Garmendipen Lagun Onak-ek partida irabaztera irtengo du

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 28a, 11:05
Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak taldea eta zuzendarutzakoak.

Lagun Onak futbol taldeko entrenatzaile Aitor Zulaikaren nahia, larunbatean, Garmendipen 1.000 eta 2.000 zaletu biltzea da

Futbol partida larunbatean da, 18:00etan, Garmendipen

Denboraldi osoan egin bezala, partidaz partidakoa ardatz hartu eta beste bat izango balitz bezalaxe irtengo du Garmendipeko zelaira, Lagun Onak-ek Bigarren B Mailarako igoera faseko kanporaketako Gimnastica Torrelavegaren aurkako itzulerakoan. Futbol partida larunbatean da, 18:00etan. Ohiko prestaketak egiten ari da aste honetan futbol taldea eta denboraldiko leloari helduz irtengo dute futbol zelaira. "Denboraldi osoan bezalaxe, irabaztera irtengo dugu futbol zelaira", dio Aitor Zulaikak, Lagun Onak-eko mutilen lehen taldeko entrenatzaileak.

Joanekoan 0-1 galdu zuen Lagun Onak-ek Torrelavegaren kontra, baina oraingo honetan irabazteko aukerak badituzte. Horretan zalantzarik ez dute Lagun Onak-ekoek. Zulaikak dioenez, "aukerak badaude irabazteko. Garbi dago beste taldea ona dela, eta joanekoan lortutako emaitza haientzako ona dela. Baina, Lagun Onak ere talde ona da. Aurrekoan egindako akats txiki horiek zuzendu eta talde ona garela erakutsi behar dugu emaitzari buelta emateko. Gure helburua aurkariei baloia kentzea izango da; horrez gainera, haien indarguneak ahuldu behar ditugu eta gureak indartu".

Partidara moldatu beharra

Etxean dute partida, baina "desberdina" izango da. Partida erabakiorra da, zaletu asko izango da... "Horretara moldatu behar dugu. Egoera berezi horretara ondoen moldatzen denak aterako du partida aurreara", Zulaikaren ustez.

Taldekideengan konfiantza osoa du entrenatzaileak, "Portugaleteren aurkakoan eta Torrelavegan jokatutako partidetan heldutasun futbolistikoa erakutsi du taldeak, eta konfiantza badut taldearengan".

Zaletuengan ere konfiantza du Zulaikak; Kantabriatik asko etorriko diren arren, bertakoak, Lagun Onak-en aldekoak, Garmendipen gehiago izango direnaren itxaropena du. "Lortuko dugu zaletuak Garmendipera joatea. Neroni jende asko ari zait sarrerak eskatzen, toki askotako jendeak deitu dit sarrera eske. Aste honetan Gipuzkoan jokatuko den futbol partidarik garrantzitsuena da larunbatekoa, eta zaletuek erantzungo dutela uste dut". Zulaikaren nahia, 1.000 eta 2.000 zaletu artean biltzea da Garmendipen. Baina, garbi du beraien egiteko garrantzitsuena zelai gainean dutela, "zaletuen kontua zelaitik kanpokoa baita".

Aste berezia

Denboraldian zehar bezalaxe ari dira prestatzen Lagun Onak-eko jokalariak. Baina, futbol elkarteko zuzendaritzakoentzako aste berezia izaten ari da: lan eta lan, buru-belarri ari dira larunbateko futbol partida prestatzen. "Aste hau zeharo berezia da guretzako", dio Joxe Mari Larrañagak, Lagun Onak Futbol Elkarteko presidenteak. "Gu ez gaude horrelako dinamikara ohituta: komunikabideentzako akreditazioak, elastiko bereziak, sarrerak... Nahiko zoratuta gabiltza, bai. Egunero bilduz eta gauzak erabakiz. Baina honek denak bere fruitua ematen badu, ez da txarra".

Lagun Onak-eko lehen taldeak denboraldietako ohiko jardunaldietan 100-200 zaletu biltzen ditu Garmendipe futbol zelaian, eta larunbatean jende asko espero dute. Beraz, horretarako kontu guztiak prestatu behar dituzte.

Larunbateko partidarako sarrerak gaur jarriko dituzte saltzen Garmendipe futbol zelaiko leihatilan. Gaur eta bihar, 18:30etik 20:30era egongo da leihatila zabalik.

Horretaz gain, balkoietan jartzeko banderolak, lepoko zapiak eta elastikoak ere saltzen jarri dituzte: Garmendipen, Etxe Zuri tabernan, Ongi Etorri erretegian eta Ametsa tabernan, hain zuzen ere.

Lagun Onak-eko lehen taldea

Argazkian dauden hurrenkeran:

Goiko lerroan: David Tejera, Beñat Larrañaga, Josu Solabarrieta, Julen Santesteban, Unai Etxeberria, Mikel Azkoiti, Josu Aranburu, Eneko Kortadi, Aitzol Manterola, Cristian Fernandez, Unai Torres eta Kristian Garnateo.

Erdiko lerroan: Jose Mari Perez (zuzendaritzakoa), Iban Agirrezabala, Iñigo Saizar, Miren Aranburu (fisioterapeuta), Xabier Alberdi (entrenatzaile laguntzailea), Josu Sudupe (2. entrenatzailea), Aitor Zulaika (entrenatzailea), Jose Mari Larrañaga (presidentea), Jon Alberdi (prestatzaile fisikoa), Joseba Aranguren (atezainen entrenatzailea), Juan Ramon Olalde (taldearen kirol ordezkaria), Jon Orbegozo, Ibon Morales, Juan Luis Urbieta (zuzendaritzakoa).

Behean. Xuban Peña, Lur Etxeberria, Jon Arrue, Alex Altolagirre, Odei Tena, Andoni Sarasola, Ruben Aranburu, Julen Aranburu, Mikel Agirre eta Mikel Albizuri.

Datuak

1.000 sarrera eskatuta Torrelavegak. Gimnastica Torrelavega Kantabriako futbol taldeak larunbatean Garmendipen jokatuko den futbol partidarako 1.000 sarrera eskatu zizkion herenegun Lagun Onak-i. Dagoeneko 800 sarrera bidali dituzte hara.

20 autobus doan. El Diario de Cantabria.com webgunean atzo ziotenez, Kantabriako Gobernuko Kultura, Turismo eta Kirol Sailak 20 autobus jarri ditu zaletuak Kantabriatik Azpeitira etortzeko. Doan dira autobusak.

2 telebista. Kantabriako bi telebistatakoak etorriko dira larunbatean Garmendipera. Lagun Onak eta Torrelavegaren arteko futbol partida zuzenean emango dute.

2.400 lagun. Garmendipe futbol zelaiak 2.400 lagun hartzeko gaitasuna dauka.