Sanjuandegiko II. Mendi Lasterketa igandean izango da

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 26a, 11:06

Bide Ona Elkartekoek aurtengo lasterketan iaz baino parte-hartzaile gehiago izatea nahi dute

Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan, 10:30ean hasiko da proba

Bide Ona Elkarteak antolatutako Sanjuandegiko II. Mendi Lasterketa igandean izango da, 10:30ean, Jose Antonio Agirre plazatik irtenda. Aurten lasterketaren data aldatu egin dute antolatzaileek, irailetik ekainera. "Iaz irailean antolatu genuen, baina garai hartan proba asko zeuden, eta horregatik aurten ekainean egitea erabaki dugu", dio Jesus Arakistainek, antolatzaileetako batek. Bide Ona Elkartekoen nahia lasterketan iaz baino lagun gehiagok parte hartzea da: "Gure nahia joan den urteko kopurua gainditzea da".

Iaz, I. Mendi Lasterketan 39 kirolarik hartu zuten parte. "Orduan baino jende gehiagok parte-hartzea gustatuko litzaiguke", dio Arakistainek. Gainera, II. Mendi Lasterketan sari gehiago banatuko dituzte: "Lasterketan irtetea doan da, eta bakoitzari elastiko bana emango diogu. Gainera, opariak zozkatuko ditugu eta lehen hiru mutilentzako eta neskentzako sariak izango dira". Urola Kostako Hitza laguntzailea da.

II. Mendi Lasterketa

Lasterketaren eguna: Ekainak 29, igandea.

Irteera: Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazatik,10:30ean.

Ibilbidearen luzera: 14 kilometro.

Ibilbidea: Sanjuandegitik irten eta Oñaztik, Sistiaga Errekatik barrena, berriro Sanjuandegira.

Izena emateko tokiak.

  • Aitzaki Kirolak-en: 943 150738.
  • Udal igerilekuan.
  • www.herrikrossa.com helbidean.
  • Lasterketaren egunean, hasi baino ordubete lehenago, Jose Antonio Agirre plazan bertan.

Parte-hartzea, dirutan. Doakoa da.