Soreasu kulturguneko auditorioa 2011ko udaberrian bukatuko dute

Urola Kostako Hitza | Kultura | Artikulua
2009-10-28 09:10

Eraikinaren barruko azpiegituren inguruko lanak kontratatzeko espedientea onartu du Udalak

Oposizioko alderdien ustez, Soreasuko auditorioa ez da herriko lehentasun nagusia

Soreasu kulturguneko lanak.  Argazki originala

Joan den ostegunean "Soreasuko Gizarte eta Kultura eraikuntzaren bigarren fasea kontratatzeko espedientea onartzea (auditorioa egokitzea)" onartu zuten, ezohiko udalbatzarrean. EAJren aldeko botoekin eta oposiziokoen (hautetsi independentistak, EA eta Aralar) abstentzioarekin onartuta gelditu zen puntu hori. Era honetan, proiektuaren bigarren fasea, hau da, eraikinaren barruko azpiegiturak egiteko proiektua, martxan jarriko du Udalak, Julian Eizmendi alkatearen (EAJ) esanetan, auditorioko lanak 2011ko udaberrian bukatuko dituztela aurreikusi dute.

EAJkoen esanetan, proiektuaren bigarren fasea eginda, Azpeitiak zinea eta antzokia izango ditu: "14.500 biztanleko herri batek behar du zinea, eta gure herriak antzerkirako duen tradizioa kontuan hartuta, antzokia ere oso garrantzitsua da". Mementoz, Soreasuko kulturgunearen kanpoko aldeko egitura guztia da eginda dagoena.

Soreasuko bigarren faseko lanak 3.200.000 euro pasatxo kostatuko dira. Kopuru horren %72 Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxak emandako laguntzaren bidez finantzatuko dute. Gainontzekoa, %28, Azpeitiko Udalak jarriko du: hiru urtean, urteko 300.000 euro bideratuko ditu Udalak Soreasura.

Soreasuko kulturguneak alde zaharra "suspertzeko" balioko duela adierazi du EAJk: "Alde zaharra eraberritzearekin batera, bertan lur azpiko 270 aparkaleku egingo ditugu, eta kulturgune integral bat sortuko dugu. Han 28 talderentzako gunea egongo da". Lur azpiko aparkalekuak bi pisu ditu: lehen solairukoak txandakako jabetzakoak izango dira eta bigarrenekoak saldu egingo ditu Udalak.

Lehentasunak eta presazkoak

Oposizioko alderdien ustez, ordea, Soreasuko auditorioa ez da herriko lehentasun nagusia. Horregatik, abstenitu egin ziren Soreasuko bigarren faseko lanak onartzeko orduan. Euren jarrera IƱaki Errazkin hautetsi independentistak azaldu zuen: "Soreasuko auditorioak baino lehentasun edo presa gehiago dutenak badira. Esaterako, San Martin Egoitzako laugarren solairuko proiektua 2008tik eginda dago. Egitasmo horrekin, hamar lagun gehiago hartzeko tokia egiten dugu. Soreasurako diru laguntzak tarteko, 2011rako hamar toki horiek emateko prest azaldu da Gipuzkoako Foru Aldundia, baina lan horien inbertsioetarako dirurik ez duela emango esan du Aldundiak".

San Martin Egoitzan hamar toki gehiago izateko aukera hori eman dutelako eta Soreasurako beste erakundeetatik emango duten diru laguntzei bidea egiteko, oposiziokoek "oztopo ez" direla izango esan dute. Horregatik, Udalean gai horren inguruko bozketan abstenitu egin dira.

Aralarreko Juan Karlos Arellano zinegotziaren iritziz, "krisi garaiotan Gipuzkoa Aurrerak Soreasu bezalako azpiegitura handi bat bultzatzea desproportzionala da. Oztoporik ez dugu jarriko, baina kritikoak izan behar dugu".

San Martingo laugarren solairuko kontuaren inguruan Azpeitiko EAJren udal taldeak "garbi" utzi nahi izan du, solairu hori egoki prestatzea ere badela euren helburua: "Gizarte Zerbitzuen arloa gure helburua izan da, eta hala izaten jarraituko du". Julian Eizmendi alkateak azaldu duenez, San Martin egoitzako laugarren solairuko lanak datorren uda amaierarako bukatua izatea espero dute: "Lan horiek sei edo zazpi hilabete inguru iraungo dute".

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Nora | 2009-10-28 : 20:10

Eta ez al dute esan behar noiz eman behar dituzten Soreasu azpiko garajeak?? Azkenengo berriak 2008.ko irailekoak dira. Orduan, urte bukaerarako aukeraketa egingo zela esan zuten eta urte bete pasa ondoren ezertxo ere ez... Errespetu falta izugarria iruditzen zait informaziorik ez izatea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa