Danbor taldeek onartu dute alkateak San Sebastian bezperarako egindako proposamena

Uztarria.com 2008ko abe. 23a, 22:12

Minutu bateko isilunea gordetzeaz gain, bakearen eta konponbidearen aldeko aldarria egingo dute

Gaur gauean egin dute bilera taldeek eta Udalak

Datorren San Sebastian bezperako danborradan —urtarrilaren 19an—, herriko plazan "euskal gatazkako sufrimendu guztiengatik" minutu bateko isilunea gordetzea eta danbor taldeek elkarrekin, une horretan, Konponbidea. Elkarrizketa. Euskal Herria. Hitza eta erabakia. Bakea leloa izango duen pankarta zabaltzea proposatu zien lehengo asteazkenean Iñaki Errazkin alkateak taldeei, eta, uztarria.com-ek jakin duenez, hauek ontzat jo dute.

Hain zuzen, gaur (asteartea) 20:00etatik aurrera egin dute horri buruzko bilera danbor taldeek eta Udalak, udaletxean. Julian Kortajarena (EAJ) eta Mikel Ibarzabal (EA) zinegotziak ere joan dira batzarrera.

Urola Kostako Hitza-k aurreko astean aurreratu zuen danborradako taldeetako ordezkariek "oso ondo" hartu zutela proposamena. Azkeneko egunetan horiek euren kideekin hitz egin dute, eta gaur eman dute erantzuna: balekoa. Bi urte barruko danborradaz ere hitz egin dute talde batzuek, "politika" alde batera utzi beharko litzatekeela esanez.

Inazio Uria enpresaburuaren hilketak herrian "atsekabea eta samina" sortu duela dio Udalak eta, hala, "festetan ere azpeitiarren bizikidetza sustatzeko" egin du proposamena. ETAk hil zuen Altuna y Uria enpresako arduradunetakoa, abenduaren 3an, Loiolan.

Aipatutako ekimena izango da San Sebastian bezperan plazan egingo den ekimen bakarra, oraingoan ez dutelako presoen eskubideen aldeko agiririk ez irakurriko.