Xabin Zulaika: "Afalostean konturatu nintzen oparia prestatu zidatela, oso detaile polita izan zen"

Urola Kostako Hitza | Kultura | Artikulua
2008-11-26 11:11

Azpeitiko eta Zestoako txistulari taldeetako atabalaria da

Santa Zezilia egunean omenaldia egin zioten Zestoako Idiakaitz Txistulari taldekoek

Xabin Zulaika atabalaria da Zestoako eta Azpeitiko txistulari taldeetan.  Argazki originala

Xabin Zulaikak (Zestoa, 1945) berrogeita hamar urte daramatza Azpeitiko eta Zestoako kaleak txistu eta atabal doinuekin alaitzen. Horregatik Santa Zezilia egunean omenaldia egin zioten Zestoako Idiakaitz Txistulari taldekoek.

Nolakoa izan zen omenaldia?

Santa Zezilia egunean hainbat ekitaldi zeuden eta horien artean txistulariok kalejira egin genuen. Jabier Iturriri egin zioten omenaldian egon ginen eta, bera agurtu eta pare bat txikito hartu ondoren, afaltzera joan ginen Gure Txokoa Elkartera. Afalostean konturatu nintzen oparia prestatu zidatela. Oroigarriarekin etorri zitzaizkidan. Bertan txistua jotzen aritu nintzen lehen urteetako bi argazki azaltzen dira, 1957 eta 1958koak, baita aurtengo beste bat ere. Oso detaile polita izan zen, egia esan.

Espero al zenuen horrelako omenaldirik?

Ez, ez, ez nuen espero. Ez nuen inolako susmorik, gainera. 1957an hasi nintzen atabala jotzen eta berrogeita hamar urte inguru dira, beraz, hasi nintzela. Omenaldiaren kontu hori hortik etorriko zela pentsatzen dut.

Zeintzuk bildu zineten?

Zestoako Txistulari Taldea eta inguruko lagunak bildu ginen. Guztira 20ren bat lagun izan ginen afaltzen.

Santa Zezilia eguna izanik, egun berezia izango zen zuretzat, ezta?

Oso egun polita izan zen, musikarien eguna ospatzeko modu polita. Egun aproposa izan zen gainera, larunbata egokitu zen eta.

Familiatik datorkizu musikarako zaletasuna.

Bai, hala da. Aita ere atabal-jotzailea izandakoa da urte askoan. Anaietako bi ere bandan aritu izan dira, baita abesbatzan ere. Musikari familia gara, beraz.

Azpeitian eta Zestoan aritzen zara. Ondo moldatzen al zara dena bateratzeko?

Orain bai, txistulariekin bakarrik jotzen baitut orain. Garai batean txistulariekin eta bandarekin jotzen nuen, bi herrietako bandekin. Txistularien entseguak, bandako entseguak... Gehiegi zen jada. Neure lana ere badut aparte, gainera.

Gustukoa denean errazago egiten dira gauzak, ezta?

Noski baietz. Argi dago gustuko ez baduzu ez zarela horrelakoetan sartzen. Dirurik ez dago kontu hauetan eta, beraz, gustatu egin behar zaizu. Afizioa izan behar duzu. Afiziorik ere ez baduzu, zaila da musikaren mundu honetan jardutea; zertarako jardun, gainera?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa