Diagnostikoa eta sexuen heziketa plana martxan jarri ditu Udalak

Uztarria.eus 2008ko aza. 21a, 13:11
Parekidetasun Sailak atzo eman zuen prentsaurrekoan. (Nerea Uranga)

Emakumeen Mahaiak sustatutako bi egitasmo dira

Herriko emakume eta gizonen egoeraren diagnosia egiteko, 400 herritarrekin hitz egingo dute

Azpeitiko Parekidetasun Batzordeak Emakumeen Mahaiak sustatutako bi egitasmo jarri ditu martxan. Alde batetik, herriko emakume eta gizonen egoeraren diagnosia egitekoa agindua eman du. Bestetik, Harremanak Hezkuntza Elkarteak heziketako programa bat jarriko du martxan Azpeitiko ikastetxe guztietan.

Azpeitiko Udaleko Parekidetasun sailak bi egitasmo horiek aurkeztu zituen atzo, osteguna, emandako prentsaurrekoan. Bertan, diagnosia Oreka Sareak egingo duela adierazi zuten. Enpresako arduradun Marixe Noyak azaldu zuenez, "komunikazioan eta parte hartzean oinarritutako metodologia" erabiliko dute. Diagnosia egiteko, 400 herritarrekin hitz egingo dute telefonoz. Horrez gai, Azpeitiko taldeekin mahai-inguruak eta elkarrizketak egingo dituzte.

Azterketak bi helburu ditu. Batetik, Udaleko langileen egoera nolakoa den jakin eta, bestetik, Azpeitiko egoegaren diagnosia egin nahi dute.

Sexuen heziketarako plana

Emakume Mahaiak proposatutako beste ekimena sexuen heziketarako plana da. Azpeitiko ikastetxe guztietan heziketako programa jarriko da martxan eta 0 urtetik 18 urtera bitarteko ikasle guztiek prebentzioan oinarritutako ikasgaia jasoko dute. Formazioaz gain, aholkularitza zerbitzua ere eskainiko dute ikastetxeetan, bai ikasle, bai irakasle eta bai gurasoei zuzenduta.

Ikastetxetaz gain, hirugarren adinekoei, gizonezkoei eta emakumezkoei zuzendutako ikastaroak ere emango dira. Gazte Informazio Bulegoan aholkularitza bulego bat zabalduko da eta bertan herritarrek euren zalantza eta galderak adierazi ahal izango dute. Zerbitzu hori hilean behin emango da.