Aimar Irigoien Euskal Harri Handien Txapelketako irabazle

Uztarria.eus 2008ko abe. 22a, 13:12

Txapelketako marka hautsi zuen eta Azpeitiko Udalak 2000 euroko saia emango dio

Atzokoarekin, errezildarrak aurten jokatu dituen hiru txapelketa ofizialak irabazi ditu

Azkeneko albisteak (abenduak 27). "Hurrengo urtea honen modukoa izatea sinatuko nuke gustura"

Aimar Irigoienek Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuen atzo, igandea. Zortzi urte eta gero, Euskadiko Harri Handien Harri-jasotze Txapelketa Azpeitian jokatu zuten eta errezildarrak garaipen bikaina lortu zuen Izarraitz pilotalekuan bildu ziren lagunen aurrean.

Irigoien Unai Lertxundi, Joseba Estolaza eta Bernando Ureta harri-jasotzaileak baino gehiago izan zen eta txapela lortu zuen. Txapelduna izateaz gain, txapelketako marka haustea ere lortu zuen. Marka Irigoienek berak lortu zuen iaz, 9.475 kilo leporatuta, 61 jasoalditan. Azpeitiko Udalak, txapelketako marka haustea lortzeagatik 2000 euroko saria emango dio harri- jasotzaileari.

Urte paregabea izan da Aimar Irigoienentzat 2008a. Aurten jokatu dituen hiru txapelketa ofizialak irabazi ditu: Gipuzkoako Txapelketa eta Euskal Herriko biak, harri txikiena eta handiena. Horrez gain, Izetaren aurkako apustua ere bereganatu zuen.

Azkeneko albisteak (abenduak 27). "Hurrengo urtea honen modukoa izatea sinatuko nuke gustura". Urte ona izan du Aimar Irigoienek 2008a, eta berdin segitu nahi du, gaur (abenduak 27) Berria-n egin dioten elkarrizketan esan duenez. "Hurrengo urtea honen modukoa izatea sinatuko nuke gustura". Apustuak jokatzen jarraitu nahi du. "Talde ona dut nirekin batera. Laguntzaile on horiek ondoan ditudan bitartean, seguru horrelakoak egitera animatuko naizela, nahiz eta lana gogor samarra den".