EAJk aitortu du "Udalaren kudeaketan arazo larriak" daudela, baina ez du jarrera aldatuko

Uztarria.eus 2009ko eka. 27a, 14:06

Jeltzaleen herriko zuzendaritzak dio oposizioak "Azpeitia paralizatzeko eta EAJ barregarri uzteko" estrategia duela

Legealdia bukatu arteko bi urteak "zailak eta korapilotsuak" izango direla iragarri du

EAJ-PNVren Uri Buru Batzarraren agiria osorik, albistean

EAJko herriko zuzendaritzak aitortu du "Udalaren kudeaketan arazo larriak" daudela, "eta nahasmendua herritarren artean", baina jakinarazi du orain arteko "jarrera tinko eta kontsekuentea" izango duela legealdia bukatu arte. Alderdi jeltzalea alkatetzan dagoen arren, gutxiengoan dago Udalean, eta oraintsu, adibidez, oposizioaren udal aurrekontuak onartu dituzte.

Hain zuzen, oraintxe bete da legealdiaren erdia, eta jeltzaleek gaur (larunbata) hedabideen artean banatutako agiriak dio hurrengo bi urteak "zailak eta korapilotsuak" izango direla, "irtenbidea erraza" dela iruditzen bazaie ere.

Ohi bezala, ezker abertzaleari, EAri eta Aralarri leporatu die egoera, joan den urtarrilaren 17az geroztik oposizioan daudenetik ere "bat eginda" daudelako EAJren ustez, "udal gobernu berria blokeatzeko eta eraisteko. Estrategia garbi bat dago: Azpeitia paralizatzea eta EAJ barregarri uztea".

Urtarrilaren 17 hartan Iñaki Errazkin alkatearen aurkako zentsura mozioa aurrera atera zuen EAJk, EAko zinegotzi baten babesarekin, eta "buru normal batentzat erabat ulertezina dena gertatu zen Azpeitian. Izan ere, mozioa aurrera ateratzeko aukera eman zuen zinegotziak berak, bere botoaren aurkako jarrera hartu zuen, bat eginez bere alderdiko kidearekin, EAE-ANV eta Aralarrekin".

EAJk berretsi egin ditu zentsura mozioa aurkezteko arrazoi eta argumentuak. "Herri honen duintasuna gorde nahi izan genuen, Inazio Uria azpeitiarraren hilketa kondenatzeko balorerik eta jarrerarik izan ez zutenak kenduz alkatetzatik".

Azpeitiko EAJren agiria

Gaur berriro egingo genuke

"Azpeitiko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarrak berretsi egiten du duintasun arrazoiengatik Zentsura Mozioa sartu izana.

Azpeitiko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarrak, berriro ere, indarkeria gaitzetsi egiten du eta bizitzeko eskubidea eta ideien pluraltasunari errespetua defenditzen ditu, eta bide batez, une hauetan berretsi egiten ditu joan den urtarrilaren 17an EAJ-PNV zentsura mozioa aurkeztera eraman zuten arrazoi eta argumentuak.

Herri honen duintasuna gorde nahi izan genuen, Inaxio Uria azpeitiarraren hilketa kondenatzeko balorerik eta jarrerarik izan ez zutenak kenduz alkatetzatik. Gure mozioak EAko zinegotzietako baten babesa izan zuen, eta hori aski izan zen tramitea betetzeko. Baina gero oposizioko hiru alderdiek –EA barne– berriro ere bat egin zuten, hiruren artean, sortu berria zen udal-gobernu berria blokeatzeko eta eraisteko, eta horrela gaur arte...

Oposizioak sortu digun dezepzioa

Buru normal batentzat erabat ulertezina dena gertatu zen Azpeitian. Izan ere, mozioa aurrera ateratzeko aukera eman zuen zinegotziak berak, bere botuaren aurkako jarrera hartu zuen, bat eginez bere alderdiko kidearekin, EAE eta Aralarrekin, EAJ-PNVren aurka, alderdi honi eman zionean EAE-ANVko alkatea kentzeko botoa. Une horretatik aurrera, EAJ-PNVren udal-gobernuaren aurkako blokeoa areagotu egin da eta Azpeitiaren garapenerako eta herritarren elkarbizitzarako garrantzi handi-handikoak diren hainbat arazo, irtenbide erraza luketenak, bat-batean konpondu ezineko arazo bihurtu dira, oposizioan dauden hiru alderdien eskutik.

Jarrera faltsuak salatzen ditugu

Ez digute balio Inaxio Uriaren hilketaren ondoreneko uneetan oposizioko hainbat zinegotzik erakutsitako jarrera hutsalak, ezta une haietan bizi genuen tentsio handiko egoera hartatik irteteko EAko zinegotzi batek emandako botoak ere.

Lehenengo unetik EAJ-PNVk erakutsi zuen jarrera tinko eta kontsekuenteak bakarrik balio digu, eta jarrera hori mantenduko dugu, tinko, legealdiaren amaierara arte, bizitzeko eskubidearen eta duintasunaren alde egindako gure defentsa garesti ordaindu beharko badugu ere.

Hau da EAJ-PNVren diagnosia

Udalaren kudeaketan arazo larriak daude, eta nahasmendua herritarren artean. Oposizioan dauden alderdien aldetik estrategia garbi bat dago: Azpeitia paralizatzea eta EAJ-PNV barregarri uztea. Egunero-egunero somatzen eta jasaten dugu hori. Beren asmoetan bi aukera egon daitezke: Azpeitia paralizatzea zentsura mozio bat aurkezteko beren alde, edota Azpeitiaren paralizazioa beren trofeo nagusi moduan aurkeztea, EAJ-PNV jarriz biktima moduan, 2011ko udal hauteskundeen kanpainarako...

Gure erabakiari tinko eutsiko diogu

Gauzak horrela baldin badaude ere, Azpeitiko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarrak berretsi egiten ditu aurkeztu zuen mozioaren oinarrian zeuden jokabide humanista eta etikoak, eta samintasunez bada ere, baina tinkotasunez, derrigorrez onartu beharrean da gaur eguneko egoeratik sor daitezkeen ondorio politiko larriak. Atzerapena da herria aurrera eramateko planetan, baina Azpeitiko herriari itzuli egiten dio merezi duen duintasuna.

Baikor gara etorkizunaren aurrean

Bi urte zail eta korapilotsuak ditugu aurrean, legealdia amaitu arte. Erraza izan behar lukeena, badakigu korapilotsua izango dela, orain baino zailagoa gainera. Historiak eskatuko dizkie erantzukizunak dagozkienei, galdutako denboragatik eta Azpeitiko herriari eta herritarrei sortutako sufrimenduagatik... Gure aldetik, gure erantzukizuna hartzea bakarrik dagokigu, urtearen haseran aurkeztu genuen zentsura mozioa berrestea eta ahal dugun guztia eta gehiago emango dugula hitz ematea publikoki, bide batez Azpeitiko herritarrei ulertzeko eta laguntza emateko eskatuz".