San Sebastian bezperan bandera igo nahi du Realak

Uztarria.com 2008ko abe. 24a, 16:12

2009an ehun urte beteko dituela da klubaren arrazoia, eta Iñaki Badiolak gutuna bidali zion duela egun batzuk Iñaki Errazkin alkateari

Proposamena lehengo astean aipatu zuten danbor taldeek eta Udalak batzordean

Realak datorren San Sebastian bezperan berak igo nahi du Azpeitian bandera, helduen danborradan festei "hasiera emanez, Udaleko kideekin batera". Horixe eskatu dio Udalari, uztarria.com-ek jakin duenez. Kirol klubaren arrazoia: 2009an ehun urte beteko dituela. Realeko "lehen taldeko ordezkaritza batek" hartuko luke parte urtarrilaren 19ko bandera igotzean. Bi azpeitiar jokalari daude aurreneko ekipoan: Mikel Labaka eta Mikel Aranburu. "Amets zoragarri bat lortuko genuke", dio Realak. Donostiako Udalari, berriz, urtarrilaren 20an San Sebastian egunez bandera jaitsi nahi duela eskatu dio.

Iñaki Errazkin Azpeitiko alkateak hilaren hasiera aldera Iñaki Badiola Realeko presidentearen gutuna jaso zuen —euskaraz idatzia—, eskaera horrekin. Klubaren Mendeurrenaren Antolakuntza Batzordeko kide bezala ere izenpetu zuen eskutitza Badiolak. Orduan artean hura zen Realeko presidentea; lehengo larunbatetik ez, akziodunen batzarrean zuzendaritza osoa kargutik kendu zutelako. Jokin Aperribai da orain lehendakaria.

Azpeitiko helduen danbor taldeek eta Udalak osatzen duten batzordean abenduaren 17ko bileran aipatu zuten gai hori, eta badirudi ez dutela Realaren eskakizuna kontuan hartuko. Azkeneko urteetan, alkatearekin batera, herriko kide edo elkarte batek igo izan du San Sebastian bezperan bandera, gaueko hamabietan. Aipatutako batzordean oraindik ez da Realarena ez den beste proposamenik atera.

Hain justu, hurrengo urteko irailaren 7an beteko ditu Realak ehun urte eta, Azpeitiko Udalera bidalitako gutunak dioenez, bitartean hainbat ekitaldi egin nahi ditu. "Realak, harrotasunez eta dakien era hoberenean, futbolean jokatzen, bere hiria (Donostia) eta bere probintzia (Gipuzkoa) ordezkatu ditu lurralde guztietan, kirola ardatz nagusi bezala". Hala, Azpeitiko Udalari esan dio eskaeraren "garrantzia ulertuko" duela.