V nobela

Mikel Ayerbe ('Berria') 2008ko abe. 24a, 16:12

Hasiera itzela du Joxean Agirreren La lutte finale liburu berriak: "Bere azken agurrean egon zirenek, afarira gonbidatu zituenek alegia, ez zegoela abailduta diote. Ez zuen, noski, garai bateko grinarik, irmotasun eta federik. Ez zuen nonbait, gaztetan bezala, ingurukoak egitasmoa handi edo ekintza burugabeetan endredatzeko gogorik, baina horrek xaloagoa, hurbilagoa egiten omen zuen". Zalantzarik gabe, behingoan harrapatu eta irakurtzen jarraitzera behartzen duen hasiera, nobela onetan behar den hasiera horietakoa. Aurrez ere asmatu zuen nobela bati hasiera paregabea ematen Agirrek, 2003an argitaratu zen Romain zen bere izena nobelako hasiera ere halakoxea iruditu zitzaidan (nobela osoa bezala, bestalde). Hasiera indartsuko nobelek arrisku bati egin behar izaten diote aurre, ordea; ondorengo orrialdeetan indar horri heldu eta ahal den neurrian gainditzen saiatzeari, hain zuzen.

Idazlearen aurreko lanetan bezala, istorioak elkarren artean korapilatzen diren kontakizuna eskaintzen da oraingoan ere. Adinarekin batera gainbehera nabaria jasaten ari diren bi gizonezko dira nobelako protagonistak: Garibaldi, ekintzaile izandako irakasle itxuraz etsitua bata; gainbehera filosofiaz hartzen duen nortasun indefinituko zirujaua bestea, narratzailea. Eta, nola ez, tartean bi protagonistekin behin eta berriz gurutzatzen diren bi emakumeak: Nadia eta Natalia. Esan beharrik ez, kasualitatearen ondorioz bezala gertatzen den bikote trukaketak istorioa are gehiago nahasten duela. Bestetik, narratzailearen bizipen pertsonalek ere badute garrantzia nobelan. Liburuaren aurkezpen egunean "gizon ordezkagarri gisa"ยป zehaztu zuen idazleak narratzailearen rola betetzen duen protagonista, eta ordezkagarritasun hori dela eta, gertaera sinesgarriak gertutik jarraitu ahal izango ditu irakurleak. Nobelako hari nagusia, halakorik bada, eta bestelako gertaera itxuraz ezdeusak bata bestearen atzetik topatuz.

60ko hamarkadan artean gazteak zirenei eginiko omenaldiak ere badu bere lekutxoa La lutte finale-n (hortik izenburuaren hautua, Internazionaleko bertso berreskuratua). Baina, egia esan, nobelaren garapenean gai honekiko trataera nola eramaten den irakurrita, sarritan aurpegia uzkurtu zitzaidala aitortu behar dut, nahi eta ezin baten ondorioa agian, eta horren erakusle iruditzen zait artxibo informatikoarekin eginiko mendekuaren kontu hori guztia.

Izan ere, nobelaren erdialdean hasierako indar narratiboa apaldu egiten dela iruditzen zait, hasieran grazia egin arren, azkenerako narratzailearen inguruan sortutako gaizki ulertuak errepikakorregiak suerta daitezkeelako. Egia da, amaieran interesak berriro ere gora egiten duela, eta horregatik esango nuke, nire lagun batek esaten duen moduan, V nobela baten aurrean gaudela. Eta, hala ere, harrigarria da nobelaren eta tramaren nondik norakoekin konparatuz zeinen erraz gailentzen den Agirre idazlearen ahots propioa eta estilo landua. Tramari dagokionez aurpegia uzkurtu arren, tentuz ematen diren xehetasunek, edozeri buruz eginiko gogoeta biribilek eta, azken batean, Agirreren kontaera apartak uzkurdurak ahaztu eta aurrera jarraitzera gidatzen baitu irakurlea.

Aurkezpen egunean esku arteko liburua "nobela sailkaezina" zela esan bazen ere, nik neuk ez nuke horrela izendatuko, uste baitut, tramari erreparatuz nobela gisa batzuetan herrena iruditu arren, bere idazkeragatik liburu bezala erabat gomendagarria eta interesgarria dela La lutte finale.