Bihartik igandera, belarrientzako gozagarri izango da Triku Festie '09

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 28a, 10:10
Triku Festako kontzertuak hartzeko bereziki prestatu dute Matadeixe antolatzaileek

IX.Triku Festako kontzertuak bihar hasiko dira Azkoitiko Matadeixen

Areto itxiko kontzertuak Azkoitiko Matadexen izango dira eta kaleko ikuskizunak, berriz, Azpeitian

Dena prest dago jada Triku Festie ´09ko lehen musika doinuei ongietorria egiteko; ordu batzuk besterik ez, hilabeteetako lanaren fruitua biltzen hasteko. Bihar hasiko da 2000. urtetik hona garrantzian eta kalitatean etengabe hazten joan den musika jaialdia.

Orain arte Azpeitian egin da jaialdia. Herriko tabernetan hasi zen, eta 2004. urtean herriko plazan ipinitako karpa izan zen Trikuen bilgune. Aurten, baina, azpiegitura egokien faltagatik Azkoitiko Matadexen egingo dituzte areto itxirako prestatuta zituzten kontzertuak. Kaleko ekitaldiak, berriz, Azpeitian egingo dituzte.

Mundu osoko musikariak

Azken urteotan bezala, aurten ere mundu osoko musikariak ekarriko dituzte eskualdera. Musika berezia eskainiko dute guztiek ere; ezohiko emanaldiak izango dira.

Atzerritik datozenen artean, Kira-Kira Islandiako musikaria dago. Instrumentu analogiko eta digitalekin atmosferak sortuko ditu bihar. Bestalde, Damo Suziki japoniarrak, 70. hamarkadako krast-rockaren aitzindariak, Za talde kataluniarrarekin batera inprobisazio saioa eskainiko du etzi.

Igandean ariko dira beste bi talde atzerritarrak. Erresuma Batuko Bronnt Kapital Industriesek musika elektronikoa eta proiekzioak bateratuko ditu eta, ondoren, Zu talde italiarra ariko da. "Baxuaz, bateriaz eta saxofoiaz osatutako hirukoteak zuzeneko ikusgarria" duela aurreratu dute antolatzaileek. Free jazza eta hardcorea beste hainbat musika estilorekin bateratzen dute.

Espainian maila handia duten proposamenekin dator aurten Triku Festie.Viaje a 800 Algeciraseko (Andaluzia) taldea da horietako bat, "estatuko stoner eta psicodelia arloan talderik interesgarrienetakoa", musika ekimeneko antolatzaileen iritziz. Roberto Sanchez kantabriarrak Jamaikako doinuak nahastuko ditu. Bestalde, Kataluniako musika ere izango da. Bartzelonako Nisei taldeak "zuzeneko indartsua" eskainiko du post-rocka eta hardcorea nahastuz.

Nabarmentzekoa da Triku Festie irekiko duen film dokumentalaren proiekzioa, Sonar Ciudades deiturikoa. Llorenç Barber konposatzaileari buruzko dokumentala da, eta kanpaientzako konposatutako abestiekin hiriak soinuz janzteko duen abilezia bitxia ikusi ahal izango da.

Euskal Herriko talde ugari

Kanpotarrak ez ezik, bertakoak ere ariko dira entzuleen gozamenerako instrumentuak astintzen. Takumah talde donostiarrak reggae soinuak ekarriko ditu; Moby Dick bizkaitarra country amerikarrarekin eta irudimenak sortzen dion edozein musika estilorekin jolasean ariko da kalean emango duen saio inprobisatuan. Ortophonk gasteiztarrek, aldiz, funky eta soul beltzak ekarriko dituzte. Azpeitiako ordezkaririk ere egongo da, m taldea, hain zuzen ere.

Bestalde, Maite Arroitajauregi txelista eibartarrak Mursego proiektua dakarki. Emakume-orkestra bihurtuko da oholtza gainean.

Musika eta beste

Matadexen ez da faltako eztarriak freskatzeko edaririk, barra zabalik izango baita. Gainera, diskoak (fisikoak eta digitalak) erosteko aukera egongo da horretarako jarriko duten dendan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten lehen aldiz, euro bateko sarrera sinbolikoa ordaindu beharko da Matadeiko kontzertuak ikusteko. Prestatu belarriak eta prestatu gorputza, hemen da Triku Festie `09.

TRIKU FESTIE '09KO EGITARAUA

Matadeixen (Azkoitia)

Urriak 29, bihar. 21:00etatik aurrera.

-Sonar Ciudades(Euskal Herria)

-Kira Kira (Islandia)

Urriak 30, etzi. 22:00etan hasita.

-M (Azpeitia)

-Damo Suzuki + Za (Japonia)

-Viaje a 800 (Espainia)

Urriak 31, larunbata. 22:30ean hasita.

-Tacumah (Euskal Herria)

-Nisei (Katalunia)

-Ortophonk (Euskal Herria)

Azaroak 1, igandea. 19:00etan hasita.

-Mursego (Euskal Herria)

-Bronnt Kapital Industries (Erresuma Batua)

-Zu (Italia)

Azpeitian

Urriak 29, bihar. 17:00etatik 19:00etara, udaletxeko arkupetan: Umeentzako soinu tailerra eskainiko dute

Urriak 30, etzi. Kontzertu sorpresa, herriko kaleetan: Moby Dick (EuskalHerria).

Urriak 31, larunbata. Kontzertu sorpresa, herriko kaleetan: Roberto Sanchez (Espainia)

Azaroak 1, igandea. Kontzertu sorpresa izango da herriko kaleetan zehar: TF_09_Live_Stream