Herri euskalduna

IƱaki Martinez (Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz) 2008ko ots. 23a, 12:02

Hainbatetan identifikatu eta salatu ditugu Euskal Herrian euskaraz bizitzeko debekuaren arrazoi eta ondorioak, baita horren erantzuleak ere. Haserre kalera irten dugu. Herritarrokin euskararen egoeraz eta eskubide urraketaz hitz egin dugu, sinadura, konpromisoa eta lankidetza eskatuz.

Baina salaketatik haratago, euskararen normalizazioan eragiten duten erakundeei eta eragileei proposamenak egitea ere gure egitekoa da. Egindakoa egin, euskararen normalizazioaren eta ofizialtasunaren bidean urratsak eman ditugu denon artean, baina ez dugu dudarik asko dugula egiteko.

Euskal Herrian, hiru ikasletik bi eskolak ez ditu euskalduntzen. Hori salatzeko, 107.768 sinadura bildu eta erantzuleei bideratu genizkien, baina instituzioetatik neurririk hartzeko asmorik ez dugu aurreikusten. Euskal Herrian eskolak euskalduna izan behar du, euskal herritarrak heziko dituena. Euskal eskola irabazteko dugu!

Euskal Herria euskalduntzeko giltza denon esku dago, baina euskaldunok behar eta nahi dugunari irtenbidea ematea instituzioen ardura da. Azpeitiko euskalgintzak, Udalak eta erakundeok geuregan dugu Euskal Herria euskalduntzearen bidean eman behar diren urratsen erantzukizuna. Hizkuntza urraketak hor ditugu: anbulatorioan, epaitegian... eta gainditzeko eskuartean ditugun baldintzak txukunak direla uste dugu: herri euskalduna da gurea, gehiengoak euskaraz bizitzea nahi du, eragileek nahi dute horretan bidelagun izan, Udalak Euskara Mahai zabala eta parte-hartzailea sortu eta abian jarri du... eta, gainera, hor orain gutxi harturiko erabaki azpimarragarria: Azpeitia UEMAn sartzea. Horrek onurak besterik ez dizkigula ekarriko argi dugu.

Inoiz baino baldintza eta tresna hobeak ditugu, baita asmoak eta lanerako gogoa ere. Ezinbestekoa dugu lanean jarraitzea. Iaz, Azpeitian egin genuen Hizkuntz Eskubideen Eguna. Apirilaren 6an Atarrabian ospatuko da. Bakoitzak bere herrian gauzak eraldatzeko lanean jarraitu behar dugu, Euskal Herria guztion artean euskaldundu dezagun. Horregatik Atarrabian, euskaldun guztion eskubideak aldarrikatuko ditugu. Testuinguru horretan kokatu behar dugu, martxoaren 1ean, Ziburun Herriz herri Euskal Herria euskalduna eraiki! lelopean egingo dugun manifestazioa ere. Lanerako amorratzen gaudelako, euskaraz bizi nahi dugulako, Euskal Herria euskalduna eraiki behar dugulako!