Joxe Agirre: “Sekula ez da orain bezalako koadrilarik izan, edozein herritan itxurazko saioa egiteko gai”

Garikoitz Goikoetxea (Berria) 2010ko urt. 18a, 17:01

Berria egunkariak Igandea gehigarrian kaleratu du 80 urteko bertsolariari egindako elkarrizketa

"Bertso luzea ona kantatuz gero ona izango da, baina nik entzuteko nahiago dut bost puntukoa"

Iragana eta oraina uztarrian lotzen ditu Joxe Agirrek. Lehengo bertsolaritzaren nostalgia nabari zaio, baina naturaltasunez onartzen ditu aldaketak. Gustura dabil plazan. 81 urte egingo ditu aurten, baina ahal duen bitartean jarraituko du deitzen diotenetan joan eta kantuan, “ezetz esatea ez baita erraza”. ('Berria'-ko Igandea gehigarria –2010/01/17–, Garikoitz Goikoetxea)

Elurra bistan da oraindik Oranda baserriaren inguruan, Izarraitz mendiaren magalean. Fin dabil haizea, eta ez dio inori barkatzen. Eztarriraino sartua dauka Joxe Agirrek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1929). Eztulka dabil azken boladan. Baina mingaina leun du oraindik. Herdoil handirik ez du hizketan, badu etorria. Gozoa du hizketa. Memoria ere arina: ondo gogoan ditu urteetako ibiliak. Badu zer kontatua. Baina ez da lehengo kontu zaharrekin jira eta buelta ibiltzen. Egunerokoak ematen dio zer kontatua, hasi baserritik eta plazaraino. Gaurko bertsolaria baita, laurogei urte pasatxorekin ere plazan dabilena. Deiari ezetz esaten ez baitu ikasi oraindik. Ezta elkarrizketei ere.

Lagun artean tabernan bertsotan aritzean, Joxe Agirrek pentsatuko al zuen inoiz 14.000 lagunen aurrean kantatuko zuenik?

Ez. Orain arte inoiz kantatu gabe nengoen 14.000 lagunen aurrean. Hara txapela ematera joan behar nuela esan zidatenean, pentsatu nuen bertsoren bat edo beste kantatu beharko nuela. Orduantxe sinistu nuen. Olatua bezala ikusten zen dena oholtzatik, dena ziren buruak. Urduri jarri nintzen, baina ez garai batean bezala. Botaka-eta aritzen nintzen lehen, saioak hasi aurretik.

Txapelketa Nagusiko finalean kantatu zenuen, baina zu ez zara txapelketan asko aritu.

Ez, ez naiz asko ibili. Ez dut txapelketarako asko balio. Bestela ere asko ez, eta txapelketarako gutxiago. 1959an, Aginagako afizionatuen txapelketan hartu nuen parte, eta, ez dakit merezita edo merezi gabe, lehen saria eman zidaten. Neuk ez nuen joan nahi, eta lagunek derrigortuta bezala eraman ninduten. Orduantxe hasi nintzen plazetan-eta asko samar ibiltzen. Ordura bitartean, urtean hiru edo lau saio egiten nituen auzo txikietan. Urte hartatik hasi nintzen dezente ibiltzen.

Gero txapelketak utzi zenituen erabat?

Ez. Urte hartan, 1959an, Ordizian ere izan nintzen. Txomin Garmendiak irabazi zuen; nik oso egun txarra eduki nuen. Eibarren ere izan nintzen urte hartan. Lehena eta bigarrena bakarrik izendatu zituzten, eta ez nintzen azaldu. Baina ni oso gustura geratu nintzen egindako lanarekin. Uztapide, Lasarte, Mitxelena, Lizaso... izen handiko koadrila zen. Loiolako irratiaren saria ere eman zidaten. Beste behin, Errege Egun batez, Donostiako Viktoria Eugenian ginen Lazkao Txiki, Garmendia, Koxme Lizaso, Lexoti eta abar. Lexoti geratu zen lehenbiziko, eta ni bigarren. Garmendia eta Lazkao Txiki atzetik geratu ziren.

Poza ematen du halako izen handiko bertsolariak atzean uzteak?

Poza ez du ematen, baina norbera atzetik ibiltzea baino hobe da aurretik geratzea.

Nahiz zu ez aritu, txapelketazalea zara?

