Eñaut Aranbarrik belaunean min hartu du eta lesio larria delakoan dago

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 20a, 18:02
Eñaut Aranbarri Lan Mobel Iraurgiko jokalaria.

Oraindik erresonatziaren emaitzak ez ditu jaso

Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldean jokatzen ari direnen artean azpeitiar bakarra da

EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldeko Eñaut Aranbarri jokalari azpeitiarrak belaunean min hartu du. "Oraindik erresonantziaren emaitzak ez ditut jaso, baina lesio larria dela ematen du", adierazi du jokalariak. Atzo egin zuen erresonantzia eta gaur jasoko ditu emaitzak.

Etsita dago, izan ere "denboraldi honetan ez dut uste gehiago jokatzerik izango dudanik". Hala ere, animo aldetik "ondo" dago, "saskibaloian-eta aritzen garenok badakigu horrelako arriskuak ditugula". Orain diagnostikoa jaso eta «horri aurre egiteko» gogoarekin dago.

Larunbatean, Lan Mobel ISBk Rhino's Xiriaren aurka jokatu eta irabazi egin zuen, 78-60. «Hamar puntuko aldearekin irabazi behar genion Xiriari, hiru minutu falta ziren partida bukatzeko eta alde handiarekin aurretik gindoazen. Saskiratze baterako sarrera egin eta belaunak huts egin zidan", halaxe kontatzen du Aranbarrik nola hartu zuen min.

Belaunak "krakatekoa"

Mina hartu orduko antzeman omen zuen lesio larria egin zuela: "Neuk inoiz ez dut izan era honetako lesiorik, baina belaunak atera zidan krakatekoarekin zerbait larria egin nuela antzeman nuen". Lotailu gurutzatua izan orduko odol-isuria izaten dela dio; "nik min hartu eta berehala ez nuen odol-isuririk izan belaunean. Astelehenean, berriz, Federazioko medikuarengana joan nintzen eta hark nahiko seguru lotailu-gurutzatua izango nuela esan eta odol piloa atera zidan belaunetik". Lesioak itxura onik ez duela dio, "belaunean hainbat tokitan" hartzen baitu min.

Behin horrelako lesio bat gertatuta onartu beste erremediorik ez dagoela dio Aranbarrik: "Badakigu zertan gabiltzan eta lesioren bat gertatzeko arriskua daukagula".

Partidak aulkitik

Denboraldi honetan berriro ezingo duela jokatu uste du Aranbarrik. "Partidak aulkitik ikusi beharko ditudala uste dut. Baina gero errehabilitazioa egiteko taldekideekin-eta Kiroldegian aritzeko aukera izango dut".

Berak jokatzerik ezin badu ere, taldean bere hutsune handirik ez dutela sumatuko uste du: "Nahiko talde dagoela uste dut. Bat-bateko gertaerei aurre egiteko moduko taldea dugu denboraldi honetan; Lan Mobel Iraurgi talde osoa da. Ez dut uste nire hutsunea asko antzemango dutenik, lehen gutxiago jokatzen zutenek gehiago jokatuko dute orain, eta gainera Iraurgik play off-a jokatzeko aukera baduela uste dut".

Jokalari azpeitiar bakarra

Lan Mobel Iraurgiko jokalarien artean azpeitiar bakarra da Eñaut Aranbarri (Azpeitia, 1979). 1,92 metro neurtzen ditu eta hegala da. 13-14 urterekin hasi zen Iraurgi Saskibaloi Elkarteko beheko mailetan jokatzen. 16 urte zituela Ameriketako Estatu Batuetara joatea erabaki zuen, saskibaloian jokatzera eta han ikasketekin jarraitzera. Zortzi urte AEBn pasatu eta 2002an Azpeitira itzuli zen. Hilabete batzuetan jokatu gabe egon eta gero, hiru hilabetez Iraurgin jokatu zuen. Ondoren, Atletico San Sebastian taldearekin egin zuen fitxa, eta 2003tik 2006ra arte han jokatu zuen. Lan Mobel Iraurgirekin 2006ko uztailetik ari da jokatzen.