Presoei elkartasuna adierazi asmoz, III. Boulder Txapelketa antolatu dute

Uztarria.eus 2009ko mai. 27a, 13:05
Iazko boulder txapelketa.

Txapelketa larunbatean egingo dute, Gaztetxean

Hiru zailtasun ezberdinetara egokitutako panelak prestatuko dituzte

Hirugarren urtez jarraian, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Azpeitiko Gaztetxeak "kirol eskalada, aisia eta elkartasuna" uztartzen dituen Boulder txapelketa herrikoia antolatu dute. Euskal Presoak Euskal Harrietara! lelo hartuta, larunbatean egingo dute txapelketa Gaztetxean.

Antolatzaileen arabera, "Boulder-a probatuz, lehiatuz edo gozatuz euskal preso politikoei dagozkien eskubideen urraketa salatzeko" ekimena da. Txapelketa herrikoia izatea nahi dute, eta horretarako "partehartzea bultzatu nahi dugu, boulder-a maila ezberdinetan edornork praktika dezan". Horregatik hiru zailtasun ezberdinetara egokitutako panelak prestatuko dituzte eta parte-hartzaile bakoitzak aukeratuko du zer mailatan parte hartu: hasiberrien maila lehen aldiz probatu nahi duenentzat prestatu dute eta herrikoien maila, berriz, lehendik aritu direnentzat izango da. Elite mailako ikuskizuna ere izango da.

Izen ematea 9.30etik 10:30eta bitartean eman behar da egunean bertan. 10 euroren truke abituailamentua, kamiseta eta eskalada material zozketako zenbakia emango dituzte. Larunbata gauean, txapelketa amaitu ondoren, sari banaketa, zozketa eta afaria egingo dituzte.

III. boulder Txapelketa herrikoia

Ostirala, maiatzak 29

22:00. Haitzetan dantzan ikusentzunezkoa sanagustipeko arkupetan. Joxe Luis Urkizu Beltza, Xabi Prieto eta Gorka Karapetoren eskutik.

Larunbata, maiatzak 30

  • Umeen gunea plazan egun osoan.
  • Boulder txapelketa gaztetxean

Goizez kanporaketak

10:30. Hasiberriak

11:30. Herrikoiak

Arratsaldez finalak

16:00. Hasiberriak

17:00. Herrikoiak

18:00. Elite Mailako Txapelketa.