Nik neronek txapelketa ez dut gogoko izan, baina badakit beharrezkoa dela. Niri mesede egin zidan lehenengo atera nintzenean. Orain bezalako telebistarik ez zen orduan, eta jendeak ezagutzeko abantaila egin zidan.

BECen aritu ziren bertsolariekin alderatuta, sentitu zenuen zure bertsokera desberdina dela?

Oraingo bertsolariak ere ez dira denak berdinak. Bertso luzeetarako joera ikaragarria dago. Baina lehengo erako bertsolariak orain ere badaude: Aitor Sarriegi bera, adibidez. Bertso luzea ona kantatuz gero, ona izango da, baina nik, entzuteko, nahiago dut bost puntukoa; bestela, hasi eta noiz bukatu behar den ez dakizula geratzeko arriskua dago. Ondo eramanez gero, ondo, baina gu ez gara gai horretarako.

Bertsoa aldatu da. Bertso luzera jotzeko joera aipatu duzu. Bertsolaritzarentzat mesedegarri da hori?

Bakarka kantatzeko, bertso ona eta luzea egiteak badu abantaila. Baina, nire ustez, hori ez da plazan edo tabernan bertsotan jarduteko ohiko bertsokera. Uztapiderekin-eta ibiltzen nintzenean, bost puntutik gorakorik ez genuen kantatzen. Nik uste dut haiek ondo betez gero nahiko bertso badela.

Eibarren jokatutako txapelketan, 1959an, gai-jartzaileak bederatzi puntukoan kantatzeko agindu eta uko egin zenioten, ezta?

Hala da. Nik uste dut ez nuela hitzik atera, gazteena nintzelako artean. Uztapidek-eta esan zuten bederatzi puntukoa ez zela ahotik ahora kantatzeko bertsoa, eta protesta egin zuten. Ez zuten kantatu. Mitxelenak bai, kantatu zuen; baina ez dakit Mitxelenak ere egin behar zuen...

Eskolarik ez zenuten bertsotan ikasteko. Orain, berriz, gehien-gehienak dira eskolan arituak. Alde handia nabaritzen duzu?

Bai, dudarik gabe. Berezkorik ez badu, ez da ona aterako, baina lehen ere denak ez ziren onak. Sekula ez da izan orain bezalako koadrilarik, edozein herritara bidali eta bertsotan itxurazko saioa egiteko gai denik. Jende asko dago orain; hori orain arte ez da izan. Gu bertsotan hasi ginen garaian zenbat ziren? Uztapide, Lasarte, Basarri, Zepai eta Loidisaletxe. Ni geroago hasi nintzen. Tabernetan eta jarduten nuen, baina plazara irteteko beldur handia nuen. Banituen 29 urte plazara irteterako.

Bertsoa aldatu da, bertsolariak ere bai. Eta plaza?

Garai ona da hau: jende asko dabil bertso saioetan. Gu bertsotan hasi ginen garaian, mikrofonorik eta bozgorailurik ez zen izaten. Ni ikusita nago Azpeitian San Tomas egunez bertsolariak udaletxeko balkoitik kantatzen. Eta harrituta nago nola entzuten zen plazatik. Jendea isilik egoten zen oso. Hori gaur egun ez dago egiterik. Bertsolaririk onena jarrita ere ez luke entzunaraziko. Beti izaten da zarata. Garai hartan bertsoa gutxiago entzuten zen gaur baino, eta bertso gose handia zegoen. Lehen, bertsolariak etortzen zirenean Azpeitira, balkoitik saioa eginda jatetxera joatean ere bertsotan aritzen ziren. Han egoten ginen gu lepoa luzatuta. Ohitura hori galduta dago. Saioa egin eta alde egiten du bertsolariak; eta, ahal bada, kobratuta. Uztapide zenak esaten zuen bertsolariak bi poz dituela: bata, abisua jasotakoan —“nitaz akordatu dituk!”—, eta bestea, eguna pasatu eta etxera gutun-azal kozkorrarekin bueltatzean.

Puntutarako famatzen zaitu jendeak. Horretan aritzen zara gustura?

Egia esan, nahiago dut hori, gai bati hiru bertso kantatzea baino. Bakarrik kantatzen naiz txarrena. Nahiago dut hiru edo lau punturi erantzutea, nahiz beti ondo ez erantzun.

Lagunaren babesean hobeto.

