Erremonte Txapelketako partidak aurten arratsaldez jokatuko dituzte Izarraitzen

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 25a, 11:05
Izarraitz pilotalekuan aurkeztu zuten Azpeitiko X. Erremonte Txapelketa. (Nerea Uranga)

Txapelketan Matxin VI.a azpeitiarrak eta Etxabe II.a aizarnazabaldarrak debuta egingo dute

Hamasei erremontistatik zortzi azpeitiarrak dira

Azpeitiko X. Erremonteko Txapelketa jokatuko dute maiatzaren 29tik ekainaren 19a. Aurten, partidak ostiraletan 22:00etan jokatu beharrean, ostiraletan 18:30ean hasiko dira, ohi bezala Izarraitz pilotalekuan. Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburu Julian Kortajarenak dioenez, ordu aldaketa jendearen erantzuna nolakoa den ikusteko proba bat da: "Aurreko urteetan Herriarteko txapelketarekin bat egiten zuten partidak eta horregatik erremonte txapelketakoak arratsaldez jokatzea erabaki dugu. Ea horrela jende gehiago animatzen den ikustera etortzen".

Galarretako kudeatzaile Juan Antonio Ercillaren arabera, eskertzekoa da Azpeitiko Udalak erremontea bultzatzeko egiten duen ahalegina, "laguntza hori erremonteari bizirik eusteko ezinbestekoa baita".

Ohi bezala aurten ere etxeko erremontistak dira nagusi: hamaseitik zortzi azpeitiarrak dira; hiru aizarnazabaldarrak eta bat azkoitiarra. Horietatik bik Azpeitiko lehian debuta egingo dute: Eñaut Oiarzabal Matxin VI.ak eta Joseba Etxeberria Etxabe II.ak.

Agirrezabala matxinbentarrak Azpeitiko azken bi txapelketetan txapela lortu du. Kike Elizalde Galarretakoaren esanetan, "nonbait txapelketari neurri hartu dio".

Hilaren 29an jokatuko dute lehen kanporaketa Matxin VI.ak eta Ionek Ibarzabalen eta Gazteluren kontra. Gero, Etxabe II.a eta Agirrezabalak Matxin III.a eta Etxezabalen kontra. Bigarren kanporaketak ekainaren 5ean jokatuko dituzte; kanporaketak doakoak dira. Finalerdiak, ekainaren 12an eta 19an dira, eta sarrera 6 euro izango da. Finala, ekainaren 19an da, eta sarrera 10 euro kostatuko da. Finalekoaren aurretik Txetxu Iriarte eta Imanol Badiola azpeitiar erremontistek jokatuko dute nor baino nor.

Azpeitiko X. Erremonte Txapelketa

Parte hartuko duten bikoteak.

  • Eñaut Oiarzabal Matxin VI.a (Matxinbenta, Azpeitia) eta Ion Etxeberria Ion (Azpeitia).
  • Andoni Ibarzabal Ibarzabal (Amasa) eta Iñaki Agirre Gaztelu (Leitza).
  • Joseba Etxeberria Etxabe II.a (Aizarnazabal) eta Igor Agirrezabala Agirrezabala (Matxinbenta, Azpeitia).
  • Xuban Oiarzabal Matxin III.a (Matxibenta, Azpeitia) eta Aner Bueno Etxezabal (Azpeitia).
  • Egoitz Zulaika Zulaika (Aizarnazabal) eta Urko Etxeberria Urko (Azpeitia).
  • Pello Bereziartua Bereziartua (Azpeitia) eta Iosu Baleztena Baleztena (Erasun).
  • Ibon Agirrezabala Matxin IV.a (Azkoitia) eta Xanti Aizpurua Aizpurua II.a (Tolosa).
  • Aritz Etxeberria Etxeberria IV.a (Urrestilla, Azpeitia) eta Unai Zubizarreta Zubizarreta(Aizarnazabal).