urola aldeko herri inaziotar batean, adingabeko hiru lagunek ikaskide bat bortxatu dute."
Ezer jakin gabe bortxaketa kasu kontsumatutzat jotzen du, benetan bera denuntziatzeko modukoa

Erabiltzailearen aurpegia sugar | 2007-12-20 : 21:12

Asko eta ondo-luze hitz egin da jazoera honi buruz Azpeitian eta inguruko herrietan ere. Aurrekoen idei askorekin bat nator, baina hauek errepikatzeari heldu beharrean berri batzuk sartu nahiko nituzke:
- Eraso bat eraso bat da, eta ez dago inor kolpez jo beharrik ezta hiltzearekin mehatxatu beharrik ere. Hiru mutilen jazarpenak sor dezakeen beldurra nahikoa da guztiz blokeatuta sentitu eta garraxi egiteko gai ere ez izateko.
- Kasua artxibatu bada frogarik ez dagoelako da eta ez ez delako ezer gertatu. Bortxaketa kasu gehienetan gertatzen den arazo handienetako bat da: frogatzea oso zaila dela.
- Orain GARRANTZITSUENA ez da arrazoia nork duen eta nor den errugabea erabakitzea. GEHIAGO GERTA EZ DADIN guztiok zer egingo dugun pentsatzea baizik.
Lan ugari dugu egiteko alde danetatik, bakoitzak zer egin dezakegun aztertu beharko genuke.

Erabiltzailearen aurpegia didekar2 | 2007-12-24 : 11:12

denak errudun gara errudun garela frogatzen ez bada...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa