Herri mugimenduak erabakiguneetan egon behar duela aldarrikatu dute

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2009ko mar. 31a, 12:03
Agiria 24 herritarrek sinatu dute, guztiak ere "herriko taldeetan eta elkarteetan lanean aritakoak edo ari direnak".

Hogeita lau herritar ezagunek agiri bat aurkeztu zuten atzo (astelehena), herria "bizitzen eta aberasten" joateko helburuarekin

Herritar taldeak "marka politikoa" aldatu arren ezin dela parte-hartzean "atzera egin" adierazi dio Udalari

"Azpeitian gertatu den Udal Gobernu aldaketarekin kezkatuta" agertu ziren atzo (astelehena) Azpeitiko 24 herritar, guztiak ere herriko talde eta elkarteetan lanean aritutakoak eta ari direnak. "Herri mugimendua ezinbestekoa da erabakiguneetan, eta azken urtebetean Udalaren aldetik herri mugimenduari aitortza justua egiten hasia zitzaion", dio atzo Enparan Dorretxean irakurri zuten agiriak.

Besteak beste, Mikel Labaka Realeko jokalaria eta Kirol Mahaiko kidea, Alaitz Olaizola antzerkilaria eta Laxaro Azkune Uztarria Kultur Koordinakundeko kide ohia agertu ziren prentsaren aurrera, gainontzeko sinatzaileak atzean zituztela.

Mikel Arregi Uztarriako kide ohiak irakurri zuen agiria, eta "Azpeitia bizi eta parte-hartzailearen alde herri mugimendua protagonista" izan behar dela esan zuen , "Udalaren parte-hartzearekin" batera: "Azpeitia hobe bat eraikitzen joan nahi badugu, batzen gaituen horretan bat egitea behar-beharrezkoa da. Hala, azken urtebetean bezala, beharrezko jotzen dugu herri mugimenduak eta udal ordezkariek uztarri beretik lotuta jardutea aurrerantzean".

Bide horretatik, azken hilabeteotan herrian martxan jarri diren arloz arloko mahaien garrantzia azpimarratu zuten: "Ezin diegu arloz arloko mahaiei hiltzen utzi". Agiria sinatu dutenen ustez, mahai horiek "herriaren norabideaz pentsatu, eztabaidatu eta erabakitzeko guneak" dira, herriko eragileek, norbanakoek eta Udalak osatutakoak.

Aurrerantzean mahaietan lanean jarraituko dutela esan zuten, eta "agiriak jasotzen duen filosofia" mahai horietan berma dadin lan egingo dutela nabarmendu zuten.

Sinatzaileak

Agiria sinatu dutenak honako hauek dira:

Laxaro Azkune. Uztarriako kide ohia.

Jose Luis Otamendi. Kultur Mahaiko kidea.

Gari Mendiola. Kultur Mahaiko kidea.

Aitor Bengoetxea. Kultur Mahaiko kidea.

Alaitz Olaizola. Antzerkigilea.

Mikel Arregi. Uztarriako kide ohia.

Dorleta Odriozola. Euskara Mahaiko kidea.

Ainara Betegi. EHEko kidea.

Eneritz Mendiola. EHEko kidea.

Rosa Urkizu. Ikasberri Azpeitiko Ikastolako gurasoa .

Iban Arregi. Ikasberri Azpeitiko Ikastolako gurasoa.

Juainazio Azkue. Urola Ikastolako irakaslea.

Joxin Iturriotz. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko langilea.

Mikel Labaka. Kirol Mahaiko kidea.

Aitor Zulaika. Kirola.

Inigo Orbegozo. Kirola.

Joseba Lizarralde. Kirol Mahaiko kidea.

Susana Garate. Emakume Mahaiko kidea.

Leire Etxaniz. Emakume Mahaiko kidea.

Haizea Egiguren. Bilgune Feministako kidea.

Asier Aranbarri. Baserritarra.

Eneka Urbieta. Gazte mugimenduko kidea.

Nekane Nazabal. Gazte mugimenduko kidea.

Mailo Oiartzabal. Urrestilla Herri Batzordeko kidea.

