Pasaiako segadari buruzko auzia, zabalik berriro

Uztarria.eus 2008ko abe. 30a, 16:12
Azpeitiko udaletxe azpian jarri zituzten Dionisio Aizpuru 'Kurro' eta Pedro Mari Isart 'Pelitxo'-ren hilkutxak. Ordukoa da argazkia. (Joxe Mari 'Urrustil')

Espainiako Poliziak orain dela 25 urte 113 tiroz hil zituen Pasaian Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide; Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak tartean

Donostiako Epaitegiak urtarrilaren 19an deklarazioa hartuko dio Poliziaren Gipuzkoako orduko Informazio arduradunari

Datorren martxoaren 22an 25 urte beteko dira Espainiako Poliziak Pasaian Komando Autonomo Antikapitalistetako kide Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu iruindarrak eta Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak tiroz hil zituela, baina oraindik auzia ez da argitu epaitegietan. Kasua hiru aldiz itxi izan dute, baina orain berriro zabaldu dute, atzo (astelehena) Gara egunkariak zioenez.

Izan ere, Donostiako Epaitegiak urtarrilaren 19an deklarazioa hartuko dio Espainiako Poliziaren orduko Gipuzkoako Informazio arduradunari, eta geroago Espainiako orduko arduradunari ere hartuko dio.

1984ko segada hura

Hauxe da 20. urteurrenean Pako Aristik Uztarria aldizkarian egindako erreportaje zabalaren zati bat, martxoaren 22 hari dagokiona:

Martxoak 22

Iluntzeko hamarretarako egin zuen Rosa Jimenok hitzordua komandoko lagunekin, Pasaiako badian dagoen leku batean. Aurreko orduetan sekulako polizia pila sumatu zuen komisarian, armak hartzen, txalekoak janzten, joan-etorrian. Rosaren kezka bakarra zen lagunei gertatuko zitzaiena, ea zer egin behar zieten galdezka ibili zen poliziei, bizirik uzteko eskatuz. Poliziek erantzun zioten atxilotu baino ez zituztela egingo, lasai egoteko.

Dena batu zen gau hartan komandoaren aurka. Osagai guztiak kalterako zituzten, eurak asko jakin gabe: Madrileko gobernuan zegoen alderdia mendeku gosez zegoen; poliziak libre zeukan nahi zuena egitea, jakinik egiten zutena eginda ere ez zela ikerketarik egongo, ez epaiketarik, ez zutela espetxean amaituko, aldiz, dominak jasoko zituztela; komandokoen konfiantzako kontaktua ere poliziaren esku zegoen; eta azkenik, komando autonomoek ez zeukaten apoio sozial handirik eta ez alderdi indartsurik atzean, adibidez greba orokorra antolatu eta gizartean istilu larriak eragin zitzakeenik. Egoera hartan, autonomoaren bizia merke zegoen, ia doan, esaterako.

Lapurdiko porturen batetik atera eta iluntzeko hamarretan iritsi zen zodiaca esandako lekura. Bost gizon zetozen bertan: Rafael Delas Txapas ezizenekoa, Jose Maria Izura Pelu, Dionisio Aizpuru Kurro, Pedro Mari Isart Pelitxo eta Joseba Merino. Txapas eta Pelu Iruñekoak ziren, Kurro eta Pelitxo azpeitiarrak, eta Joseba Merino donostiarra. Poltsa batean armak zekartzaten, baina bat ere ez soinean.

Lekua itsasertzeko zulo bat da, haitz labainkorrak dauzkana, malkartsua. Poliziek goitik behera ikusten zituzten autonomoak, eta hauek ez zuten defenditzeko aukerarik izan. Ongietorria bikain prestatua zeukaten: inguru guztian poliziak non-nahi, fokoak prest, urpekariak ere bai, eta esandako tokian Rosa Jimeno zeukaten, soka batekin hanketatik lotuta.

Iritsi zirenean Rosak linterna bat piztu zuen hiru aldiz, hori baitzen seinalea. Hori egin ez balu bertan tirokatuko zuten neska. Iritsi ziren. Lehenengo Pelitxo azpeitiarra jaitsi zen, Kurro atzetik, eta Merino hurrena. Honek txakur bat zeraman lantxan, eta hura hartzera makurtu zenean hasi zen guztia. "Alto policia” entzun zuten. Tiro bakar bat ondoren, eta berehala sekulako tiro zaparrada. Fokoak piztu zituzten. Ordurako Rosari tira egin zioten sokatik eta polizia batek zaintzen zuen. Rosak aitortu du iritsiera une hartan saiatu zela lagunei abisatzen, baina ezin izan zuela, poliziaz inguraturik egon baitzen uneoro.

Lehen tiroketa horretan Pelitxo eta Pelu hil ziren. Bizirik atera zituzten Txapas, Kurro eta Merino. Eskuak buru atzean ipiniarazita, identifikatu egin zituzten. Merinori egozten zioten Casasen aurkako atentatuan parte hartu izana, eta hura bazterrera eraman zuten. Orduan hiru polizia aurreratu ziren Txapas eta Kurrorengana, bi metrailetekin eta bat eskopetarekin. “Orain hil egingo zaituztegu” oihukatu eta metro bat baino gutxiagoko distantziatik tiro egin zieten eta bertan hil. Lau hildakoen gorpuetan 113 bala zulo aurkitu zituen forentseak. Autonomoek ez zuten tiro bakar bat bota. Berriki polizia batek deklaratu du gau hartan ehun polizia baino gehiago zegoela Pasaiako badia zaintzen komandoaren zain.

Ez zitzaien ezertxo ere kostatuko denak bizirik atxilotzea, tiro bakar bat bota gabe gainera. Une hartan, hara hurbildu zen pasaitar batek ikusi zuen agente bat poliziaburu batengana hurbiltzen, esanez: “Nagusi, agindutako lana bete dugu!”. (…)

---

Gaiaz beste artikulu bat hemen