'La lutte finale'

Berria 2008ko aza. 1a, 13:11

Joxean Agirrek (Azpeitia, 1949) La lutte finale (Elkar) eleberria kaleratuko du aurki; hona hemen liburu aurrerapena

Filigrana batean bezala, hainbat gai txirikordatzen da: bi gizon eta bi emakumeren arteko maitasun harreman korapilatsu eta jostalariak, norbera ala beste bat izatearen inguruko kontsiderazioak...

Adiskide baten zain nengoen aireportuko harrera-areto nagusian, hegazkinen ordutegiaren panelari begira, norbaitek atzetik eskuekin begiak estali zizkidanean. Emakume ezagunen bat izango zela pentsatu nuen. Batzuetan adeitsu eta maitekor jartzen dira beste norbaitekin maitemintzen direnean. Haren esku luzeak ukitzen ari nintzen, izenik eman gabe nolanahi ere, ez bainuen hankarik sartu nahi, belarrian zerbait beroa eta lirdinga sentitu nuenean: mingainarekin gingila miazkatzen zidan, nik ulertzen ez nuen hizkuntza batean lizunak ziruditen hitzak errepikatzen zizkidan bitartean. Haren eskuak askatu eta begiak irekitzea lortu nuenerako, ingurukoak begira nituen hunkiturik, hunkigarriak izaten baitira betiere geltoki eta aireportuetan ematen diren bikoteen arteko besarkada itogarri eta luze horiek. Goitik behera beltzez jantzia zetorren, horrek pitin bat bere gaztetasuna itzaltzen zion, baina ile horia anabasa batean bildurik zeraman kokotean eta horrek, ilearen desgobernu horrek alegia, ez dakit zergatik, biluziago egiten zuela iruditu zitzaidan. Ni ez nintzela berak uste zuena adierazten saiatua nintzen, baina alfer samarrik, esaldi sakon eta katramilatsuak ateratzen baitzaizkit atzerriko hizkuntza batean hasten naizenean. Biolin baten estutxea zekarren esku batean eta tamaina bertsuko maleta bat zuen aldean. Bigarren hau lurretik hartu eta kanpora lagunduko niola egin nion keinu buruarekin. Atetik irten bezain pronto, egoera behingoz argitzeko asmoarekin, maleta lurrean utzi nuenean ere emakumeak niri besarkaturik jarraitzen zuen, hiruzpalau taxizale begira genituela, autoen ateak zabalik, begi-bistakoa baitzen bikote baten elkarretaratzea irudikatzen genuela, eta, ondorioz, presarren hotel bat edo gutxienez bakarrik egoteko lekuren bat beharko genuela. Ez zen, beraz, hura emakumeari argibideak eskatzen hasteko lekurik aproposena eta lehendabizi zegoenari eman nion, halabeharrez, norabait eramateko agindua. Autotik jaitsi ginenean bakarrik begiratu zidan luzaz, nigan beste norbait ikusiko balu bezala. Baina ez orduan ez gero, elkarrekin egin genituen hilabeteetan, argitu nahi izan zuen gaizki-ulertua. Bukaeran bakarrik, beste orkestra batera joateko prestatzen hasia zelarik, aipatu ohi zuen egun hori, baina aldiko bertsio ezberdin bat emanez. Orkestrako lagunekin tarteka egiten genituen afalondo luzeetan gaia egokitu eta argibideak ematen hasten zelarik, gertatuarekin zerikusi gutxi zuten kontakizunak asmatu ohi zituen. Niri aldian aldiko bertsioa baieztatzea baizik ez zitzaidan geratzen. Gehienez ere xehetasunen bat erantsiko nion edo txikikeriaren bat zuzendu. Aireportuan, maletaren zain eman zuen ordu laurdenean, ez omen nion begirik gainetik kendu. Hala kontatu ohi zuen berak. Orkestrako norbait izango nintzela pentsatu omen zuen eta, galdetzeko asmotan hurbildu zitzaidanean, ez omen nintzen gai izan bere galderari taxuz erantzuteko, besotik amultsuki heldu eta taxi baten bila atera omen nuen. Inoiz inongo orkestratan ez omen zuten horren adeitsu eta abegikor tratatu. Hori pentsatu omen zuen. Geroago, hiria erakutsi, alde zaharreko terraza batean solasean jardun eta hotel bat bilatzeko asmotan altxatu ginenean, gerritik heldu omen nion, hain irmo eta aldi berean hain txeratsu, non biolin bat ere horrela sentituko zela pentsatu baitzuen, berak hainbeste miresten zituen jotzaileen eskuetan. Burutazio horrekin, jotzaile baten eskuetan biolina sentitzen zela pentsatuz alegia, egin omen zuen tarte bat, zeharkatu omen genuen kale bat, noiz askatuko nuen beldurrez, eta han bertan erabaki omen zuen nirekin geratuko zela. Elkarren ezaupideari buruzko bertsio bigun samar horren aurrean, entzuten geunden gizonezkook deseroso sentitu ohi ginen, baina baziren begiak kizkurtu eta inbidiaz, amesti, begiratzen zioten emakumeak ere.

