Pasaiako segadan hildakoak omendu nahi zituztenei oldartu egin zaie Ertzaintza

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2009ko mar. 28a, 15:03
Hainbat herritar gaur, plaza inguruan, aurrean ertzainak zituztela.

Lagun bat erietxera eraman dute, ertzain batek borra kolpe batez bekaina ireki diolako

Beste bi lagun identifikatu egin dituzte

Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin ditu duela 25 urte Pasaian hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalistetako kideen aldeko ekitaldiak, eta Ertzaintzak agindua bete egin du gaur (larunbata) ere Azpeitian (lehengo igandean Pasaian). Gaur oldartu egin zaie Azpeitiko plazan bildutakoei.

Lagun bat erietxera eraman behar izan dute, ertzain batek borra kolpe batez bekaina ireki diolako. Argazkiak ateratzen ari ziren bi lagun furgoneta barruan atxiki ditu Ertzaintzak; material grafiko guztia ezabatu eta bi lagunak identifikatu ostean, aske utzi dituzte.

Azkenean, normaltasun osoz, Pasaian hildakoen kide, lagun eta senideek Enparan dorretxearen atzean dagoen oroitarriraino joan ahal izan dute kalejiran eta omenaldia egin diete bertan.

Espainiako Poliziak tiroz hil zituen 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian Pedro Mari Isart Pelitxo eta Dionisio Aizpuru Kurro azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Mari Izura Pelu iruindarrak, eta kasuak argitzeke segitzen du epaitegietan.