Bai. Behin Uztapideri esan nion bakarrik kantatzea dela niretzat lanik txarrena. Beretzat ere hala zela erantzun zidan. Gure ohitura da beti besteak esandakoari erantzutea, eta bakarkakoan bakarrik egin behar izaten da.

Hala ere, bertsopaper batzuk jartzen ere aritua zara.

Garai batean dezenteri jarri nizkien: Laja, Iturbide, Landakanda... Baina aspaldi ez ditut jarri. Umetan, etxean ere izaten ziren bertsopaperak. Hortik sortu zitzaidan bertsotarako afizioa. Ferietan bertsopaperak saltzen aritzen ziren. Erreal pare bat edo balio izaten zuten, eta maiz hori ere falta izaten genuen! Erosi eta etxean aritzen ginen hura irakurtzen.

Aitonak ere bertsopaper batzuk bazituen eginak.

Bai, eta pena handia daukat, galdu egin baitziren. Negu gogorra egin zuen batean ardi mordoxka akabatu omen zitzaion, eta haien gorabeheran hamabi edo hamalau bertso jarriak izan behar zituen, bederatzi puntukoak. Ni gaztea nintzela hil zen aitona, eta azken hiru urteak burutik endredatuta igaro zituen. Inork ez zituen bertsoak ikasi, eta hala galdu ziren. Pena daukat horrekin. Ez daukat diru asko, baina emango nuke pixka bat haiek edukitzeagatik!

Bertso giroa bazen etxean. Lagundu zizuten plazara salto egiten?

Etxean kontra ziren. Orain goizeko lauretan etxera joanda ere inor ez da harrituko, baina garai hartan hamabietatik atzera joatea berandu izaten zen. Gainera, gehienetan zaharrak argi samar egoten dira gauean. Gure ama zena ez zen berriketa asko egiten zuen emakumea, baina esaten zidan: “Bart berandu etorri haiz etxera, izango huen bertsoa eta txorakeria!”. Errietan aritzen zen.

Baina gutun-azalean dirua ikustean poztuko zen...

Uztapide zenarekin Olaberrian kantatu nuen lehendabiziko, eta hari galdetu zioten zenbat zen. “Ehun duro bakoitzak, eta propina libre”, esan zien. Guk dirua izanez gero, amari edo aitari eskura ematen genien, nahiz ez genuen askotan izaten. Hurrengo egunean eman nion ehun durokoa amari, eta esan zidan: “Nahiago nikek egunero joango bahintz!”. Konformatu zen.

Harrobian aritu zinen lanean, eta baserrian lana beti izaten da ziurra. Nola moldatzen zinen bertsotarako denbora ateratzeko?

Ni harrobian ibili nintzen baserritar bezala, eta orduka ordaintzen zidaten. Nagusiaren aldetik sekula ez nuen eduki eragozpenik. Bertsoa gustatzen zitzaion. Esan zidan besteak bezala joaten banintzen sartuko ninduela gizarte segurantzan. Baina nik garai hartan bertsotan diru gehiago irabazten nuen harrobian baino.

Diruaz gain, zer jasotzen duzu plazatik?

Bestela ezagutuko ez nukeen jende asko ezagutu dut, eta ni ere bai besteek. Lagun on asko egin dut bertsoari esker. Oraindik ere ematen dit poza horrek, edozein lekutara joan eta jendeak agurtzeak. Nik ez ditut denak ezagutzen, baina gu bistan ibiltzen garenez, gu ezagutzea erraza da.

Inor handirik gabe plazan aritzea ere tokatu izan zaizu, Bergara aldean...

Aspaldi samarreko kontua da hori... Lazkano eta biok ginen, eta ikaragarri jende gutxi zen plazan. Azpeitiar dotore bat bizi zen han, plazatik gertu. Eta gu han, plazan, kabroiarena jotzen. Balkoira irten zen, baina atea itxi eta barrura joan zen. Handik ondorengo batean, Azpeitian, Lazkanori esan zion bertsoa botatzeko. Eta erantzun zion: “Hik ez duk gure bertsorik merezi. Bergaran ezkutatu egin hintzen, eta ez duk merezi!”.

Kantatu ondoren guardia zibilekin komeriatan ere ibilia zara.

