Iñaki Agirre: "Txikirekin bizi zirenen iritzia, oroitzapen eta ikuspuntuak azaldu nahi nituen"

Uztarria.eus 2008ko ira. 30a, 12:09
Iñaki Agirre, Donostian, Zinemaldian.

Iñaki Agirre azpeitiarrak zuzendutako dokumentala proiektatu berri dute Donostiako Zinemaldian

Zuzendaria "gustura" dago lanak eduki duen harrerarekin

Iñaki Agirre azpeitiarrak zuzendutako dokumentala proiektatu zuten amaitu berri den Donostiako Zinemaldian. Lana Haizea eta sustraiak kultur taldearen ideia izan zen eta Jon Paredes Txiki, Angel Otaegi eta Espainiako Gerrako fusilatuei buruzkoa da. Zuzendaria "gustura" dago dokumentalak eduki duen harrerarekin.

Zergatik erabaki zenuten gai honi buruzko dokumentala egitea?

Haizea eta sustraiak kultur taldearen erabakia izan zen. Talde hau, euskal herritarrez eta katalanez osatuta dago, eta memori historikoa eta inmigrazioa lantzen dituzte. Horregatik erabaki zen Txiki -etorkina zen- protagonista bezala hartu eta gerrako fusilatuei buruzko dokumental hau egitea. Horiekin batera, eta hil zituzten unean batera zirelako, Otaegi eta Jose Humberto Baena ere ageri dira dokumentalean.

Esan ohi duzu ikuspuntu pertsonal batetik ez zenuela nahi tratatu. Zergatik erabaki hau?

Nire ikuspuntuak ez du hainbesteko garrantzirik, beste euskal herritar baten iritzia da, eta aberasgarriagoa iruditu zitzaidan 30 pertsona hartu, ez edozein 30, baizik eta euren biziko uneren baten elkarrekin bizi izan zirenak, eta haien iritzia, oroitzapen eta ikuspuntuak azaltzea.

Zer suposatu zuen Txiki eta Otaegiren fusilamentuak herrian?

Niretzat tristura izugarria, egun latza izan zen. Mobilizazio handiak izan ziren eta herriak aurre egin zion gertatu zenari. Burgosko epaiketan baino mobilizazio handiagoak izan zirela esango nuke.

Urteak pasatu dira gertatu zenetik. Zer zailtasun izan zenituzten grabatzeko garaian?

Nik dokumentaleko ardatz bezala Txiki hartu nuen eta nire asmoa hura gertutik ezagutu zutenekin hitz egitea zen. Zer gertatu zen? Haren inguruko jendeak hainbat pentsamolde ezberdin zituela eta bere garaian harekin bestaldera aldegin zuten pertsonek gaur egun ez dutela militantzi politiko berean jarraitzen. Boikot moduko bat egin zidaten. Jende asko egon zen nirekin kamera aurrean hitz egiterik nahi izan ez zuena. Ni iritzi ezberdin guztiei irekita nengoen, beraiena izan zen erabakia.

Dokumentaleko une batzuk Azpeitian grabatu zenituzten.

Sagasti zahar inguruan ibili ginen, batik bat, eta Nuarben ere bai Otaegi zenaren amarekin.

Euskal Herriko leku askotan aurkeztu duzue lana. Zer moduzko harrera izan du?

Ona. Gu oso gustura gaude. Zinemaldian sarrerak aspaldi agortu ziren eta hiru aldiz sarrera gehiago erraz salduko zirela esan digute.

Zer suposatu du zuentzat Haizea eta sustraiak Zinemaldian aurkezteak?

Zuzendari bezala, ezer izugarririk ez, baina gertakizun haiek ezagutzera emateko asko balio du, jendeak jakin dezan zer gertatu zen. Emozio handia sortu digu talde guztiari.