Egia da sentibera eta abegikorra naizela emakume ederrekin, eta egia da baita ere hiria erakustea erabaki nuela. Txikia eta bildua da, gainera, ordu gutxitan erakusteko modukoa, historia apala duena. Ez duzu han, beste hiriburu batzuetan bezala, monumentuak etengabe solasera ekarri beharrik, ez ez dituelako, baizik eta itsas bistak, hondartzek, uharteak eta bereziki badia harrigarriak bisitaria liluraturik uzten dutelako. Txillidaz mintzatu nintzaion, noski, eta Oteizaz ere bai, euskaldun izateko bi modu daudela adierazten saiatu nintzaion eta nik neuk ere ez nekiela bietatik zein gustatzen zitzaidan gehiago erantsi nuen, batzuetan bata eta besteetan bestea gustatzen baitzitzaizkidan. Berak biolinaren estutxea besarkartuz entzuten zidan, edo entzun itxurak egiten zituen, nire imintzioak eta hitz egiteko modua aztertuz bezala. Beharbada Venezian ezagutu zuen gizonarekin alderatzen ninduen. Nik dagoeneko beroki luzea eta besapean liburu bat zuela irudikatzen nuen. Han jarraituko zuen oraindik aireportuko harrera-aretoan luzetsita, batera eta bestera ibilian, artega. Gu, ordea, hiriko plaza zaharrean geunden, arkupeetan babesten diren taberna horietako baten atarian. Eguartea zen eta eguzkiak epeldu egiten zuen berotzera iritsi gabe. Uso saldo bat lurreratu zen gure ondoan, mokoka jardun zuten beren keinu mekaniko eta urduriekin, eta, taldeko buruak hala agindurik-edo, aireratu egin ziren denak batean, zeruan zilarrezko laino bat osatuz. Mirespenez begiratuko nion behin eta berriz, jostalari mintzatuko nintzaion tarteka, baina ez da egia inolako proposamenik egin nionik eta are gutxiago, berak kontatu ohi zuen bezala, bera ukitzeko abagunerik txikienak aprobetxatu nituenik.

Ardo bat eskatu zuen, nik ere hala eskatu nuelako. Ezpainak bustitzea baizik ez zuen egin. Baraurik egongo zen seguru asko, otorduetatik kanpo mokaduren bat eginez elikatzeko ohitura baitzuen. Tarte luze bat eman behar izan zuen eskuekin aurpegiari haize emanez eta altxatzeko beldurrez. Ostatu bat aurkitzeko asmotan bidean jarri ginelarik, pauso trauskil batzuk eman zituen takoidun zapaten gainean eta ondo beharrez heldu nion gerritik, aitakeriaz gehiago beste inolako asmorekin baino, eta aparkalekura iristean, autoan eseri orduko, musu itogarri bat eman zidan. Oraindik ardo zaporea zuen ahoan. Urteak pasatu diren arren, edaritegi batera sartu eta ardo bat eskatzen dudanean musu horrekin gogoratzen naiz askotan, eta ez dakit zerk berotzen didan barrena gehiago, ardoak ala neskaren oroitzapenak.