Estatuko Abokatutzak presoen eskubideen aldeko plazako panelaren aurkako helegitea auzkeztu du

Uztarria.eus 2009ko urr. 30a, 12:10
Azpeitiko plazan presoen eskubideen alde dagoen panela.

Azpeitiko Udalak 2009ko uztailaren 2an onartu zuen mozioa

Mozio horretan euskal preso politikoen eskubideak bermatzea aldarrikatu zen

Azpeitiko Udalak 2009ko uztailaren 2an onartu zuen mozioari helegitea aurkeztu dio Estatuko Abokatutzak. Onartu zuten mozioan Azpeitiko Udalak euskal preso politikoen eskubideak bermatzea aldarrikatzen zuen; gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak aske uztea, biziarteko zigorrarekin amaitzea eta euskal presoak Euskal Herriratzea.

Aldarrikapen hauez gain konpromiso bat hartu zuen udalak. Euskal Presoak Euskal Herrira leloa zuen panel bat jartzea herriko plazan, Udalaren irudiarekin batera. Mozioaren bozketan ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko hautetsiak alde agertu ziren eta mozioa aurrera atera zen. Ondorioz, Berdura plazako balkoian jarri zuten panela.

Estatuko Abokatutzak Azpeitiko Udalean onartu zuten mozioari helegitea jarri dio Donostiako Administrazio Auzietako Epaitegian. Mozioa bertan behera utzi eta panela kentzeko eskaera egin dute. Honez gain, helegitearen emaitzak jaso aurretik panela kentzea ere eskatu dute.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:

"Euskal preso politikoen argazkien aurka abian jarri duten jazarpenak oinarrian baditu helburu sakonagoak, argazkien gaia gainditzen dutenak. Euskal preso politikoekiko elkartasun espresio oro ezabatu nahi du espainiar gobernuak, eta horretarako elkartasunak dituen hamaika formak ezabatu nahi dituzte. Argazkien aurkako sorgin ehizarekin batera senideen aurkako jazarpena areagotzen ari dela ikusten ari gara bisitetara bidean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak atxilotuak eta espetxeratuak izaten ari dira e.a. Orain udal batek onartu duen eta oinarrizkoak diren aldarrikapenak biltzen dituen mozioari ere helegitea sartu diote. Hemen dirudienez legezkoa da biziarteko zigorra ezartzea eta minbizia duten presoak espetxean mantentzea. Legezkoa da sakabanaketa, hamabost hilean behin senide bat hiltzen duen arren. Baina Euskal Presoak Euskal Herrira! Idatzia daraman panel bat jartzea delitua da.

Guzti honen atzean Euskal Preso Poltikoen Kolektiboaren aurka ezartzen ari diren muturreko neurriak mantentzeko apustua ikusten dugu. Europan inon ez bezalako espetxe politika ankerra ezartzen zaie euskal preso politikoei, pertsona bezala suntsitu eta kolektibo bezala txikitzeko. Herri honetako sektore oso batekin amaitzeko egin duten apustuaren baitan soilik uler genitzake preso politikoen aurka hartzen ari diren muturreko egoerak. Euskal preso politikoak eskubiderik gabe sujetuak dira, eta beraien eskubideak aldarrikatzea ere zigortua izaten ari da gure herrian.

Amnistiaren Aldeko Mugimendutik euskal preso politikoen eskubideen alde lanean jarraitzeko de egiten dugu, espetxeetan ematen ari diren muturreko egoerak salatu eta elkartasuna espainiar eta frantziar espetxe guztietaraino eramanez".

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 820 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)