Babarrunari eskainitako azoka berezia izango da ostiralekoa

Uztarria.eus 2009ko urr. 28a, 18:10

Babarrun mota ezberdinen erakusketa eta bideo emanaldia egingo dituzte, besteak beste, Azoka plazan

Erosleen artean otarrea ere zozkatuko dute

Ostiral arratsaldeko azoka berezia izango da aste honetan ere. Etzi, urriak 30, babarruna bihurtuko da azokako protagonista. Babarrunari eskainiko diote ostiraleko azoka eta hainbat ekintza antolatu dituzte, Azoka plazan garatuko direnak.

Ostiralero bezala, 17:30etik 20:30era egingo da azoka. Tarte horretan Azoka plazara inguratzen direnek, asteroko salmenta postuez gain, ekintza berezietan parte hartzeko aukera izango dute. Batetik, arratsalde osoan, hemen ekoizten diren babarrun mota ezberdinen erakusketa egongo da ikusgai. 18:00etan, berriz, babarrunaren ekoizpenaren inguruko bideo bat emango dute. Babarrunaren inguruko aldizkariak eta eskuorriak ere banatuko dituzte.

Eta, azkenik, erosleen artean zozketatuko duten otarrea ere azoka bereziarekin lotura duena izango da: babarrun eta azaz betetako otarre bat zozketatuko dute.