Joxe Mari Elosua: "Egoera alarma gorri denak pizteko modukoa da"

Uztarria.eus 2008ko ots. 21a, 14:02
Goiko argazkian, Eneko Etxeberria (ezkerrean) eta Joxe Mari Elosua (eskubian) hitzaldian. Behekoan, Aitonenako aretoa herritarrez beteta.

Egunkaria itxi zutela bost urte bete ziren atzo (asteazkena), eta auziko abokatuak hitzaldia eman zuen Azpeitian, Uztarriaren Kulturaldian

"Guardia Zibilak eskatu zion epaileari Egunkaria ixteko, eta honek baimena eman zion. Hori arau penal eta prozesal oinarrizkoenak urratzea da"

"Egoera alarma gorri denak pizteko modukoa da eta elkartasuna harri azpian ere bilatu beharrean gaude". Horrekin bukatu zuen atzo (asteazkena, otsailak 20) Joxe Mari Elosua Egunkaria auziko abokatuak Aitonena I-en emandako hitzaldia. Uztarriaren Kulturaldiko bigarren ekitaldia izan zen, eta bete egin zen aretoa.

Atzo bertan bete ziren bost urte Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz Guardia Zibilak Egunkaria itxi eta hamar lagun atxilotu zituenetik —urte bereko urrian bigarren operazioa egin zuten—. Gertaera horien harira, atzo ehunka lagun bildu ziren Andoainen Egunkaria libre! lelopean, gertaera hura salatzeko. Andoaingoaz gain, herriz herri Euskal Herri osoan egin zituzten ekimenak atzoko egunez. Azpeitian, Uztarria Kultur Koordinakundeak antolatuta, Elosuaren hitzaldia izan zen.

Elosuaren hitzetan, "Guardia Zibilak gidatutako" operazioa izan da prozesu hau. 2001eko ekainera jo zuen Elosuak auziaren nondik norakoak azaltzeko. "Urte horretan abiatu zen euskalgintzako 25 enpresen kontrako ikerketa. ETArekin kolaboratzen zutela frogatu nahi zuten ikerketaren bidez". Poliziak gertaera hori ondorioztatzeko ez zuen frogarik topatu eta 2002ko urrian epaileari txosten berria igorri ziotela azaldu zuen abokatuak. "Egunkaria ETAren tresnatzat jo zuten eta 2003ko otsailean atxiloketak, ikerketak eta Egunkaria bera ixteko baimena eskatu zion Guardia Zibilak epaileari".

Elosuaren arabera, hori arau penal eta prozesal oinarrizkoenak urratzea da, "Guardia Zibilak ez duelako hori egiteko legitimaziorik". Epaileak, bere aldetik, baimena eman zion Guardia Zibilari atxiloketak, Egunkaria-ren itxiera eta erregistroak egin ahal izateko.

Eskubide "urraketa" ugari

Gertaera horiez gain, "auziak giza eskubide ugariren urraketak" eragin dituela salatu zuen Elosuak. "Azkenaldian Euskal Herrian Auzitegi Nazionalak aurrera eraman dituen ia prozedura denen lehenengo berria atxiloketek eman dute eta, Espainiako Konstituzioaren 17. artikuluaren arabera, atxiloketa neurri ezohikoa da eta pertsonari ahal den gutxien kaltetuko dionean bakarrik egingo da".

Bestetik, Poliziak prozesu guztian burututako erregistroez aritu zen abokatua. "Erregistroak ez zituzten egin Egunkaria-k ETArekin harremanik zuen zantzua bilatzeko. Erregistroak, harrapatu zuten guztia eramateko baliatu zituzten". Horrez gain, guardia zibilak atxilotuei aplikatutako "tortura" salatu zuen.

"Azken batean, zigorra aurreratzeko atxilotu zituzten; atxilotu, inkomunikatu, kartzelara sartu eta, gainera, torturatu. Epaileak-eta bazekiten auzipetu hauek ihes egiteko arriskurik ez zegoela eta ikerketa ere ez zutela eragotziko".

Epaitegi eta lege interpretatzaile "bereziak"

Ildo beretik, "epaitegia ere berezia" dela esan zuen Elosuak. "Auzitegi Nazionala bereziki terrorismoa deitzen dioten hori epaitzeko sortu da. Hala, legea berezia eta lege interpretatzaileak ere bereziak dira, propio horretarako sortuak". Hor ere "eskubide urraketa argia" egiten da haren hitzetan: "Epaile neutralerako eskubiderik gabe gelditzen da subjektua".

Defentsaren ahulezi egoera ere nabarmendu zuen, "sumarioa sekretupean egon delako urteetan". "Ezin izan dugu ezer egin, ez dugu izan aukerarik defentsarako, eta akusatzaileak gurekiko abantaila izan du".

Epaiketaren zain

Orain, epaiketaren zain daude ‘Egunkaria auzian’ inputatu dituzten auzipetuak. Bi auzi dira —nagusia eta ekonomikoa—, eta hamabi dira inputatuak eta, denera, 280 urteko espetxe zigorra eta milaka euroko isuna eskatzen diete. Elosuak "elkartasuna" eskatu zien atzo hitzaldira agertu ziren herritarrei. Auziak orain bost urte izan zuen adinako erantzuna eta oihartzuna "beharrezkoak" direla aditzera eman zuen.

Elosuarena izan da Uztarriak —hasieran Baite Euskara Elkarteak— antolatutako 25. euskara hitzaldia.

Informazio gehiago
- www.egunkaria.info
- Egunkaria: erantzuna Azpeitian