Uema, etorkizunera begira

Uztarria.com, Berria 2008ko abe. 20a, 14:12

Datozen hamar edo hamabost urteetarako plan estrategikoa egitea du helburu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak

Azpeitiko Udala aurtengo apirilean sartu da Ueman

Uemak (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) urteko batzarra egin du Zestoan, eta datorren urtean etorkizunari buruzko hausnarketa egitea erabaki du. Gogoeta horren partaide izango da Azpeitiko Udala, aurtengo apirilaren 5ean erabaki zuelako Uemako kide izatea (EAE-ANVk, EAk eta Aralarrek alde bozkatu zuten, EAJk kontra).

Elkartea 1991n sortu zen elkartea, eta garaiak aldatu direla deritzote arduradunek. “Hausnarketa egin nahi dugu Uemak hasiera batean izan nahi zuenaz, izan denaz eta, batez ere, hemendik aurrera izan nahi duenaz”, esan du Jon Bollar Uemako presidenteak. Hartatik, datozen hamar edo hamabost urteetarako plan estrategikoa egitea dute xede, “betiere Uemaren helburua argi eta garbi mantenduz: euskara hutsean funtzionatzeko lurgunea sortzea”.

Plan hori egiteko, bertakoen iritziak ez ezik, kanpotarrenak ere bilduko dituzte. Beste herrialde batzuetako “esperientziak” biltzea dute helburu: estatudun eta estaturik gabeko nazioetakoak, Euskal Herrikoaren tankerako hizkuntz egoera dutenetakoak...

Gaur egun 56 udalerrik osatzen dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, eta horietako azkena batzarrean bertan sartu da: Gaztelu (Gipuzkoa).

Zestoako batzarraz informazio gehiago Berria egunkarian.

Uztarria herri aldizkariak 2008ko martxoan egindako erreportajea