Eta gustura bizkarrekorik hartu ez genuenean! Nik ez nuen denbora asko pasa. Beste Joxe Agirre bat atxilotu zuten nire lekuan. Ni Bizkaian nintzen egun hartan bertsotan, eta Azpeitiko taxi gidari batek esan zidan guardia zibilak atzetik zebiltzala eta Joxe Lizaso eramana zutela. Etxera joan, eta emazteari esan nion guardia zibilengana joango nintzela. Etxe azpian zeuden zain. Antiguako ku-artelera eraman ninduten. Lizun usaineko gela batean sartu ninduten. Eskerrak funtzionario ona tokatu zitzaidan. Hurrengo goizean galdetu zidaten ea nire lagunaren ondora pasa nahi nuen; Joxe Lizaso zen. Haren ezagun bat lagun genuela kapitainarengana eraman gintuzten. Lizasoren ezagun hark kapitainari esan zion Joxe ondo ezagutzen zuela eta gizon ona zela eta ni ere hala izango nintzela. Kapitainak erantzun zion euskaldun denak garela onak, baina gu salatu gintuena ere euskalduna izango zela, guardia zibilek ez dutelako bertsorik ulertzen.

Amezketako saio batengatik sortu zen kontua.

Joxe Mari Otermin genuen gaia jartzen. Itxura denez, udal denetatik norbaitek joan behar zuen egun hartan Bergarara, foruak galdu zireneko urteurrena zelako edo. Amezketatik ez zen inor joan, eta esan zigun hori esan beharra zegoela. Hori esatea izan zen gure oker guztia. Salaketa jarri zuen norbaitek. Guk denbora gutxi pasa genuen. Mendizabalek eta Zeberiok denbora dezente pasa zuten, Amezketan [Espainiako] erregearengatik zerbait esan zutelako.

Itzuli al zara Amezketara berriro?

Bai, bai. Hori izan eta urte mordoxka batera, Bedaion bertsotan nintzen batean, joan zitzaidan gu salatu gintuztenean Amezketako alkate zena; eskua luzatu eta esan zidan berak ez zuela errurik izan. Esan nion ezer ez bazuen egin ez zeukala zertan horrela jarri. Errukituta eman nion eskua. Damutu egin zen, baina egin eta gero. Ez dakizu zer beldur pasa genuen guk. Guardia zibil batek mehatxu egiten zigun sei egun bezala sei urte igaro genitzakeela kartzelan, gizon bat hiltzea baino oker handiagoa egin genuelako agintariengatik gaizki hitz eginda.

Omenaldia egin zizuten 1979an. Zer oroitzapen duzu?

Nire semea mutil koskorra zen artean. Bertsoa prestatuta jarri zioten, eta, negarrez, kantatu gabe geratu zen. Oroitzapen ona dut. Ordura arteko omenaldietan izan zen jende gehien uste dut bazela. Bazkaria Anoetako frontoian izan zen. Angula eta guztiko bazkaria, gainera!

Omenaldiak hastean erretiroa ez da urruti izaten, baina urte mordoxkan segitu duzu zuk. Noiz arte?

Luze ez daukat jarraitzerik. 80 urte eginda nago, eta miraririk ez du inork egiten. Lehen egiten omen ziren, baina orain... Garai bateko laurdena-edo ibiltzen naiz ni orain. Deitzen duenak ere zerbaitengatik deitzen du, eta ezetz esatea ez da erraza izaten. Maiz, esango banu, hobe, seguru asko. Baina ez dakit noiz arte segituko dudan. Ondo ez nagoenean pentsatzen dut: “Hobe nian ezetz esan banio”. Baina gero joan, eta uste baino egun hobea igual pasatzen dut.

Motzean

Joxe Lizaso. Askotan etortzen zait burura; urte asko igaro genituen elkarrekin.

Imanol Lazkano. Lehenengo bertso laguna, ikaragarri lagun ona.

Maialen Lujanbio. Hura lagun hobea, neu ondo banengo!

Amets Arzallus. Oso gustuko dut. Txapela irabaziko du, seguru. Igual nik ez dut ikusiko, baina ziur irabaziko duela.

Andoni Egana. Guk ezagutu dugun onena. Ez txapelketan bakarrik, nonahi ondo kantatzen du. BECen ez zuen egunik onena izan.

Kantatu gabe egon eta gustura kantatuko zenukeena. Jone Uria.

Plaza bat. Ikaragarri gustukoa izan dut Ereñotzukoa.