Txiki handien festa

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 29a, 11:07
Goiko argazkian, erraldoien banakako dantza txapelketa, larunbatean herriko plazan. Bigarrenean, Txanogorritxu taldearekin dantzan larunbat arratsaldean. Behekoan, Juan Antxieta Musika Eskolakoek eta Itsasi dantza taldekoek osatu

Umeen Euskal Festa egunean hamasei herritako erraldoiek parte hartu dute kalejiran

Dantzan Deba eta Bergara izan dira irabazleak

Umeen Euskal Festako protagonista nagusiak haurrekin batera erraldoiak izan dira. Larunbatean ospatu zuten Umeen Eguna Azpeitian.

Hamasei herritako erraldoiek hartu dute parte kalejiran: Bergara, Deba, Oiartzun, Azkoitia, Bilbo, Hondarribia, Legazpi, Irun, Zarautz, Elgoibar, Iruñea, Amurrio, Zangotza, Txantrea, Tafalla eta Azpeitia. Aurten Tafallakoak aurrenengo aldiz etorri dira Azpeitira. Guztira 73 erraldoi ibili dira kaleetan. Erraldoi gehien ekarri zituzten taldeak sei ekarri dituzte; besteak beste, Bergarak, Debak, Hondarribik, Irunek eta Tafallak.

Parrokiatik irten eta alde zaharreko kaleetan kalejiran ibili ondoren, erraldoi guztiak herriko plazan elkartu ziren. Aurrena, haurren Udalbatzak hartu zuen hitza; Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleek eta Itsasi Dantza Taldeko dantzari txikiek osatu dute hori. Ondoren, dantzari txikiek emanaldia egin zuten. Aurten, gainera, aurreneko aldiz Banda Gazteak kontzertua eman du udaletxeko arkupetan, Unai Frantzesena zuzendari zutela.

Herrikoak eta kanpokoak

Banda Gaztearen musika emanaldia eta gero, erraldoien dantza lehiaketaren txanda izan zen. Epaimahaia Azpeitiko Argazki Elkarteko lehendakari Jose Ramon Larrañagak, Joxin Belokik, Debako erraldoien taldeko Willi Berasaluzek eta Bergarako taldeko Gorka Ruiz Eginok osatu dute aurtengoan. Udaleko ordezkarien esanetan, "epaimahaia lau edota bost lagunek osatzen dute, herritarrak batetik, eta aurreko urtean irabazle izandako erraldoien taldeko ordezkariek, bestetik".

Deba eta Bergara irabazleak

Azpeitira etorritako 16 taldeetatik 15ek hartu dute parte dantza lehiaketan; "Azkoitiak ez beste guztiek parte hartu dute erraldoien lehiaketan", azaldu dute antolatzaileek. Aurrena, banakako lanean jardun dute eta gero, berriz, taldeka. Debak jaso du banakakoen saria, 300 eurokoa, eta taldeetan Bergara izan da irabazlea, 600 euroko sariarekin. Deba aurreko bi urteetan ere saritua izan da Azpeitian.

Eguerdi arteko Umeen Eguneko ekitaldiak erraldoien lehiaketarekin bukatu ziren. Arratsaldean, berriz, Txanogorritxu taldearen emanaldia izan zen eta haurrek dantza saioa ederra egin zuten. Ondoren, Abiba disko-jaiak hartu zuen txanda.

Gaur, asteartea, haurren Barraka Eguna

Udalak antolatuta, gaur, asteartea, haurren Barraka Eguna da, 16:30ean hasita. Betharramdarretan dauden barraka guztietan 1,5 eurorekin bi txartel erosteko aukera izango da.

21:30ean, berriz, Musika Bandaren kontzertua izango da, Hartzubiko plazan.