Pedro Illarramendi: "Nire betiko ilusioa danborra jotzea izan da"

Uztarria.eus 2009ko urt. 19a, 10:01
Goiko argazkian, Pedro Illarramendi. Beheko argazkian, San Sebastinan bezperan, Alkartasuna taldea zuzentzen.

Berrogeita hamar urtean helduen danborradan zuzendari bezala irten eta gero, gaur gauean zuzenduko du Alkartasuna taldea azken aldiz

Azpeitiko danborradaren sortzailetako bat da

Pedro Illarramendi da Azpeitiko danborradaren sortzailetako bat. Aurten 50 urte beteko ditu helduen danborradak eta 50 urte horietan talde ezberdinetako zuzendari lanak egin ditu hark. Oargi eta Landetan taldeetan ibili zen hasieran, eta azken 42tan Alkartasunan. Gaur gauean azken aldiz hartuko du taldea zuzentzeko makila, datorren urtetik aurrera bere "betiko ilusioa" egingo duelako: danborra jotzea.

50 urte dagoeneko zuzendari.

Hala da. Orain dela bi urte umeen danborradak 50 urte bete zituen, eta aurten helduek beteko dute 50 urte. Lehen danborradako zuzendariak bi izan ginen: nik Oargi taldetik irten nuen eta Bixete Belokik Peña taurinatik. Oñatzbideko alaberderoek ere irten zuten.

Zein da motibazioa 50 urte jarraian irteteko?

Nik beti pentsatu izan dut danborrada herriko festa garrantzitsuena dela, herritarrek hartzen dutelako parte. Antzinean sansebastianak zezenaren inguruko festak ziren. Zezilio Apaolaza eta Baltasar Iglesias apaizen ideia izan zen danborrada Azpeitian egitea. Hainbat gazte, ni tartean, elizako talde katolikoaren inguruan ibiltzen ginen eta bi apaiz horiek Donostian danborrada ospatzen zela esan ziguten eta, gure patroia Soreasuko Sebastian denez, gu ere danborrada prestatzen hasi ginen, euren laguntzarekin.

Asko aldatu al da danborrada 50 urte hauetan?

Bai. Garai batean bi talde bakarrik ateratzen ginen. Talde batek danborrak eramaten zituen, besteak barrikak eta bion artean banda joaten zen. Danborrada hazten joan zen heinean inguruko herrietako bandak gehitzen joan ziren. 15 edo 16 talde sortu zirenean Udalak pentsatu zuen megafoniaren aukera. Aurrerakuntza garrantzitsua izan zen, nahiz eta megafonia oraindik hobetu daitekeen zerbait den. Zarata handia izaten da San Sebastian bezperan kalean eta askotan doinuak ez ditugu ondo entzuten.

Eta aldaketa denak onerako izan al dira?

Garai batean ez zen aldarrikapenik egiten. Ni aldarrikapenen alde nago, baina zenbait gaietan eta zenbait lekuetan. Orain festak politizatu egiten dira. Denon artean zerbait egin beharko genuke alde bateko eta besteko aldeko aldarrikapenak festan ez sartzeko, festa festa delako.

Urte honetan egingo dituzu zuzendari lanak azken aldiz.

Berrogeita hamar urte pasatu eta gero une ona da erretiratzeko. Ni zuzentzen hasi nintzen, bere garaian beste zuzendaririk ez zegoelako, baina nire betiko ilusia danborra jotzea izan da. Zuzendariak ardura eta konpromiso handia du: taldea eraman, ahalik eta txukunena jo… Soziedadean esan dut nire ordezkoa bilatzeko. Jende asko dago zuzendari lanak ederki egingo dituena. Datorren urtean danborra jotzen irtengo dut.

Zer aholku emango zenioke hasiberri bati?

Ez dut uste aholkurik eman daitekeenik. Azpeitiar bezala, danborradan parte hartzeak ilusio handia egingo dio, eta horrekin nahikoa da. Zuzendari izateko ez da teknika handirik behar, erritmo batzuk markatzea nahikoa da. Ilusioa duenak ez du arazorik izango.

Zein da gertatu zaizun gauzarik bitxiena?

Diktadura ondorengo urteetan hartu nuen atsekaberik handiena. Landeta taldean nengoen eta urte batean ezin izan genuen bruxa jantziarekin irten. Dena politika kontua zen. Herria zatitu egin zen, gainera, eta, batzuen ustez, jantzi horrekin gu probokatzera joan ginen. Orain gauzak aldatu egin dira eta edozein jantzirekin irteteko aukera dago.

Zerbait aldatuko zenuke sansebastianetan?

Arau on batzuk egin beharko lirateke, gauzak erabakitzeko. Nire ustez, talde guztiek euren estatutuak eduki behar dituzte eta horiek taldearen eginbeharrak jaso behar dituzte. Bestetik, taldeen eta Udaleko Kultura sailaren artean harreman handia egon behar du.

Danborradako une bat aukeratu beharko bazenu, zein?

Oso une hunkigarria eliz atarian jotzen dugunekoa da, niretzako behintzat. Baina dudarik gabe, hamabietakoa, plazakoa da hunkigarriena. Ezin da azaldu sentitzen dena. Momentu horretan gurekin ez dauden lagunekin oroitzen naiz.

Eta zein doinu?

Txokolo asko gustatzen zait. Bestetik, Soreasuko Sebastian oso kuriosoa da martxa bezala, eta, gainera, azpeitiar batek egindakoa da: Jose Luis Franzesenak. Hori oso garrantzitsua da.