Etxebizitza Bulegoa jarriko du Udalak, Sindikatu Zaharrean

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 28a, 18:11

Asteartetik (abenduak 2) aurrera izango da martxan

Herritarrek etxebizitzaren inguruan izan ditzaketen zalantzak argitzeko asmoarekin jarriko du Udalak

Azpeitiko Udalak Etxebizitza Bulegoa jarriko du martxan Sindikatu Zaharreko bigarrengo solairuan (Azpeitia Lantzenen bulegoa dagoen solairuan); asteartetik aurrera hasiko dira bulego berri horretan herritarrak hartzen. «Herritarrek etxebizitzaren inguruan izan ditzaketen zalantzak argitzeko jarriko dugu Etxebizitza Bulegoa», azaldu du Iñaki Errazkin alkateak. Bulegoak ordutegi jakin bat izango du, hau da: asteartetan eta ostegunetan 18:00etatik 19:30era eta asteazkenetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.

Sindikatu Zaharrean martxan jarriko duten Etxebizitza Bulegoan, besteak beste, honako zerbitzuen inguruko informazioa emango dutela argitu du alkateak: Etxebiden izena emateko zer egin; Bizigune etxebizitza alokairuko egitasmoa; emantzipatzeko errentaren inguruko diru laguntzak eta eskaera orriak; babes ofizialeko etxebizitzen zozketak eta etorkizunerako dauden etxebizitzaren inguruko egitasmoak.