Zortzi taldek tabernak bertsoz beteko dituzte IV. Bertso Parrandan

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 5a, 12:11

Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo 24 lagunek hartuko dute parte

Azaroaren 7tik abenduaren 30a arte jokatuko da Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako txapelketa

Ostiralean hasiko da parranda zaleen bertso desafioa. IV. Bertso Parrandaren ordua da. Erniarraitz Bertsozale Elkarteak bi urtean behin antolatzen duen txapelketa herrikoiaren laugarren edizioa izango da hau.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo 24 bertsolarik hartuko dute parte 2008ko Bertso Parrandan, zortzi taldetan banatuta. Desafioak tabernetan egingo dituzte aurten ere. Azkoitian, Etxe-Aitz eta Zurt izango dira topalekuak. Azpeitian, berriz, Orkatzen, Korralen eta Txarrantxan egingo dira bertso saioak. Eta Errezilen, berriz, Trintxera ostatuak hartuko du lehiaketako bigarren finalaurrea. Azkenik, abenduaren 30ean jokatuko dute txapelketako finala, Azpeitiko Gaztetxean.

Elkar ezagutzeko aukera

Aurtengo txapelaren bila ariko diren 24 bertsolariek 17 eta 30 urte inguru dituzte. "Guztiak ez dira Erniarratz elkarteko kide; izan ere, batzuek ezin dute Bertso Eskolan parte hartu, astean zehar beste eginkizun batzuk dituztelako", adierazi du Erniarraitzeko kide Ixabel Jauregik. Hurbildu eta elkar ezagutzeko aukera izango dute Bertso Parrandan.

Txapelketa aurrera joan ahala, berrikuntzak egongo direla aurreratu du Jauregik, "baina elkarteak ez ditu oraindik jakinaraziko".

Askotariko lanak

Bertso eskola kalera ateratzea helburu duen ekimen honek tabernak leporaino betetzen ditu saio bakoitzean. Gero eta arrakasta handiagoa du Bertso Parrandak, bai parte-hartzaileen aldetik, bai ikusleei dagokienez.

"Bailarako bertsolariei kalera ateratzeko aukera ematea da gure helburua", azaldu du Erniarraitzeko kideak. Familia handi bat direla gogorarazi nahi diote jendeari: "Bertsotan ez dira bertsolariak bakarrik ibiltzen; gai-jartzaileak, aurkezleak, antolatzaileak ere aritzen dira lanean", dio Jauregik.

Eta hori da Erniarraitzen xedeetako bat: edozeinek edozein lan egiteko gaitasuna izatea. Jendea "bustitzea". Horretarako, Erniarraitzekoek gero eta erantzukizun handiagoa uzten diote bertako kideei. "Bertsolari gazteak aritzen dira saioak antolatzen, tabernariekin hitz egiten, afariak antolatzen, eta abar", jakinarazi du Ixabel Jauregik. Denen artean berriro bertso giroa zabalduko dute.

Bertso parranda 2008

Taldeak

Aure. Eneritz Arzallus, Jokin Uranga eta Silvia Etxaniz.

Jole. Joseba Agirre, Leire Ostolaza eta Eneritz Eizmendi.

Urti. Urko Egaña Ruben Gorrotxategi eta Tibalt Alberdi.

Man. Haritz Etxeberria Ministro, Ander Urbietaeta Naparra.

Txanboiek. Xubi, Xabier Agite eta Arkaitz Zelaia.

Neli. Nekane Zinkunegi, Eneritz Artetxe eta Lide Rekondo.

Bax. Beñat Lizaso, Aitor Zinkunegi eta Josu Oiartzabal Xenpelar.

Zapio. Izaro Zinkunegi, Egoitz Alkorta eta Jokin Sudupe Pio.

Saioak

Kanporaketak.

  • Azaroak 7, ostirala. Azpeitian, Orkatz Kultur Elkartean, 23:00etan, Aure eta Jole taldeen arteko lehia.
  • Azaroak 14, ostirala. Azkoitian, Etxe Aitz tabernan, 23:00etatik aurrera, Urti eta Man taldeak.
  • Azaroak 21, ostirala. Azpeitian, Korrale tabernan, 23:00etan hasita, Txanboiek eta Neli taldeak.
  • Azaroak 28, ostirala. Azpeitian, Txarrantxa tabernan, 23:00etan, Bax eta Zapio taldeak.

Finalaurrekoak.

  • Abenduak 5, ostirala. Azkoitian, Zurt tabernan, 23:00etatik aurrera, Korraleko eta Txarrantxako irabazleek jokatuko dute.
  • Abenduak 12, ostirala. Errezilen, Trintxera jatetxean, Orkatz eta Etxe-Aitzeko irabazleak.

Finala.

Abenduak 30, asteartea. Azpeitiko Gaztetxean, 23:00etan, Zurt eta Trintxerako irabazleen artean finala jokatuko dute.

Orain arteko irabazleak

I. Bertso Parranda. 2002. Erreka taldeak irabazi zuen lehen txapelketa: Josu eta Xabier Azpillagak eta Iñigo Gorrotxategi Alabier-ek osatu zuten taldea.

II. Bertso Parranda. 2004. Urrustil taldeak jaso zuen txapela: Jokin Urangak, Ruben Gorrotxategik eta Mikel Berasategik.

III. Bertso Parranda. 2006. Xapios taldeak eraman zuen txapela: Xabier Azpillagak, Jokin Sudupe Pio-k eta Silvia Etxanizek.