Itxaropena ez galtzeko borroka

Uztarria.eus 2009ko eka. 25a, 12:06
Atzo (asteazkena) aurkeztu zuten filma, Esklabetan.

Mikel Rueda zuzendari bilbotarra Izarren argia euskarazko filma grabatzen ari da Esklabetan

Saturraranen emakumeentzat sortutako espetxean girotuta dago

Kontatua izan ez den Euskal Herriko pasarte historiko bat argira ateratzeko helburuarekin, ekainaren 22an hasi zen grabatzen Mikel Rueda zuzendari bilbotarra Izarren argia euskarazko filma Azpeitiko Esklabetan.

Espainiako gerrate zibilean Saturrarango (Gipuzkoa) kartzelan emakumeen egoera nolakoa zen kontatzen du filmak. Bertatik milaka emakume pasa ziren, asko beren seme alabekin, eta bizipen lazgarri askoren protagonista izan ziren. Najera Vallejo doktore eta psikiatraren teorietan oinarrituta, 57 haur beraien amengadik bananduak izan ziren eta adopzioan eskainiak errejimen frankintaren lagun ziren familiei. "Espainiako gerra zibilaren inguruan egin diren lanen artean, Izarren argia da emakumeen ikuspegitik egin den lehena", adierazi du Edu Barinaga Baleuko ekoiztetxeko ordezkariak.

Emakume izateagatik eta gizarte justu eta aske baten alde borrokatzeagatik espetxearekin ordaindu behar izan zuten beraien kompromezua. Rueda zuzendariaren arabera, "itxaropenez betetako istorioa da. Kartzelako emakumeek guztia galdu zuten, baina itxaropenari esker tinko jarraitu zuten euren semeak berreskuratzeko".

Emakumeak protagonistak

Aktore talde zabala egiten ari da Izarren argia eta guztiek adierazi dutenez, liluratuta geratu ziren gidoia irakurri zutenean. Barbara Goenaga da filmeko protagonista eta errodaje nola doan galdetuta, "oso gorrora" izaten ari dela dio: "Bi egun daramazkigu grabatzen eta dagoeneko konturatu gara oso film gogorra dela; kontzentrazio asko eskatzen du emakume horietan sartzea. Oso zaila izango da emakume haiek egoera krudel horretan sentitu zutena sentitzea".

Sei astetan grabatuko dute filma, Azpeitian, Hondarribian eta Artikutzan. Zuzendariak adierazi duenez, Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute.

Filmaketako argazkiak ikusteko klikatu hemen