Bidezko mundu baten alde

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 26a, 12:10
Erosleek harrera ona egin zioten joan den larunbateko azokari / OLATZ PRAT

Azpeitiko Misio Taldeak Bidezko Merkataritza azoka jarri zuen pasa den larunbatean

Bidezko merkataritza, ekoizleen lan baldintza duinen aldekoa eta bitartekaririk gabekoa da

Bidezko merkataritza ohiko merkataritzaren alternatiba bat da. Irizpide ekonomikoez gain, irizpide etikoak ere kontuan izaten dituen merkataritza mota da. Funtsean, garapen bidean dauden herrialdeetako produktuak saltzen dituzte, beti ere, ekoizleen eskubideak eta duintasuna bermatuz.

Azpeitiko Misio Taldeak atzo herritarren eskura jarri zituzten produktu hauek, Bidezko Merkataritzako azoka ipini baitzuten udaletxeko arkupetan. Saltzeaz gain, sentsibilizatzeko modu bat ere badela iruditzen zaie, jendeari pentsarazteko, ohiko eta bidezko merkataritzen arteko desberdintasunak ezagutaraziz.

Zuzenean ekoizlearentzat

Bidezko merkataritzaren helburu nagusia herrialde pobretuetatik ekartzen diren produktuak saltzea da, baina, hango nekazariek eta produktu horien ekoizleek bizimodu duin bat dutela bermatuz. Misio Taldek kide Mikel Odriozolak adierazi duenez, "guk uste dugu ohiko merkataritzak asko esplotatzen duela hirugarren munduko nekazal jendea eta hori ekiditeko bide bezala ikusten dugu bidezko merkataritza". Bitartekariak ahal den neurrian kentzea eta erosleak ordaintzen duenaren ahalik eta zatirik handiena ekoizleari ematea dira euren ildo nagusiak.

Misio Taldeko Edurne Arrutik dioenez, "normalean kooperatibatan osatuta egoten dira. Latinoamerikan ekoizten dute, edo bestela, Europan jarrita dituzten egoitzetan, euren jatorrizko lurraldetik generoa ekarrita". Europan eta Espainiako Estatuan produktu horiek banatzen dituen talde bat dago eta haren bitartez dendetara iristen dira produktuak. "Jasotako diruaren zati handiena iristen zaie, garraio kostuak kentzen zaizkio soilik", dio Arrutik.

Ekoizle txikiek bidezkoa duten irabazia jasotzen dute eta, horri esker, beren bizi baldintzak hobetu ditzakete. Gainera, ekoizleek dirua aurrez jasotzeko eskubidea dute, ekoizten jarraitu ahal izateko eta beharrezko makinetan inbertitu ahal izateko.

Baldintzak bete behar

Bidezko merkataritzak mugitzen dituen produktu gehienak Latinoamerikakoak dira, nahiz eta Indiako edo Thailandiako produktuak ere saltzen dituzten. Produktu motei dakokionenan, kakaoa eta eratorriak, kafeak, gailetak, eztia, arroza eta infusioak dira nagusi.

Bidezko merkataritzan parte hartu ahal izateko, produktuek eta euren ekoizpenak baldintza batzuk bete behar dituzte. Baldintza horietako bat da ingurugiroa errespetatzea. Horregatik nekazaritza biologikoko produktuak dira ia guztiak.

Bestalde, ekoizpen eta merkataritza mota honek langileen lan baldintza duinak eta giza eskubideak errespetatzen ditu; haurren lana salatzen dute eta emakumeen berdintasuna eta duintasuna errespetatzea dute helburu.

Banaketako desadostasunak

Denda bereziak daude bidezko merkataritzako produktuak saltzeko. Banatzaileek denda berezi horietara banatzen dituzte produktuak baina baita ohiko dendetara ere. Arrutiren arabera, "hor bi iritzi desberdin daude, batzuek diote merkatal gune handietara ere zabaldu behar direla produktu hauek eta beste batzuk diote kontraesankorra dela horrelako dendetan bidezko merkataritzako produktuak saltzea, denda horiek beste merkatu politika batzuk jarraitzen dituztelako eta produktu hauek euren irudia zuritzeko erabil ditzaketelako".

Kitzin deitzen da Gipuzkoako Bidezko Merkataritza denda eta bi egoitza ditu, bat Donostian eta bestea Zarautzen, Santa Marina Kalean. Kaleko azoketan ez ezik, denda hauetan urte guztian zehar eros daitezke Bidezko Merkataritzako produktuak.

Kontsumo arduratsua sustatu nahi dute, gizartea ohartu dadin "eguneroko erosketak egiten dituztenean eroslearen esku dagoela berdintasunean oinarritutako mundu solidarioagoa eta bidezkoagoa eraikitzea".

Misio taldearen lana

Hasieran Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Egunaren inguruan jartzen zuen azoka Azpeitiko Misio Taldeak, baina, zuen arrakasta eta salmentak ikusita, duela urte batzuez geroztik, urtean hiru edo lau azoka jartzen ditu. Hamabi lagun dabiltza bertan boluntario lanetan. Gabonetan denda jartzen dute eta, bertan, Bidezko Merkataritzako produktuez gain, hirugarren munduko artisautza lanak ere jartzen dituzte salgai.