Azokek "arrakasta" izan dute

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 30a, 11:09
Azoka plazan herriko merkatariek stock azoka jarri zuten.

Udaleko Festetako batzordeburua eta herriko dendariak gustura daude Erdi Aroko azokak eta stock azokak izan duten emaitzarekin

Haurrentzako antolatu zuten marrazki lehiaketan 40 haur inguruk hartu zuten parte

Asteburuan izan den V. Erdi Aroko azokak eta herriko dendarien II. Stock azokak "arrakasta" izan dute, Udaleko Festa Batzordeburuaren eta herriko merkatarien esanetan.

"Jendearen erantzuna bikaina izan da", dio Udaleko Festa batzordeburu Mikel Ibarzabalek. Asteburuan, herrian, kanpotik etorritako jende asko ibili da: "Aurretik beldur pixka bat bagenuen, ez baikenekien krisi kontuarekin jendeak nola erantzungo zuen, baina dena oso ondo joan da".

Herriko taldeek eta eragileek egindako lana ere nabarmendu du Udaleko ordezkariak: "Erdi Aroko azokan lanean jardun duten herritarrek eta taldeek egin duten lana eskertu beharrean gaude. Bai kalea girotzen bai postuetan, txosnetan, albergan, kalean... lan asko egin dute eta haiei esker azokak indarra hartzen du".

Azoka plaza barruan bigarren aldiz stock azoka antolatu dute herriko merkatariek eta haiek ere gustura gelditu direla azaldu du Ibarzabalek. Dendariak ere berretsi egin dute Festetako zinegotziak esandakoa. "Stock azokan salmentak onak izan dira eta jende piloa ibili da aurten ere", dio Nerea Esku Lanak dendako Rosario Ibaietak. "Azoka itxi genuenean geure artean hizketan jardun genuen eta postua jarri zuten dendariak gustura zeuden".

Azoka plazan aurten iaz baino hamar postu gehiago jarri dituzte; iaz 15 zeuden eta aurten, berriz, 25. "Aurten aurrenengo aldiz postua jarri dutenak ere oso gustura gelditu dira. Uste baino hobeto joan zaiela azaldu zuten azoka bukatutakoan", zioen Ibaietak.

Marrazkilari txiki handiak

Aurten, Erdi Aroko azokaren baitako beste berrikuntza Haurrentzako Marrazki Lehiaketa izan da. Arte eta Diseinu Ikastegiak antolatu du, eta 40 haur inguruk hartu dute parte.

Marrazkia egiteko gaia Herriko eraikin historikoak izan zen, eta 36 marrazki aurkeztu ziren lehiaketara; Enparan Dorretxea, Alberga, herriko plazako kioskoa...marraztu zituzten haurrek. Lehiaketako irabazleek marrazketarako materiala jaso zuten sari bezala.

Haurrentzako lehenengo marrazki lehiaketa

Arte eta Diseinu Ikastegiak aurreneko aldiz antolatu du aurten haurrentzako marrazki lehiaketa, Erdi Aroko azokaren baitan. Gaitzat Herriko eraikin historikoak jarri dute eta 40 haur inguruk hartu dute parte.

Sarituak:

6 urte eta 8 urte artekoak. (Lehen Hezkuntza 1. maila- Lehen Hezkuntza 3. maila).

  1. Ana Ugarte.
  2. Maider Fernandez.
  3. Nora Davila.

9 urte eta 12 urte artekoak. (Lehen Hezkuntza 4. maila- Lehen Hezkuntza 6. maila).

  1. Maitane Domingez.
  2. Xanti Agirrezabala.
  3. Mirari Ugarte.