Helduentzako oinarrizko internet saioak antolatu ditu Urola Ikastolak

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 13a, 10:11

Gipuzkoa osoan egingo den Internet Zuretzat Astearen baitan egingo dute ikastaroa, abenduko lehen astean

Bi orduko bi saio egingo dituzte Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxeetan

Internet Zuretzat Astea egingo da Gipuzkoan abenduaren 1etik 5a bitartean, 25 urtetik gorakoek internet ezagutzeko aukera izan dezaten. Hori dela eta, bi orduko bi saio egingo dituzte Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIko bi ikastetxeetan. Parte hartzeko interesa duenak honako telefono zenbakietara deitu dezake, ostirala bitartean: 943 813770 (Azpeitia) eta 943 852174 (Azkoitia).

Ezagutza teknologikoa

"Internet Zuretzat jardunaldietan eguneroko bizimoduan baliagarriak diren ezagutzak ikas daitezke", jakinarazi dute antolatzaileek. Hala nola, interneten informazioa bilatzen, webguneetako edukiak jaisten eta argitaratzen, posta elektronikoa eta mezularitza erabiltzen, edota erreferentziazko webguneak aurkitzen ikas daiteke. Erabiltzaileek "informazio teknologia berrien abantailez modu errazean gozatu" ahal izango dute.