Kultur Mahaiak jarri du weba martxan: 'www.lapikue.net'

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 18a, 12:12

Herriko kultur informazioa biltzea du helburu nagusi atari digitalak

Hainbat atal ditu: albisteak, bideoak, argazkiak, elkarrizketak, agenda, inkestak...

Aurtengorako egindako plangintzan komunikazio arloa jarri zuen ardatz nagusietako bezala Azpeitiko Kultur Mahaiak, eta kanpora begira hasi da lehen fruituak ematen, www.lapikue.net webgunea sortu duelako. Duela hiru aste ziren sortzekoak, baina ustekabean arazo teknikoak eduki zituzten eta atzeratu egin dute sorrera.

Kultur Mahaiaren webgunearen helburuetako bat Azpeitiko kultur informazioa biltzea da, eta informazio interesgarria eman eta hedabide plurala izatea. Kultur atariak elkarteei eta norbanakoei euren kultur ekimenak plazaratzeko aukera eskainiko die.

Euskara izango da webgunearen hizkuntza, eta euskara indartu eta sustatuko dute. Horrez gainera, Mahaikoen esanetan, "globalizazioaren aroan, lokalizazioaren baliagarritasuna aldarrikatuko da" atariaren bidez.

Webgunea Kultur Mahaiko Talde Eragileak kudeatuko du, eta irudiari garrantzia emango diote. Hala, bideoak eta argazkiak gehituko dituzte webgunean.

Informazio atalean, albisteak, iritziak, bideoak, argazki bildumak, elkarrizketa digitalak eta hemeroteka ditu. Horretaz gainera, beste atal batzuk ere baditu: agenda, inkesta, datuak, oharrak, Kultur Mahaiko informazioa, kultur dokumentazioa eta argazki zaharrak. Atal horiek osatzen joango dira, eta laster Kultur Mahaiko barne atala sortuko dute. "Atal hori, Kultur Mahaiko kideentzat bakarrik izango da. Helburuak, besteak beste, gune horren bidez ere Udala eta herriko elkarteak koordinatzea eta egutegi bateratua egitea dira". Aurrera begira, irudien eta testuen bidez webgunean zuzeneko emanaldiak egiteko asmoa ere badute.

Kultur Mahaia 2006ko otsailean sortu zen, herriko kultur talde denetako ordezkariek, Udalak eta norbanako batzuk osatuta. Besteak beste, herriko kultur egitaraua antolatzeko eta kultur azpiegituren funtzionamenduari buruz hitz egiteko sortu zuten. Mahaiko Talde Eragilea 2007an sortu zuten.

www.lapikue.net

Informazio atalak:

  • Albistegia: albisteak, iritziak, bideoak, argazki bildumak, elkarrizketa digitalak.
  • Agenda.
  • Besteak: argazki zaharrak, inkesta, datuak, oharrak...

Parte hartzeko aukera. Elkarteek eta herritarrek albisteak, iritziak, bideoak... igotzeko aukera dute, baita iruzkinak egin eta inkestan botoa emateko aukera ere.

Kultur Mahaia. Kultur Mahaiko informazioa ere igo dute webgunera.

Kultur dokumentazioa. Udaleko Kultura Batzordearen informazioa eta kultur azpiegituren berri ematen dute, baita herriko taldeen berri ere.

Zuzeneko emanaldiak. Webgunearen bidez zuzeneko emanaldiak egiteko asmoa dute, irudiekin eta testuekin lagunduta.

Barne dokumentazioa. Atal horretara Kultur Mahaiko kideek sartu ahal izango dute. Hau laster jarriko dute abian, taldeekin egon ondoren.