Etxebeltz-Izarrako etxebizitzen bigarren faseko zozketa ez dute egingo oraingoz, epaia dela-eta

Uztarria.eus 2008ko abe. 26a, 12:12
Etxebeltz-Izarrako obrak.

EAEko Auzitegi Nagusiak Etxebeltz-Izarra, Alde Zaharra, Soreasu eta Julian Elorzari dagokien arau ordezkatzaileen aldaketa baliogabetu berri du; urtarrilaren 9an ziren egitekoak zozketa

"Ardura politikoarekin jokatuta", Azpeitiko Udalak helegitea jarriko duela esan du Errazkin alkateak

Euskal Autonomi Erdidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia dela-eta, "Etxebeltz-Izarrako etxebizitzen bigarren faseko zozketak bertan behera geratuko dira". Hori da IƱaki Errazkin alkateak joan den asteazkenean adierazi zuena, udaletxean emandako prentsaurrekoan. Etxebeltz-Izarrako lehen faseko 154 etxebizitzen zozketa apirilaren 4an egin zuten. Bigarren fasea, berriz, urtarrilaren 9an egin behar zuten, eta babes ofizialeko beste 54 etxebizitza zozkatu behar zituzten. "Obrak ez dira geratuko, baina zozketa ez da egingo, oraingoz. Herritarren interesak-eta hartu behar ditugu kontuan eta ez dugu jendearen ilusioekin jolastu nahi", azaldu du alkateak.

Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak emandako ebazpenaren arabera (lehengo ostiralean jakin zen), Etxebeltz-Izarra, Alde Zaharra, Soreasu eta Julian Elorzari dagokien arau ordezkatzaileen aldaketa baliogabetuta gelditu da. Azpeitiko Udalak helegitea jarriko dio. "Ardura politikoarekin jokatu nahi dugu eta horregatik helegitea jarriko diogu epaiari. Nahiz eta bere garaian Etxebeltz-Izarran etxebizitzak egitearen aurka egon, une honetan eta herritarrak tartean daudela ikusita, gure esku dagoen guztia egingo dugu", esan du Errazkinek.

Leku Eder promotorak auzitara eraman ditu Gipuzkoako Foru Aldundia eta Azpeitiko Udala, hirigintza arauak ez errespetatzeagatik. Alkateak esan duenaren arabera, "arazoa Etxebeltz-Izarrako finantzaketatik dator". Udalak ez zuen aurkeztu gune horretan egin behar zuten biribilgunearen inguruko bideragarritasun txostenik eta arrazoi horregatik EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu ditu etxebizitzen obrak, Errazkin arabera.

Udal berria agintean jarri zenean (2007ko ekainaren 16an), etxeak egiteko lizentziak emanda zeudela azpimarratu du alkateak. "Udal berriak ez zuen indarrik beste erabakirik hartzeko. Gure esku zegoena ahalik eta gestio onena egitea zen eta horretan saiatu gara".

Etxebeltz-Izarra 20. lur eremua hiritartzeko proiektua Udalean behin betiko onartzeko prozesua korapilatsua izan zen aurreko agintaldian. Orduan EAJ, PP eta PSE-EEk proiektuaren alde bozkatu zuten; EAk eta Habeak kontra.