Makil guztien zahagia

Ana Mendizabal (Udaleko Euskara batzordeburua) | Iritzia | Artikulua
2009-06-18 12:06

  1. - Harrigarria da, eta inola ere ez da onargarria, sekula Euskararen Mahaira azaldu ez diren pertsona batzuk herriaren eta komunikabideen aurrean agertzea Euskararen Mahaiko kide direla esanez. Sekula Euskararen Mahaian parte hartu ez duten pertsona batzuk "herritarren parte hartzea sustatzeko" eskaria egitea Kafkaren liburuetatik ateratako pasartea dirudi. Hiruko gobernua indarrean egon den garaian ez zen jende gehiago etortzen bileretara. Are gehiago, noiz edo noiz bilera suspenditu beharra ere egon zen, jenderik ez zegoelako.
  2. - Azken 10 urteotan Azpeitian pauso asko eta handiak eman dira euskarak aurrera egin dezan. Egindakoa begi bistakoa da eta lortutako emaitzak ukaezinak dira. Atzerapausorik izan ez denean, kanpoko erakundeek Euskal Herriko udalen artean hizkuntza politikarik egokiena Azpeitian egiten ari garela aitortu digutenean, zertara dator esatea "ez dugu atzerapausorik onartuko". Horrelako baieztapenek helburu bakarra daukate: udal-gobernua herritarren aurrean susmopean jartzea.
  3. - Azpeitiko enpresetan euskara sustatzeko planteamendua inolako azalpenik eman gabe aldatzea leporatu diote udal-gobernu honi eta hori gezurra da. Azalpen zabal-sakonak eman ziren martxoan egin zen Euskararen Mahaian (aktan jasota daude) eta han inork ez zuen txintik atera, han ez zuen inork eragozpenik azaldu. Ondoren, apirileko Azpeitian Zer? aldizkarian herritarrak jarri ziren jakinaren gainean eta, azkenik, maiatzeko Euskararen Mahaian martxoan emandako azalpenak zehaztu ziren eta Udaleko Euskara Batzordean aho batez onartu zen 2009ko lan-egutegia. Gardentasun handiagorik ba ote da?
  4. - 2009an kanpoko zerbitzu enpresa bat kontratatu beharrean (2008an hala zegoen), langile bat hartu dugu Euskara Patronatuan herriko enpresetan euskara normalizatzeko ELEGUNE egitasmoa aurrera eramateko. Azpeitiko enpresetan euskara normalizatzeko egin dugun planteamendu horrekin Azpeitiko herriari 85.000 euro aurreztu dizkiogu eta Azpeitiko enpresek ez dute dirurik ordaindu beharrik izango. Gainera, iazko enpresez gain, beste 12 enpresa gehiagori emango zaie zerbitzua aurten Euskara Patronatutik. Planteamendu honetan non dago atzerapausoa? Udalak ipintzen duen dirua enpresen planean ez da "gastatu" egiten, "inbertitu" baizik, Udalak beste esparru batzuetan egiten duen moduan. Hau da, kultur, kirol, hezkuntza, merkataritza-elkarte... arloko taldeei subentzioak ematen bazaizkie, enpresekin egiten dugunari ere betaurreko berekin begiratu diezaiogun. Merkatari, tabernari, lanbide liberalei... materiala eta baliabideak doan ematea ondo dago. Enpresei zergatik ez? Guk ere ez dugu onartuko atzerapauso gehiagorik euskara enpresa munduan sartzeko egitasmoan.

Oraingoan ere, prentsaren aurrean eta herriaren aurrean azaldu diren pertsona horiei berdin-berdin zitzaien egindako planteamenduak egokiak edo ez hain egokiak ote diren, izan ere, oraingoan ere sakon-sakonean helburu bakarra baitzegoen: udal-gobernua makil guztien zahagi bihurtzea.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia MikelArregi | 2009-06-18 : 18:06

Pare bat kontu, Ana Mendizabali:
Zuk ondo dakizunez, prentsaurrean agertu ginen gehienak azkenengo urteetan Euskara Mahaian lan eskerga egindakoak gara. Izan ere, zure lehenengo puntua irakurrita, badirudi mahaian zeuden horietako inor ez dela sekula joan. Errealitatea desitxuratu nahian? Hori horrela izanda, bestela ere, ez dakit zer dela eta ez den onargarria Euskara Mahaira inoiz azaldu ez den euskalgintzako kideren bat prentsaurrean agertzea parte-hartzearen aldeko mezua zabalduz. Eta Kafka aipatu duzunez, bere liburuetatik ondorio asko atera daitezke, besteak beste gizarte autoritario eta burokratikoaren kritika. Eta barka, baina bileretara jende asko joan ala ez, hori ez da parte-hartzearen oinarria. Jende asko joatea, bilera horiek eraginkorrak eta aberasgarriak izatearen ondorioa beharko luke. Eta hor guztiok dugu zeregin latza.
Horrez gain, prentsaurrean nork esan du azken 10 urteotan pausorik ez dela eman? Eman dira, noski. Eta pauso horietako bat da ondokoa: lehenengo egitasmoak guztion artean eztabaidatu eta ondoren horren baitako aurrekontuak egin. Izan ere, gezurra badirudi ere, urtetan alderantziz egin izan da: onartutako aurrekontuen gainean, eta egitasmoak ondo hasita eman ohi ziren eztabaidak, dagoeneko Kudeaketa-Urte erdia pasata zegoenean. Parte-hartzea bultzatzeko oinarri ahula du metodo horrek.
Eta enpresei dagokion gai hori dela eta: agian erabaki duzuena egokia da. Ez dakit. Baina prentsaurrean kritikatu duguna ez da erabakia izan, erabakia hartzeko modua baizik. Are gehiago, ez al da egia zuk zeuk maiatzeko Euskara Mahaian onartu zenuela prozedura ez zela egokia izan? Ez al da egia barkamena eskatu zenuela? Horretan ados egongo garelakoan, ia guztion artean lortzen dugun Euskara Mahaia benetan erabakigunea eta parte-hartzailea izatea.

Erabiltzailearen aurpegia nekane | 2009-06-18 : 21:06

Ana Mendizabali:
Zuk zeuk egindakoagatik barkamena eskatu ta orain hau?
Zertara dator tonu erasokor hori?

Erabiltzailearen aurpegia axun | 2009-06-19 : 10:06

Ana, zure iritzi artikuluari jarri diozun titularraren inguruan hausnartu beharko zenukeela iruditzen zait. Zergatik ote da udal-gobernua makil guztien zahagia?
Gauzak oker egiten ari zaretelako agian?

Erabiltzailearen aurpegia argoila | 2009-06-19 : 12:06

euskara batzordean, euskara patronatoan...inon planteatu gabe zeuk aurreko udal gobernuaren plan guztia zuri musu puntan jarri eta dena aldatu duzu. Komentatu zidatenez euskara mahaian errua onartu eta barkamena eskatu zenuen. Eta orain zertara dator hau? Gauza bakar bat.Humildade piskat.Horrelako gauzetan ikusten da bakoitzaren klase politikue.Eta zurie ez asko,ez gutxi.Batez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa