107 merkatarik elkarte berria sortu dute

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 1a, 16:11
Azpeitiko udaletxean elkarteko batzordeko kide batzuk, atzo (ostirala).

Bat eginda euren arazoei irtenbidea ematea errazagoa izango dela uste dute

Gabonetan ekimenak egingo dituzte, eta izena eta logotipoa aukeratzeko lehiaketa jarri dute abian

Herriko 107 merkatarik elkarte berria sortu dute. Orain, elkartearen izena eta logotipoa aukeratzeko lehiaketa jarri dute martxan, eta gabonetan egingo dituzten ekimenen berri ere eman dute.

Herria hiru gunetan banatu eta gune bakoitzeko launa ordezkarik merkatarien elkartearen batzordea osatu dute. Merkatarien elkarteko batzordeko kide Jose Luis Legarda-Ereñoren esanetan, herriko merkatarien egoera ikusi ondoren erabaki dute elkarte berria sortzea: “Beste herrietan ere sortu dute eta gu ere animatu egin gara. Gainera, merkataritza gune handien eragina dela eta, desanimatzen eta kezkatzen hasita gaude”.

Herriko merkataritzak bi funtzio betetzen dituela nabarmendu du Legarda-Ereñok: “Batetik, funtzio ekonomikoa betetzen du; jende askok ditugu dendak eta askok egiten dugu lan merkataritzan. Bestetik, funtzio soziala eta kulturala betetzen du merkataritzak; hau da, dendak zabalik badaude jendea ibiltzen da kalean, eta horrek herriari bizia eta nortasuna ematen dio”.

Herriko merkatariak elkarte bakar batean bilduta, dituzten arazoei irtenbidea ematea errazagoa dela uste dute. Lehen ere merkatarien beste bi elkarte egon dira herrian: UEME eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea; “horiek euren ibilbidea egin eta bukatutzat eman zuten euren jarduna”.

Hilaren 15a arte izena emateko aukera

Udalak merkatarien elkartea sortzeko emandako bultzada ere eskertu dute Merkatarien Batzordekoek. “Aurrenengo bilera Udalak deitu zuen eta harrera oso ona izan zuen”. Gero, elkarteko bazkideek biltzeari ekin zioten eta orain arte 107 merkatarik eman dute izena. Hilaren 15a arte izango dute izena emateko aukera elkartean sartu gabe dauden merkatariek: “Azaroaren 15a baino lehen izena ematen dutenek, Gabonetarako antolatzen ari garen kanpainan parte hartzeko aukera izango dute”.

Gabonetako kanpaina

Orain, elkarte berriarentzako izena eta logotipoa sortzeko lehiaketa jarri dute martxan. Baina, Gabonetarako kanpaina ere antolatu dute. “Gabonetako kanpaina abenduaren 9tik 31ra egingo dugu. Egun horietan elkarteko dendetan erosten dutenei txartelak emango zaizkie . Txartel horietan 5, 10, 20 eta 30 euroko erosketa txartelak egokitu daitezke eta horiek elkarteko kide diren dendetan erabil daitezke deskontu bezala, urtarrilaren 5a bitartean”. Gabonetako kanpainako txartelen gastua eta logotipo lehiaketako saria Udalak bere gain hartu ditu eta merkatariek eskerrak eman dizkiote Udalari.

Izen eta logotipo lehiaketako oinarriak

Lehiaketaren helburua. Azpeitiko merkatarien elkarte sortu berriarentzako irudia sortu eta izena ematea.
Saria. 600 euroko saria. Atxikipen fiskala ezarriko zaio.
Proposamenak aurkezteko tokia eta epea. Proposamenak, Azpeitiko Udaleko erregistro nagusian aurkeztuko dira, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta larunbatetan 09:00etatik 12:30era. Hilaren 21 arte dago lehiaketara proposamenak aurkezteko aukera.
Partaideak. Lehiaketan edozein pertsona fisikok (18 urte baino gorakoakoa) edo juridikok parte har dezake. Bakoitzak nahi beste proposamen aurkez ditzake, baina proposamen bakoitzak bere izengoitia eraman beharko du.
Diseinua. Logotipoaren diseinuak erabilera anitza emateko modukoa izan beharko du; hainbat formatu edota espaziotan erabiltzeko modukoa. Diseinuaren edota koloreen azalpenak ematea kontuan hartuko dute epaimahaikideek. Bestetik, diseinua euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar da.
Epaimahaia. Diseinu irabazlea erabakiko duen epaimahaia, merkatari elkarte berriaren Zuzendaritza Batzordeko partaideek aukeratutakoa izango da.
Proposamenak nola aurkeztu. Diseinu bakoitza atzealdean sinatu behar da goitizenarekin. Euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar da. Horrekin batera bi gutunazal itxi aurkeztuko dira: A gutunazalean, egilearen identifikazio-datuak azaldu behar dira (izena, helbidea, telefonoa, posta elektronikoaren helbidea...). B gutunazalean, proposatutako diseinuaren azalpen-txostena. Logotipoa hainbat espazio eta formatutara moldatzeko moduari buruzko dokumentazioa ere sar daiteke. Gutunazalak kanpoaldean hau jarrita identifikatuko dira: “Azpeitiko merkatari elkarte berriari izena eta logotipoa aukeratzeko lehiaketa. (Goitizena)”.
Aukeratutako proposamena. Abenduaren 3an aurkeztuko dute merkatari elkartekoek.