Agiria osorik

Azpeitia bizi eta parte-hartzailearen alde

"Gaur hemen bildu garenak Azpeitian talde eta elkarte ezberdinetan lanean ari garen eta aritu garen herritarrak gara, eta ez dugu ezkutatuko: Azpeitian bizi dugun egoera politiko nahasiarekin kezkatuta gaude, Azpeitian gertatu den udal gobernu aldaketarekin kezkatuta.

Gure ustez, herri mugimendua ezinbestekoa da erabakiguneetan, eta azken urtebetean Udalaren aldetik herri mugimenduari aitortza justua egiten hasia zitzaion, dagokion errekonozimendua eta garrantzia ematen hasia zitzaion. Izan ere, Udalak herri ekimenak bultzatu eta txalotu egin behar lituzke zapuztu ordez, herri bizi eta parte-hartzaileak behar duen bezala.

Hala, norabide horretan Udal Gobernu aldaketarekin eman daitezkeen atzerapausoen aurrean zera esan nahi dugu:

-1. Herri bat ez da Udaletik bakarrik eraikitzen. Udalak badu ezinbesteko funtzioa, noski. Baina Udalaz gain, egunerokoan lanean ari den norbanako, elkarte, talde eta mugimenduen ekarpena ezinbestekoa da. Herritarren artean antolatutako mugimendurik gabe, herria hilda legoke. Zer litzateke Azpeitia kultur talderik gabe, euskalgintzarik gabe, emakume mugimendurik gabe, kirol talderik gabe, eta ezein kolore izanda, herri honen alde lanean ari den bilgune hori gabe? Zer litzateke Azpeitia, lau urtean behin botoa emateaz gain, herri honen alde egunerokoan lanean ari den norbanako hori gabe? Ezinbesteko ekarpen hau aitortzea beharrezkoa da.

-2. Udalaren momentuko marka politikoaren eta unean uneko egoera politikoen gainetik, hemen azaldu garenok herri mugimenduan eta bere pluraltasunean sinesten dugu batik bat. Alegia, guretzat herri mugimendua ezinbesteko tresna da herri hau sektore guztietan garatzeko eta hobetzeko; herri mugimendua behar-beharrezkoa da Azpeitia bizitzen eta aberasten joateko.

-3. Udalak pauso eraginkorrak eman ditu azken urteotan herri mugimenduari dagokion garrantzia aitortzeko orduan. Herriko eragileei garrantzia eta protagonismoa aitortuta, Azpeitiak irabazi egin du azken urteotan. Arloz-arloko mahaiak eragileen arteko bilgune izateaz gain, herriaren norabidearentzat garrantzitsuak diren erabakiak hartzeko toki bilakatu dira. Kultur eragileek herri honen kultur azpiegiturei buruzko erabakietan parte hartu dezaketela sineste dute, esaterako. Eta gainontzeko arloetan berdin.

-4. Orain Udal Gobernu berria dugu. Eta guk argi dugu: Udal Gobernuaren marka politikoa bata edo bestea izan, ezin dugu egindako bidean atzera egin; gu saiatuko gara horrela izan ez dadin. Herri honentzat kaltegarria litzateke. Ezin diegu arloz-arloko mahaiei hiltzen utzi. Eta horretarako ezinbestekoa da euren izaera onartzea: arlo bakoitzeko eragile kolektibo eta indibidualez osatutako bilguneak; noski, Udalaren parte-hartzea ere ezinbestekoa duten bilguneak; herriaren norabideaz pentsatu, eztabaidatu eta erabakitzeko guneak.

-5. Azpeitia hobe bat eraikitzen joan nahi badugu, batzen gaituen horretan bat egitea behar-beharrezkoa da gure ustez. Hala, azken urtebetean bezala, beharrezko jotzen dugu herri mugimenduak eta udal ordezkariek uztarri beretik lotuta jardutea aurrerantzean ere, alderdi interesak alde batera utzita, eta herriko eragileei dagokien garrantzia aitortuta".

Prentsaurrekoa ikusteko klikatu hemen