Badirelako da Txolarte taldea

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 24a, 10:07
Nerea Aizpitarte, Oihane Iparragirre eta Maite Aranaga Txolarteko begiraleak eta Ander Alberdi eta Mari Mar Crespo, Txolartera joaten direnak.

Txolartek hogei urtetik gora daramatza Azpeitian lanean, baina bertakoek diotenez herritarrek "gutxi" ezagutzen dute taldea

Festetako txupinazoa botatzeak taldea ezagutzera emango duela uste dute

Herritar askok eta askok Txolarte zer den ez dakitela diote Urola Erdiko Txolarteko begirale Maite Aranaga eta Oihane Iparragirre azpeitiarrek. "Txolarten ibiltzen garela diogunean, askok galdegiten digute: 'Eta zer da hori?'". Txolarte Atzegikoen aisialdi taldea da, adimen urritasuna dutenekin hainbat ekimen egiteko sortua. Irailetik ekainera bitartean larunbatero elkartzen dira Azkoiti, Azpeiti eta Zestoakoak Azpeitiko egoitzan (Perdillegin): dantzaldiak, afariak, esku lanak, jolasak, poteoak... egiten dituzte.

Aurten, saninazioei hasiera emango dion txupinazoa Txolarteko begiraleek botako dute, Azpeitiko Odol Emaileen Elkartekoekin eta Karidadeko Alabekin batera. Festei hasiera emateko Udaletik jasotako eskaintza gustura hartu dute Txolartekoek. "Guretzako, herriaren aurrean taldea ezagutzera emateko modu bat ere bada. Era honetan, jende gehiagok jakingo du hor gaudela eta lanean ari garela. Gainera, orain arte inoiz ez zaio horrelako talde bati festak hasteko aukera eman. Hasieran harrituta, baina pozik hartu dugu gonbidapena". Mari Mar Crespo eta Ander Alberdi Txolartera joaten diren herritarrei ere "ondo" iruditzen zaie Txolartekoei txupinazoa botatzeko aukera ematea.

.20 urtean eta gazte gutxi

Hogei urtetik gora daramatza Txolartek Azpeitian lanean. Ekainean bukatu zituzten joan den ikasturteko Txolarteko geldialdiak edota ekitaldiak. Orain, irailaren bukaera arte ez dute beste hitzordurik.

Zortzi begirale dabiltza Azpeitian Txolarten, boluntario lanean, eta aspaldian Txolarten "parte-hartzea jaisten" ari dela diote begiraleek: "Txolartetik antolatzen ditugun ekimenetara etortzeko 28 bat lagunek dute izena emanda, baina azkenaldian hamar inguru etorri dira". Txolartera joaten direnak adinean ere gora dijoaztela diote. "Gazte gutxi etortzen da. Gazteena Ander izango da". Ander Alberditaz ari dira, eta honek 26 urte ditu. "Hala ere, boladak ere izaten dira; adibidez, negu partean jende gehiago etortzen da".

Poteoa gustukoen

Ander Alberdik eta Mari Mar Crespok, biek, Gureak-en egiten dute lan, Azkoitian. Crespo Antxieta etxean bizi da eta Alberdi, berriz, gurasoekin. Alberdik ohitura handiagoa du Txolartera joateko, "larunbatero-larunbatero" joaten baita. "Hil honetan Txolarterik ez dagoenez, asteburuetan gurasoekin ateratzen naiz", dio Alberdik. Aisialdi taldean egiten dituzten ekitaldien artean gustukoenak zein dituen garbi du: "Tragoak hartzera irtetea eta dantzaldiak, baita afariak ere". Begiraleek diotenez, bertsozalea da Ander, "taldeko bertsolaria", eta Txolarteko egoitzan ordenagailuan gehien ibiltzen dena ere bai; "Joxe Fernando irakasleak erakutsi zidan ordenagailua erabiltzen". Bere ilusiorik handiena "aktore izatea" litzatekeela dio.

Mari Mar Crespo Txolartera joan ohi da, baina ez asteburu guztietan: "Antxietako begiraleekin irteerak-eta egiten ditugu eta horregatik gutxiago joaten naiz Txolartera. Baina nik ere gustuko dut afariak-eta egitea. Afari eta dantzaldi gehiago egitea proposatuko nuke", dio.

"Jan-edanak dituzte gustukoen Txolartera etortzen direnek", diote begiraleek. "Herrian eta herritarrekin gizarteratzea da Txolarteren helburuetako bat, eta herrian antolatzen diren hainbat ekitalditan ere parte hartu izan dugu", diote.

Baina herritik kanpo irteerak ere antolatzen dituzte: Zumaiako talasoterapia zentrora, Realaren partidak ikustera Anoetara... "Oporretara ere joaten gara", dio Alberdik. Udan, urtero kanpoan oporraldiak izaten dituzte Atzegik antolatuta, aurten abuztuaren 1etik 13ra Salamancara (Espainia) joango dira, "txorizoa jatera-eta". Txolartekoekin Aste Santuan eta abenduan irteten dute egun batzuk pasatzera, "inguruko aterpetxeren batera".

Begirale izateko animoak

Txolarten larunbatetan ekitaldiak egiteaz gainera, horiek prestatzeko hilean behin elkartzen dira bertako begiraleak. "Hiru hilabetean behin egutegi bat egiten dugu, eta hilean behin ere biltzen gara. Baina begirale guztiak ingurukoak gara eta elkartzeko arazorik ez dugu izaten". Lan egiteko ordea, "jende berria" gustura hartuko luketela diote: "Guk urte batzuk daramazkigu eta ideiak agortu egiten dira, nekea gehitzen doa. Jende gazteagoa eta berria animatuko genuke Txolarten parte-hartzera".

Gainera, gaur egun dabiltzan begiraleen lana egiten jarraituko duenik ez dagoela diote. "Guk Txolarte uzten dugun garaian nork jarraituko du? Guri lekukoa hartzen joango diren gazteak behar dira Txolarten. Egia esanda, lan munduan ate asko zabaltzen ditu Txolarten boluntario jarduteak. Asko ematen dugu begiraleok, baina gehiago jasotzen dugu. Txolartera larunbatetan datgozenek engantxatu egiten dira". Bestalde, aur egun boluntario dabiltzan begirale guztiak neskak dira eta "begirale mutilak edukitzea ere ondo etorriko litzateke".