Bi urteko haur bat larri zauritu zen larunbatean Xoxoten zakur batek hozka egin ondoren

Urola Kostako Hitza eta uztarria.com 2008ko ira. 3a, 13:09

Izarraizko larretan ibili ohi den artzain baten zakurrak egin zion hozka

Umea Donostiako Ospitaleko Haurren Kirurgia Zentroan artatu zuten eta, medikuen arabera, "hobera" egiten ari da

Bi urteko haur bat larri zauritu zen larunbatean Xoxoteko mendi aterpearen atarian artzain baten zakurrak hozka egitean. El Diario Vasco egunkariak eman zuen horren berri atzo. Egunkari horren arabera, haurra Donostiako Ospitaleko Haurren Kirurgia Zentroan artatu zuten eta hango medikuen arabera, "hobera" egiten ari da.

Larunbat goizean gertatu zen ezbeharra, Xoxoteko mendi aterpearen atarian. Antza denez, Izarraizko larreetan ibili ohi den artzain baten zakurrak egin zion hozka haurrari eta zauriak eragin zizkion aurpegian. Xoxoteko aterperko arduradunek 'Urola Kostako Hitza'-ri kontatu diotenez, gurasoekin batera haurra asteburua pasatzera joana zen Xoxoteko aterpera: "Larunbat goizean, artzaina mokadutxo bat egitera etorri zen aterpera eta aterpe barruan zegoen, zakurra kanpoan utzita. Haurra eta haren gurasoak aterpearen kanpoaldean zeuden. Guk ez genuen ikusi zer gertatu zen aterpearen barruan lanean ari ginelako". Aterpekoen arabera, haurraren gurasoek ere ez zuten ikusi nola gertatu zen: "Gurasoak konturatu zirenerako haurra lurrean omen zegoen eta zakurra hortik zebilen".

Gertaeraren ondoren, artzainak berak eraman zituen haurra eta bere familiakoak Azpeitiko anbulatoriora. Baina handik, Donostiako Ospitalera eraman zuten eta Haurren Kirurgia Zentroan artatu zuten. Aurrez aipatutako egunkariaren arabera, 45 puntu eman zizkioten haurrari. Donostiarra da zauritutako haurra.

Hedabideak aterpera deika

Xoxoteko aterpezainak harrituta zeuden atzo goizean gertaerak hedabideetan sortutako "zalapartarekin": "Goiz osoan aterpeko telefonoak joka jardun du, larunbatean zer gertatu zen galdezka deika jardun dute hainbat telebistatatik: Espainiakoa, ETB... Eta guk ezin dugu hitz egin hitz egiteagatik, kanpoan zer gertatu zen ez genuelako ikusi. Inork ez zuen ikusi benetan zer gertatu zen, ezta gurasoek ere, eta haiek kanpoan zeuden. Azken batean, istripu bat gertatu da".