Gastadore irtendakoek igoko dute bandera San Sebastian bezperan

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 14a, 10:01
1959ko urtarrilaren 19an, helduen danborradan irten zuen gastadoreen taldea.

Gastadoreen aurreneko taldea duela 50 urte irten zen danborradan lehen aldiz

Aurten emakumeek helduen danborradako talde guztietan danborra jotzen irteteko aukera dute

Orain dela 50 urte helduen danborradan gastadore irtendako herritarrek igoko dute San Sebastian bezperan herriko bandera. 1959ko urtarrilaren 19an irten zuen aurreneko aldiz gastadoreen taldeak danborradan. Azpeitiko helduen danborradak ere aurten 50 urte beteko ditu. 50 urte hauetan, hutsik egin gabe, San Sebastian bezperako helduen danborradako taldeei bidea zabalduz gastadoreen taldeak irten izan du aurretik, beti.

Lehen urtean, Oargi taldekoek irten zuten gastadore; gero gehienak OƱatz Gain elkartera pasatu ziren. Gastadoreen aurreneko talde hartan, orain 50 urtekoan, 14 lagunek irten zuten. Urola Kostako Hitza-k jakin duenez, haietatik bost bizi dira: Patxi Azkargorta, Josu Agirre, Manolo San Juan, Carmelo Loinaz eta Julian Arruti Oriyo. Horiek igoko dute herriko bandera udaletxeko balkoian, datorren astelehenean.

Talde guztiak mixtoak

Aurten, gainera, helduen danborradako talde guztietan emakumeek danborra jotzen irteteko aukera izango dute, Ardozaleak elkartean bazkide emakume bat egin delako. Arauntza elkartean ere emakumeek irteteko aukera izango dute aurten.

Gaur egun, helduen danborradan danborra jotzen emakumerik ez duten taldeak bakan batzuk besterik ez dira; urtetik urtera gero eta emakume gehiagok parte hartzen du.