Iaz toreatzaileek egindako lana hartu dute kontuan aurtengoak aukeratzerakoan

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 20a, 11:06
Goiko argazkian, Azpeitiko Zezenzale Batzordekoak eta Udaleko Festa Batzordeburu Mikel Ibarzabal (ezkerretik bigarrena) atzo, osteguna, Donostian, zezenketen aurkezpena. Behekoa argazkian, Mikel Arranz, aurtengo kartelaren egilea.

Azpeitiko Zezenzale Batzordekoen esanetan, "sasoi betean dauden toreatzaileak" ekarriko dituzte

Ganadutegien artean Palhak eta Ana Romerok errepikatuko dute; eta Ventorrillo lehen aldiz etorriko da

Aurtengo saninazioetako zezenketetako kartela osatzeko hainbat puntu hartu dute kontuan Azpeitiko Zezenzale Batzordekoek eta, batik bat, "iazko zezenketetan arrakasta izan dutenekiko esker ona" azaldu nahi izan dute. Hori dela eta, hainbat ezpatari eta ganadutegi aurten berriz etorriko dira Azpeitiko zezen-plazara. Ez hori bakarrik ordea, "gaur egungo zezen munduan sasoi betean dauden toreatzaileak" ere ekarriko dituzte, beti ere "noski, toreatzaile horiek eta kontratatutako ganadutegiak uztartzeko aukera baldin badago".

Azpeitiko zezen-plazan errepikatuko duten toreatzaileak hauek dira: Alejandro Talavante, Antonio Ferrera, Javier Valverde, El Cid, Manzanares, Pepin Liria eta Sanchez Vara. "Azken honek, iaz ausardia erakutsi zuen Azpeitian, Palha ganadutegiko zezen batek adarra sartu ondoren, muleta hartu eta bere hartan jarraitu baitzuen lana bukatu arte". El Cid ere ohikoa da saninazioetako zezenketetan; gainera, "denboraldi ona" egiten ari dela zioten zezenzaleek. Pepin Liriak aurten du toreatzaile bezala azken denboraldia, eta Azpeitiko Zezenzale Batzordeak eta "zezenzaleek dioten maitasunagatik", saninazioetako zezenketetan parte hartzeko aukera eman diote, "era horretan Azpeitiko zezenzaleak agurtzeko aukera emanez".

Baina, Azpeitiko zezen-plazan errepikatuko duten toreatzaileez gainera, estreinakoz etorriko diren bi toreatzaile ere izango dira: Diego Urdiales eta Daniel Luque. Aurrena, zezenzaleen esanetan, "Madrilgo sanisidrotan errebelazioa izan zen eta martxoan Palhako zezenak probatzerakoan Azpeitian izan zen". Bigarrenari dagokionez, 18 urte besterik ez dituen ezpataria da: "Oso gaztea izan arren, landutako toreatzailea da. Madrilen hilaren 5ean lau belarri moztu zituen Jose Tomasekin egindako aurkezpen-paseoan. Gainera, izugarrizko etorkizuna duen toreatzailea da".

Zezenketetako ganadutegien artean, Palha eta Ana Romerok errepikatu egingo dute, eta berria Ventorrillo izango da: "Juan Pedro kasta ona da eta une paregabean dago, lehen mailako zezenketetan nabarmendu egin baita".

Kartelak egile berria

Azken urteetan zezenketetako kartela Loli Etxeberria azpeitiar margolariak egin izan du. Aurten, berriz, kartelak egilea estreinatu du, Mikel Arranz urretxuarrak egin baitu, lehenengo aldiz. "Kartela egiterako orduan zezena nabarmendu nahi izan dut. Diseinu aldetik, zezenketetako kartel klasikoekin hautsi nahi izan dut, tipografia eta kolorea aldatuz. Kolore biziak ez ditut erabili, baina kartelak indarra du", azaldu du.

Saninazioetako zezenketak

  • Uztailak 25, ostirala. Santio eguna. Saninazioetako zezenketetan toreatuko dituzten zezenen desenkajonamendua, 18:30ean, zezen-plazan.
  • Uztailak 31, osteguna. San Inazio eguna.

-12:00etan, arratsaldean toreatuko diren zezenen aukeraketa. Ganadutegia: Palha (Portugal). Zezen-plazako toriletan.

-18:00etan, saninazioetako lehen zezenketa, zezen-plazan. Ezpatariak: Diego Urdiales, Francisco Javier Sanchez Vara eta Javier Valverde.

  • Abuztuak 1, ostirala. San Inazio bigarrena.

-12:00etan, arratsaldean toreatuko diren zezenen aukeraketa. Ganadutegia: Ventorrillo (Toledo, Espainia). Zezen-plazako toriletan.

-18:00etan, saninazioetako bigarren zezenketa, zezen-plazan. Ezpatariak: Pepin Liria, Manuel Jesus El Cid eta Jose Maria Manzanares.

  • Abuztuak 2, larunbata.

-12:00etan, zezenen aukeraketa, toriletan. Ganadutegia: Ana Romero (Cadiz, Espainia).

-18:00etan, saninazioetako hirugarren zezenketa, zezen-plazan. Ezpatariak: Antonio Ferrera, Alejandro Talavante eta Daniel Luque.

Sarrera eta abonuen salmenta

Abonuak berritzeko.Zezenketetarako abonuak uztailaren 9tik 19ra bitartean berritu daitezke, Plaza Txikian (Udaltzaingoaren ondoko lokalean), astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta festa bezperetan eta larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara.

Gainerako sarrerak.

  • Azpeitian: uztailaren 21etik 30era, Plaza Txikian (Udaltzaingoaren ondoko lokalean), astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta festa bezperetan eta larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara. Zezenketa egunetan, Plaza Txikian 11:00etatik 13:00etara; zezen-plazan 16:00etan irekiko dute leihatila.
  • Zarautz: Amaia kafetegian.