Udalak euskarazko produktuen katalogoa aurkeztu du

Uztarria.eus 2008ko aza. 27a, 14:11

2008-2009ko katalogoak gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu

Gaur (osteguna) hasiko dira katalogoak banatzen etxeetan

Azpeitiko Udalak euskarazko produktuen 2008-2009ko katalogoa aurkeztu du. Atzo, astezkena, egin zuten katalogoaren aurkezpena Arantxa Isart Udaleko Euskara batzordeburuek eta Gazteria saileko Aloña Larrañagak. Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria, hamaikagarrena, osatu dute beste behin Euskal Herri osoko 111 udal eta mankomunitateetako Euskara zerbitzuek.

Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu edizio berri honek. Katalogoa zortzi ataletan sailkatuta dago eta aurten kaleratu diren produktu berriak jaso dira katalogoaren aurtengo edizioan: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak.

Azpeitiarrek etxean jasoko dute katalogo berria. 5.000 ale banatuko ditu etxez etxe Euskara Patronatuak. Gaur eta bihar egingo da banaketa hori.

Katalogoa ikusteko , www.katalogoa.org webgunean sar daiteke; eta nahi izanez gero, paperezko katalogoaren PDF dokumentua ere jaitsi daiteke bertatik.