Bidegoian eta Errezil arteko errepidea berritzea erabaki dute

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 21a, 10:02

GI-2634 errepideko bide zorua berrituko dute 11 kilometroko tarte batean, Bidegoianen eta Errezilen

Lehiaketan aukeratutako enpresak 3 hilabetean eta 368.961,18 euroko aurrekontuarekin burutu beharko ditu lanak

Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosa- Elgoibar (GI-2634) errepidearen bide zorua berritzea erabaki du, Bidegoian eta Errezil lotzen dituen bidean 11 kilometroko tarte batean.

Hala, GI-2634 errepidean, 8.405 (Bidegoian) eta 19.935 (Errezil) kilometro puntuen arteko zatian bide zoruaren egitura birgaitzeko lanak lehiaketara aterako dituzte.

.3 hilabete eta 368.961,18 euro

Lehiaketan aukeratutako enpresak 3 hilabeteko epean amaitu beharko ditu lanak eta 368.961,18 euroko aurrekontua izango du horretarako. Lan hauen helburua zoladuraren gainazaleko ezaugarriak berritzea eta hobetzea da. Horretaz gain, prebentzio neurri batzuk hartzea erabaki du Udalak. Besteak beste, zoruari lodiera handituko diote geruza berriak zabalduz, zorua hausten hasi baino lehen.