Azpeitiko Ardi Gaztak lehen saria irabazi du Barbastro hiria artisau gazten lehiaketan

Uztarria.eus 2009ko api. 7a, 13:04

Espainia mailako lehiaketa garrantzitsuenetakoa da; guztira 40 gazta inguru aurkeztu ziren

Saria ez zutela espero eta "oso gustura" daudela dio Amaia Errazti gaztagileak

Azpeitiko Ardi Gazta kooperatibak lehenengo saria irabazi zuen joan den astean Aragoiko (Espainia) Barbastro Hiria Artisau Gazten Eskualdearteko lehiaketan. Espainia mailan egiten den lehiaketa garrantzitsuenetakoan, Idiazabal Gaztaren hiru gaztagilek lortu zituzten sari nagusiak: lehenengo saria azpeitiarrentzat izan zen, bigarrena Elgoibarko (Gipuzkoa) Jesus Mari Ansolak lortu zuten eta hirugarrena, berriz, Unanueko (Nafarroa) Isabel Baldak bereganatu zuen.

Amaia Errazti, Ardi Gaztako gaztagilea

Zenbat lehiaketa irabazi dituzue jadanik?

Lehiaketa asko irabazi ditugu, baina Espainia mailan irabazi dugun lehena izan da hau. Ordiziako lehiaketa irabazi dugu eta hori Espainian ere oso ezaguna da. Hala ere, azken lehiaketa agian irabazi dugun garrantzitsuena da, probintzi askotako gaztak aurkeztu zirelako. Euskal Herriko, Kataluniako, Aragoiko, Extremadurako eta Asturiasko 40 gazta inguru aurkeztu ziren guztira.

Nolako gaztarekin irabazi duzue lehiaketa?

Duela 10 hilabete egindako gazta bat aurkeztu genuen, ekainaren 4ean egindakoa hain zuzen. Itxuraz oso gazta polita da, usai fuertea duena baina zapore aproposa, gustu ona usten duena. Espainia mailan hemen egiten dugun gazta zabaltzen ari da. Horren adierazle da lehiaketa honetan Idiazabalgo hiru gaztek lortu dituztela hasierako hiru postuak.

Zer suposatzen du horrelako sari bat irabazteak?

Egindako lana baloratzea da eta gauzak ondo egiten ditugula ikusteko balio du. Marta LarraƱagak eta Belen Juaristik egin zuten gazta irabazlea, ni bajan nengoen-eta. Horrelako lan bat egiten zuten lehen aldia zen eta poz handia izan da guztientzat. Egiten dugun lana zaila da, eta hori baloratzea oso pozgarria da. Esnea ekartzen diguten artzainak ere aipatu nahiko nituzke; azkenean, gazta on bat egiteko funtsezkoa da esne ona izatea. Jabier Agirrek, Jose Zubiaurrek, Anjel Erraztik, Kontxi Gorrotxategik eta Migel Urangak ekartzen digute esnea.

Hainbeste lehiaketa irabazita, zein da hurrengo erronka?

Erroman mundu mailako lehiaketa bat dago martxan eta lehiaketa horretara gaztak bidali ditugu. Ekainean emango dituzte emaitzak. Oso zaila ikusten dugu irabaztea, baina irabazi dugunarekin oso gustura gaude.