Sanjuandegiko Urbitarten bidegorria egin eta espaloiak egokituko dituzte

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 24a, 11:09
Urbitarte auzoan bidegorria egin eta espaloia eraberrituko duten tokia.

Astebete edo hamar egun barru hasiko dira lanak eta urtarrilaren bukaerarako amaituta izatea nahi dute

Bidegorriak herriko bi kirolguneak lotuko ditu

Sanjuandegi auzoko Urbitarten, epaitegi aurretik hasi eta igerileku aurrera bitartean, bizikletentzako bidegorria egin eta oinezkoentzako espaloia egokituko dute. "Astebete edota hamar egun barru" hasiko dira lanekin.

Udaleko arduradunen esanetan, toki horretan oinezkoentzako espaloiak egoera txarrean daude eta eraberritu eta egokitu egingo dituzte. Bestetik, bidegorria egingo dute eta era horretan herriko bi kirolguneak (igerilekua eta Udal Kiroldegia) lotu egingo dituzte. Bidegorri honek herriarteko bidegorriarekin ere lotura izango du.

Epaitegiko bidegurutzean

Sanjuandegin, epaitegia eta Kutxa dauden tartean ere lanak egingo dituzte, errepideko bidegurutzea egokituz. Udaleko teknikarien arabera, "auzora sartzeko bidea Kutxa aldera hurbilduko dugu. Horretarako, Kutxa aurreko zelaia kendu eta bertan oinezkoentzako espaloia egokituko da". Lanak bukatzen direnean, biribilgunearen eta Euskal Herria auzora sartzeko bidegurutzearen arteko eremuan auto gehiago sartuko dira, eta "sarrera eta irteerako bideen artean oinezkoentzako espaloi handi bat geldituko da".

Bidegorria eta espaloia

Epaitegiko bidegurutzea zabaltzearekin batera, Kutxatik igerileku aurrera doan espaloia berritu egingo dute. Era horretan, errepidea "pixka bat estutu" egingo da. Bi metro zabaleko bidegorria eta beste hainbesteko oinezkoentzako espaloia egingo dituzte. Gainera, lerroan hamabost auto aparkatzeko eta zaborraren edukiontzientzako tokia geldituko dira.

Herri barruko kirol azpiegiturak lotzea helburu duen bidegorri zatia egingo dute Urbitarten: "Herriko bidegorri sarea egin zenean igerilekua, Kiroldegia eta eskolak lotzea zen helburuetako bat. Urbitarten egingo den bidegorri zatiak horretarako balioko du eta gainera Azkoititik Azpeitira edota herriarteko bidegorri sarearekin lotura izateko ere baliagarria da".

Bidea ixteko aukerak

Astebete edota hamar egun barru hasiko dira Urbitarte auzoko lanekin eta 360.000 euroko aurrekontua izango dute. "Baliteke, gero aurrekontua igotzea. Izan ere, tarte horretan uraren hodi handi bat pasatzen da eta ikusi egin beharko da hori aldatu beharra dagoen edo ez. Orain hori aztertzen ari gara".

Urbitarte auzoko lanak urtarrilaren bukaerarako amaituta egotea espero dute. Lanak egiten diren bitartean, autoentzako errepidea behin baino gehiagotan itxi egin beharko dutela azaldu dute Udalekoek. "Errepidea ixten bada, autoek Sanjuandegi atzeko bidetik ibili beharko dute", azaldu dute. Errepidea ixten dutenean, aurrez jakinaraziko dutela ere gaineratu dute.