Mila txalo Aimar Irigoieni

Ainhoa Alberdi Etxeberria (Azpeitia) 2008ko aza. 4a, 11:11

Denbora gutxian Aimar Irigoienek urrezko bi lorpen berri jarri dizkio harri-jasotzaile gisa daraman ibilbide oparoari. Irailaren 28an Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.-ari apustu gogorra irabazi zion, eta urriaren 26an Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa irabazi du.

Benetan txalotzekoa da, ez bakarrik maila pertsonalean lortzen ari den guztia, baita herri kirolen alde egiten ari den lan guztia ere. Izugarria iruditzen zait, benetan, bilakaeran daraman sendotasuna eta seriotasuna. Baina, era berean, etengabe dugun kirol albiste piloarekin eta batzuetan telebistan modan jartzen eta une oro erakusten dizkiguten kirolekin, iruditzen zait Aimarren eginahala pixka bat estalirik geratzen dela eta ez zaiola merezi duen arreta guztia eskaintzen.

Askotan esaten da gazteek herri kirolak baztertzen dituztela, galdu egingo direla, ez dagoela kirolari gazterik alor horretan, arazo bat dagoela. Aimarrek 22 urte dauzka, igeltseroa da, eta denbora librean sakrifikatzen da bere ametsa betetzeko. Bere inguruan zaletasun handia piztu du, baina hori ez doa inora laguntzarik gabe.

Arazoak seinalatzen direnean konponbideak ere agertu behar dira. Aimarren kasuan laguntza gehiago behar duela iruditzen zait, enpresen aldetik, babesleen aldetik. Astero masajistarengana joaten da, gimnasiora, eta gauza horiek garestiak dira. Gastuak ugariak dira irabazi gutxi ematen dituen kirol batean, baina benetan maite badugu, ezinbestekoa da laguntzak ematea. Ereinda etortzen da fruitua, ez landarea bere kasa euripean utzita.

Amaitzeko, nire miresmena agertu nahi diot Aimarri. Ez dut bera ezagutzen, baina umila dela esan didate, langilea. Eta onena da markak lortzerakoan ez zaiola mugarik ikusten. Kirolari bikaina, pertsona jatorra eta sakrifikatzeko beldurrik gabea, zaindu eta animatu beharrekoa da herri kirolak maite ditugun guztiontzat.

Hemendik besarkada bero bat. Aupa, Aimar!

Oharra. Uztarria herri aldizkariak Aimar Irigoieni buruz erreportajea argitaratuko du azaroko zenbakian.